Oraindik erantzun baten eske

Pertur ETApm-ko kidearen desagerpenaren 40. urteurrenean, «berriren bat» izan nahi du haren orduko bikotekide Lurdes Auzmendik. Dei egin dio ekintzaren egileren baten «eskuzabaltasunari»

gotzon hermosilla
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Gaur bete dira 40 urte Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko buruzagia desagertu zela. Francisco Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi Apala burkideek Biriatun (Lapurdi) utzi zuten; han galdu zen arrastoa. Geroztik inork ez daki zer jazo zitzaion. «Erantzun» bat eskatu du haren orduko bikotekide Lurdes Auzmendik, BERRIAri bidalitako ohar batean: «Orain 40 urte Pertur desagertu zenetik erantzunen bila jarraitzen dugu, berriren bat jakin nahirik, nork desagerrarazi zuen ezagutu nahirik, nork bahitu zuen, nork jarri zion hitzordu tranpa».

1976ko uztailaren 23a zen. Desagertu eta azaldu ez den ETAko lehen militantea izan zen Pertur. Haren kasuaren inguruan hainbat hipotesi ibili dituzte, hamaika ahalegin egin dira gertatutakoaz argi izpiren bat bota nahian, baina auziak bere hartan iraun du orain arte. 40. urteurrenaren harira, beste ahalegin bat egin nahi du sendiak. Auzmendik dio beti pentsatu izan duela «desagertzean parte hartu zuenen baten eskuzabaltasunari esker» baino ez dutela lortuko egia jakitea.

Orain, 40 urte geroago, itxaropen horri eusten dio hark: «Non dagoen dakienen bat eskuzabala izatea eta esatea non dagoen bere gorpua, bereziki gurasoek eta familiakoek, guztiok azkenean atseden har dezagun».

Pertur desagertu eta gutxira, Triple A eta BVE Espainiako eskuin muturreko taldeek euren gain hartu zuten bahiketaren ardura, eta euskal militantea hilik zegoela adierazi zuten. Garai hartan, ohikoak ziren Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik zeuden euskal militanteen kontrako erasoak. Pertur desagertu baino bi hilabete lehenago —apirilaren 25ean—, Jose Bernardo Bidaola Txirrita ETApm-ko kidea desagertu zen, Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) artean, Lizarieta gainean Guardia Zibilarekin tiroketa bat izan ondoren. Maiatzaren 28an aurkitu zuten gorpua, Sarako basoan, erreka batean.

Urte haietan, Perturren familiak agerraldi batean ETApm-ko Bereziak taldea egin zuen Pertur desagertu izanaren susmagarri nagusitzat, erakundean barne desadostasunak zirela aipatuz.

Hirugarren hipotesi bat agertu zen 2007an, Angel Amigok zuzendutako El año de todos los demonios dokumentalaren harira: hots, Italiako neofaxistek, Espainiako zerbitzu sekretuekin elkarlanean, Pertur izan zitekeen pertsona bat bahitu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.