Koronabirusa hondakin uretan atzemateko proiektu berria martxan jarri berri du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak, hainbat instituziorekin eta elkarterekin elkarlanean. Egitasmoaren buruetako bat da Gorka Orive Farmazia doktorea (Gasteiz, 1976).
SARS-CoV-2 birusa hondakin uretan atzemateko proiektua martxan jarri duzue. Zertan da?
Ur zikinetan birusa neurtzeko egitasmoa da. Gasteizko Krispiña araztegiko hondakin urak aztertzen hasi gara bertan koronabirusa dagoen jakiteko, baita krisialdi honetan herritarrek hartu dituzten sendagaiak eta substantzia toxikoak atzemateko ere, hala nola alkohola eta drogak.
Nola detektatzen da koronabirusa ur zikinetan?
Gorozkiarekin batera isurtzen da birusa, digestio hodian sartu eta ateratzen delako. Birusa duen gorozkia komunetik isurtzen denean, estolderiara iristen da, eta, gero, hondakin uretara. Alemanian, adibidez, koronabirusa ur zikinetan aurkitu zuten aurreneko kasua diagnostikatu baino lehen. Beraz, hemen, udazkenean transmisio komunitario berri bat balego, gu aurreikusteko kapaz izango ginateke hondakin urak aurrez aztertuta. Gasteizko Krispiña araztegitik hartu ditugu laginak, eta horiek aztertzen ari gara orain, egitasmoa lehenbailehen martxan jartzeko. Krispiñan lan egiten duten langileei ohartarazi diegu arretaz ibiltzeko eta euren burua ongi babesteko, birus hori oso arriskutsua delako eta kutsatu egin daitezkeelako.
Zergatik bilakatu da hain hilabete gutxian SARS-Cov-2 birusa pandemia?
Faktore bat baino gehiago dago. Alde batetik, faktore biologikoak edo birologikoak daude: birus horrek gure zeluletan sartzeko gaitasun handia dauka. Bestetik, birusa hazi egiten da gure arnas aparatuaren goiko zatian, eta horrek erraztu egiten du kutsakortasuna, nabarmen. Birusaren dinamika bera ere kezkagarria da: bost-zazpi eguneko inkubazioa dago, eta tarte horretan kutsatzeko gai da. Beste alde batetik, asintomatikoek ere kutsa dezakete, eta izugarrizko transmisio bektorea dira. Eta horri gehitu behar zaio gaixotasuna berez nahiko konplexua dela, arnas aparatuari eta odolari ere eragiten dielako, eta gaur egun tratamendu eraginkorrik ez dagoelako, ezta txertorik ere.
Zer tratamendu ematen ari zaizkie koronabirusagatik ospitalean dauden gaixoei?
Entsegu kliniko batzuk egiten ari dira botika batzuekin, baina ez dago tratamendu eraginkorrik. Hasieran, tratamendu esperimentalak erabiltzen hasi ziren: antibiralak eta erantzun immunologikoarekin zerikusia duten botikak. Antibiralen artean, besteak beste, klorokina eta hidroxiklorokina erabili ziren, baina denborarekin ikusi da horietako batzuk ez direla oso eraginkorrak, eta toxikoak izan daitezkeela. Egun, botika asko erabiltzen ari dira, baina oraindik ez dago tratamendu eraginkor bat.
Sendatutako pertsonen plasmarekin ere zenbait ikerketa egin dira. Zer emaitza izan dute?
Entsegu klinikoa egiten ari dira, eta orain arteko emaitzak nahiko positiboak dira. COVID-19 gaixotasuna izan duen norbaiten odolarekin plasma prestatzen da, odol horretan antigorputzak daudelako, eta plasma hori gaixo bati sartzen zaio. Zergatik? Antigorputz horiek, batzuk behintzat, birusa neutralizatzeko gai direlako. Odol berria jasotzerakoan, birusaren karga murriztu egiten da, eta gaixoaren sintomatologia hobetu egiten da. Hala ere, arretaz hartu behar da tratamendu hori, oso kasu gutxirekin egin baitira probak.
Txertoa noizko egongo den ba al dago jakiterik?
Txertoak ez dira egun batetik bestera lortzen. Medikamentu eta txertoen garapenak hainbat fase ditu, preklinikoak eta klinikoak, eta denbora asko behar dute. Batzuetan, medikamentuek hamar edo hamabost urteko garapena behar izaten dute kaleratzeko. Askotan egiten den galdera da: «Txertoa noiz?». Baina galdera hau egin beharko litzateke: «Lortuko al da?». Denok nahi dugu txertoa lehenbailehen lortzea, baina ez dago jakiterik. GIB birusarekin, esaterako, espero zen bi edo hiru urteren buruan txertoa prest egotea, baina 35 urte igaro dira, eta ez dago txertorik. COVID-19a pandemia bat denez, baina, mundu osoa ari da lanean txertoa bilatzeko. 60-70 txerto prestatzen hasiak dira, batzuk klinikara sartu dira, eta uste dut txertoa aurkitu egingo dela. Gaur egun, zientzia mailako informazioa globala da, eta partekatu egiten da. Mundu mailako osasun eta zientzia adituak ahalegin izugarria egiten ari dira txertoa bilatzeko.
Zer-nolako immunitatea izan dezake gaixotasuna pasatu duen pertsona batek?
Zaila da jakitea. Zientzialariek ez dakite gaixotasuna pasatu ondoren immunizazioa lortzen den; ez dakite immunizazioa zenbatekoa den, ezta zenbat irauten duen eta gaixotasuna pasatu duten guztiek immunizazio berbera izango duten ere. Gainera, asintomatiko baten eta birusak larri kutsatutako beste baten karga birala oso ezberdina izan daiteke, eta baita antigorputz kopurua ere. Zalantza asko daude.
Zeren arabera dago birusak batzuei eta besteei modu ezberdinean erasatea?
Badirudi adin handiagoarekin arriskua ere handiagoa dela, eta heriotza tasa handiagoa dela 70-80 urtetik gorakoetan. Baina horrek ez du esan nahi infekzioen proportzioa justu adin horietan handiagoa denik, 40-65 urte bitartekoak kutsatzen baitira gehien. Beraz, desberdindu egin behar dugu nortzuk hiltzen diren gehien eta nortzuk kutsatzen diren gehien. Sexuen araberako diferentziak ere badira: birusak zeluletara iristeko erabiltzen duen sarbide gehiago dituzte gizonezko helduek, emakumezkoek baino. Haurrek, aldiz, ate gutxiago dituzte. Hala eta guztiz ere, salbuespenak ere egon badaude, eta 3 hilabeteko umeetan ere aurkitu da birusa. Beste arrisku faktore bat bada aurretik bestelako gaixotasunak izatea: tartean, hipertentsioa, diabetesa, bihotz arazoak eta odolarekin lotutako gaixotasunak.
Zerbait ikas daiteke historian izan diren beste pandemietatik? 1918ko gripetik, adibidez, irakaspenik atera daiteke?
Bai, badira baliagarriak diren irakaspenak. Adibidez, maskarak erabiltzearen garrantzia. 1918an uste zuten maskarak jartzea ez zela eraginkorra, ez zekitelako birusa airearen bitartez kutsatzen zela. Uste dut maskarak erabiltzea onuragarria dela, bai kalean eta bai toki itxietan. Oraingoz ez da derrigorrezkoa, baina ikusteko dago aurrerantzean izango den.
Izurriaren bigarren olaturik egon zen 1918an?
Bai, eta bigarren olatua lehenengoa baino gogorragoa izan zen: ondorio latzagoak izan zituen. Horrek ez du esan nahi orain gauza bera gertatuko denik, baina datuak argiak dira: konfinamendutik oso azkar atera ziren herriek, gerora, gehiago sufritu zuten. Beraz, hobe da denbora kritiko bat itxialdian egotea transmisioa guztiz saihesteko, eta gero progresiboki neurriak arintzea. Ongi egin duten beste herrialdeei begiratu behar diegu.
Koronabirusa. Gorka Orive. EHUko Farmazia irakaslea
«Oraindik ez dago tratamendu eraginkorrik»
COVID-19aren aurkako txertoa ez da egun batetik bestera lortuko, baina «izugarrizko ahalegina» egiten ari dira, Gorka Orive irakasleak nabarmendu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu