Jose Antonio Rodriguez Ranz (Andoain, Gipuzkoa, 1960) errektoreordea da Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean, eta, horretaz gain, Hermes aldizkaria zuzentzen du. Bigarren etapan, 2001ean hasi ziren berriro Hermes argitaratzen, Sabino Arana fundazioaren babespean eta Koldo Mediavilla eta Txema Montero zuzendari zituela. Garai hartan ere Rodriguez aldizkariari lotuta egon zen, zuzendaritza kontseiluko kide baitzen, eta 2007an zuzendari izendatu zuten.
Maiztasun finkorik ez duen arren, urtean hiru bat zenbaki argitaratzen ditu Hermes aldizkariak. Azkenak Askatasun nazionalerako nahia du izenburu, eta hurrengoak Eguna euskarazko lehenengo egunkariaren urteurrena izango du hizpide.
Gaur egungo Hermes aldizkariko zuzendariak nola ikusten du duela ehun urteko Hermes hura?
Nazioartean erreferente izan zen kulturaren alorrean, eta, dudarik gabe, [Espainiako] Estatuko aldizkaririk bikainena izan zen bere garaian. Bere ezaugarririk berezkoena izan zen aldizkari irekia izatea eta begirada zabala edukitzea. Euskal abertzaletasunaren unibertsoan kokatzen zen, baina unibertso horren barruan ez zen alderdi baten aldizkari ofiziala; aitzitik, heterodoxo samarra zen.
2007tik aldizkariaren zuzendaria zara.
Ni orduan esperientzia politiko batetik nentorren, eta, hura amaituta, unibertsitatera itzuli nintzen. Bitarte horretan egin zidaten aldizkaria zuzentzeko gonbita.
Gaur egun zein da aldizkariaren xedea?
Hasteko, azpitituluak berak adierazten duen moduan, pentsamendu eta historia aldizkaria da; atzokoaren, gaurkoaren eta biharkoaren uztarketa egiten saiatzen gara. Horrez gain, esango nuke euskaldun gisa kezkatzen gaituzten eta gugan eragina duten gaiez aritzen dela: argitaratu ditugun 55 zenbakiei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu bake prozesua, adiskidetzea, euskara, Europa, gazteen enplegua, emakumeen kontrako indarkeria eta antzeko gaiak jorratu ditugula.
Hermes-en jatorrizko ezaugarriei eusten diezue?
Ni garai hartan zuzendaria ez nintzen arren, uste dut aldizkariaren izena aukeratu zutenean keinu bat egin nahi izan ziotela Hermes historikoari. Lehen esan dut hura abertzaletasunaren esparruan kokatuta baina begirada irekia zuen aldizkaria izan zela, eta gu ere saiatzen gara ezaugarri horiei eusten.
Eta eztabaida politikoa Twitterrek eskaintzen dituen 140 karaktere horietara mugatzen den garaiotan, ba al du zentzurik horrelako aldizkari bat argitaratzeak?
Bi kontuak ez daude kontrajarrita. Oraindik ere, ezinbestekoak dira ideien trukea, gogoeta eta eztabaida; beste kontu bat da horiek euskarri berritan gizarteratzen asmatu behar dugula; beharbada, azken produktua ez da izango oraingoaren moduko paperezko aldizkari bat, baina horren atzean dagoenak, eztabaidak eta gogoetak, jarraitu egingo du etorkizunean ere.
Zein da plazaratu duzuen azken zenbakiaren gai nagusia?
Mendeurrenaren harira, 1917. urtearen garrantzia aztertzeko historiaz diharduten bi artikulu daude, baina, horretan oinarrituta, etorkizunari begirako hausnarketa ere bultzatu nahi genuen, eta horretarako, bi multzo aukeratu ditugu: alde batetik abertzale diren herri agintari gorenak, lehendakari, lehendakari ohi, Batzar Nagusietako presidente, alkate eta abar. Guztiei egin genien proposamena, epeak zirela-eta den-denak agertu ez diren arren.
Bigarren zerrenda ere egin genuen, kolaboratzaileen artean euskal nazioaren inguruan gogoeta egiten dutenak. Gustura gaude emaitzarekin: ideia batzuk errepikatzen dira, baina nork bere ikuspuntua ematen dio, erraz irakurtzen da, eta bere osotasunean gogoetarako bide ematen du.
1917an, euskal nazioari instituzio egitura bat ematea zen abertzaleen kezka nagusia. Ehun urte geroago badirudi hori ez dela aldatu.
Hura abagune berezia zen: Mundu Gerra, euskal kulturaren loraldia, abertzaleak lehenengo aldiz nagusi izatea erakunde batean [Bizkaiko Aldundian] eta abar. Aterki horren pean sortu zen Hermes ere, giro horren isla gisa.
Gizartea ez da gizabanakoen batura soila, gizakiok badugulako dimentsio komunitario bat. Hori horrela den bitartean, naziogintzak bere bidea egingo du, modu desberdinetan bada ere.
Jose Antonio Rodriguez. 'Hermes'-en zuzendaria
«Oraindik ere ezinbestekoak dira gogoeta eta eztabaida»
Orain ehun urte argitaratzen hasi zen agerkari haren espirituari eusten diotela pentsatzen du Rodriguez Ranz gaur egungo zuzendariak; «iragana eta geroa» uztartu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu