Eguneroko bizitza ez da samurra Trebiñun bizi diren herritarrentzat. Banaketa administratiboak arras baldintzatzen die bizimodua, eta, gutxieneko zerbitzuak bermatuta edukita ere, bizitza trabaz beteta daukate. Arabako eta Burgosko diputazioek duela urtebete hitzartutako lankidetza hitzarmenak ez die hobetu, oraingoz, bizi kalitatea. Akordioa garatu gabe dago oraindik, eta, hortaz, zerbitzuak noiz jaso zain daude konderriko herritarrak.
«Ez dugu hobekuntzarik sumatu. Itxaroten ari gara oraindik». Etsita mintzo da Elena Ramirez Trebiñuko alkate eta Trebiñu Araban integratzeko batzordeko burua. Suminduta eta nekatuta. Sentimendu biak dituzte enklabean bizi diren herritarrek ere. «Gogorra da gure egoera. Inork ez gaitu aintzat hartzen. Salduta gaude».
Arabako erdialdean egonagatik, Trebiñu Gaztela eta Leonen (Espainia) administrazioaren esku dago, eta horrek arazo franko sorrarazten dizkie tokiko herritarrei. Zerbitzu guztiak ez dituzte behar bezala jasotzen, administrazioen arteko eskumen gatazka dela medio, eta hitzarmenen bitartez ari zaizkie bermatzen horietako asko. Joan den urtean, Arabako eta Burgosko diputazioak ados jarri ziren Trebiñuko biztanleei zerbitzuak eskaintzeko hamahiru esparrutan. Honako gai hauetan lortu zuten akordioa: gizarte arreta, berdintasun politikak, gazteria, babes zibila eta larrialdiak, komunikazio eta garraio azpiegiturak, neguko bidezaintza planak, ekipamenduak, arte ondasunen babesa, ingurumena, landa ingurunea, diru bilketa, hornidura eta kultura eta hezkuntza jarduerak. Apirilean sinatu zuten hitzarmena, bi urterako, eta sei hilabeteko epea zabaldu zuten zerbitzu bakoitza nola kudeatu eta aurrekontuak nola banatuko zituzten zehazteko. Negoziazioetan ari dira oraindik bi aldeak, eta Gaztela eta Leongo Gobernuaren oniritzia jaso gabe du akordioak.
Hitzarmenaren ondorio praktikoak ikusi arte, mesfidantza nagusi da trebiñarren artean. «Guk ez dugu orain arte hobekuntzarik nabaritu, eta, akordioek aurrera egiten badute ere, gutxi nabarituko dugu». Ezkor mintzo da Iker Garcia de Eulate Trebiñu Araba Da herri mugimenduko kide eta Trebiñuko udaleko EH Bilduko zinegotzia. Bi diputazioen arteko elkarlanak «gabeziak» dituela uste du, besteak beste, hezkuntzari eta osasunari lotutako zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gaztela eta Leongo Gobernuaren eskumenak direlako eta akordiotik kanpo geratu direlako. Gainera, arlokako hitzarmenak egitea auzi politikoari «adabakiak» jartzea dela dio: «Adabakiak ez dira eraginkorrak, beti agertzen direlako zuloak, disfuntzioak... Konponbide bakarra integrazioa da».
Itunak gorabehera, ziurgabetasun etengabean bizi dira trebiñarrak, erakundeen eskumenen arteko banaketak sorturtako anabasa administratiboaren erdian. Hezkuntzan, osasun zerbitzuetan edota azpiegituretan nabaritzen dituzte batez ere gabezia horiek. Erroldak islatzen du arazoaren dimentsioa. Trebiñuko erroldan 1.400 lagun eskas ageri badira ere, benetako biztanleak ia halako hiru dira. Gasteizen daude erroldatuta trebiñar gehienak, oinarrizko zerbitzuak erosoago eskuratu ahal izateko.
Trabaz betetako egoera
Trebiñuko alkateak penaz ikusten du eskualdeak bizi duen gainbehera: «Trebiñu eskualde logela batean bilakatzen ari da». Azaldu duenez, erroldatutako herritarren kopurua txikia izateak eragin zuzena du udalerriak jasotzen duen diru laguntzetan, baita langabeentzako laguntzetan ere, eta horrek ezinbestean kalte egiten dio eskualdeari.
Argantzungo Udaleko alkate Roberto Ortizek ere aitortu du eguneroko bizitza «zaila» dela Trebiñun. 11 urte daramatza alkate karguan, eta Arabara batzeko borrokak gidatu dio beti jarduna. Onartzen du «akituta» dagoela, eta irtenbide politikoak eskatu ditu behingoz: «Arabarrek dituzten eskubide berberak nahi ditugu». Erakundeen arteko hitzarmena zertan gauzatzen den ikusi arte, begi onez ikusten du norabide horretan ematen den pauso oro; betiere, zerbitzuen «segurtasun juridikoa» bermatuta baldin badago.
Izan ere, Trebiñuko udalbatzak konderrian zerbitzuak hobetzeko hainbat eskari onartu ditu azken urteotan, baina Gaztela eta Leongo Gobernuak eskari horien aurka egin du maiz, eta hainbat helegite aurkeztu ditu Trebiñuko Udalaren ebazpenen kontra, bere eskumenetan «esku hartzen» zuela argudiatuta. Esaterako, joan den azaroan, Burgosko epaitegiak bertan behera utzi zuen Trebiñuko Udalak Arabarekin zergak biltzeko 2015ean hartutako erabakia. Trebiñuko Udalak auzitegiaren ebazpena bete beste aukerarik ez zuen izan, kargu publikodunen aurkako zigor eskaerak handiak zirelako.
Egoeraren larritasunarekin kezkatuta dago Trebiñuko alkatea, eta zalantza du ea Arabak eta Burgosek sinatutako akordioakezer konponduko duen. Lurraldetasunaren auzia hitzarmenetik kanpo egotea okerra dela dio, eta, horri heldu bitartean, arazoek bere horretan iraungo dutela uste du. «Trebiñuko udalbatzak hartzen dituen erabaki ia denak auzitara eramaten ditu Gaztela eta Leonek. Guk ezin dugu ia ezer egin», deitoratu du Ramirezek. Hark salatu du eskualdeko udal agintariek «eskuak lotuta» dituztela edozein ekinbide abiatzeko, eta, beraz, erantzukizuna erakundeen esku dagoela dio.
Ramirezek ez du ikusten irtenbiderik epe motzean: «Norbaitek ukabilkada eman behar du mahaian, eta konponbidea bilatu». Konponbidearen erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarena eta Gaztela eta Leongo Gobernuarena ez ezik, Espainiako Kongresuarena ere badela iritzi dio.
Lege bideak
Denbora honetan guztian, Trebiñuk ez du etsi Arabara batzeko ahaleginean. Trebiñuko Udalak 2016ko martxoan erabaki zuen berriro saiatzea Arabarekin bat egiteko bidea jorratzen, horretarako, Lege Organikoaren formula erabilita. PP ez beste talde guztiak agertu ziren proposamenaren alde. Bidea ez da berria, 2014an ere antzeko saialdia egin baitzuten. Orduan, baina, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen legebiltzarrak proposatutako lege egitasmo hori.
Kongresuko indar korrelazioa aldatu denean, proposamenak aurrera egiteko aukera baduelakoan sustatu zuen ekinbidea udalak duela bi urte. Haatik, Gaztela eta Leonek auzitara eraman zuen erabaki hura, eta epaitegiek bertan behera utzi zuten gero.
Oztopoak oztopo, bide horri eutsi nahi diete Trebiñuko Udaleko ordezkariek, eta Eusko Legebiltzarraren esku utzi nahi dute pausoa ematea. «Erabil dezatela nahi duten formula eta bidea, baina arazoa betirako konpon dezatela», eskatu du Ortizek.
Azken 30 urteetan hamaika saio egin dituzte trebiñarrek Arabara batzeko. Lege bideak erabili dituzte horretarako, baina beti egin dute topo Gaztela eta Leonen betoarekin. Garcia de Eulateren aburuz, estatutuen bidea gaur-gaurkoz, ez da bideragarria, «blokeo» egoera batera eramango lukeelako. Beste bi aukera ikusten ditu berak: Kongresuak enklabeei buruzko lege bat onartzea edo Lege Organikoaren bidez erkidegoen mugak aldatzea. Azken bide horren aldekoa da: «Borondate politikoaren araberako kontua da, eta ez dago beste aukerarik».
Oraindik ere, esperoan
Arabako eta Burgosko diputazioek Trebiñuri zerbitzuak eskaintzeko hitzarmena adostea erabaki zuten duela urtebete. Apirilean sinatu zuten, baina Gaztela eta Leonen oniritziaren zain daude. Trebiñarrek «arabarren eskubide berberak» aldarrikatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu