Oraindik ere bazterketa pairatzen dute. Ondorio hori atera dute Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume transexualen inguruan egin duten txostenean. Adin eta herri diferentetako hamar andre transexualen testigantzak bildu dituzte, eta lan munduan eta beren egunerokoan zis andreekin alderatuz desberdintasunak eta ezintasunak dituztela jaso dute dokumentuan.
Ikerketak ondorioztatu duenez, belaunaldi aldaketa bat egon zen 2000. urteko lehen hamarkadan, trans emakume gisa identifikatzen ziren pertsonak babesten eta ulertzen hasi baitziren familietan, eta transen gurasoen elkarteak sortzen hasi baitziren, haien eskubideak defendatzeko helburuarekin. 80ko eta 90eko urteetan, etxean bertan ere zailtasunak izaten zituzten transexualak zirela esan orduko. Jaiotza urteak baldintzatu ditu bizipenak eta esperientziak, beraz.
2000. urtetik aurrera gizartea anitz aldatu bada ere, horrek ez du esan nahi transek gainerako biztanleen baldintza bertsuak dituztenik egunerokoan. «Gizarteak etengabe epaitzen ditu trans emakumeak; zenbat eta identitate sexu-generiko identifikagarriagoa izan, orduan eta gehiago». Eta are: trans emakumeek euren identitate femeninoa agiri bidez frogatu ezin dutenean, are nabarmenagoa da epaia, eta horregatik euren identitatea ezkutatzen saiatzen direla jaso du txostenak: «Euren gorputza gorputz femeninoaren estereotipora ahalik eta azkarren egokitzen saiatzen dira, eta lantokietan ere ezkutatu egiten dute trantsizioa egin izana, edo egiten aritzea».
Lan mundua, are gordinago
Elkarrizketetan jasotakoaren arabera, gomendio edo lan eskaintza publikoen bidez sartzen dira lan-munduan trans emakumeak. Batez ere, azken horietan lan elkarrizketen subjektibotasunetik kanpo daudelako. Horietan zailtasunak izan dituztela adierazi dute txosteneko parte hartzaileek, eta «beti» iritsi dela une bat non zalantzan jarri dituzten haien izena, ahotsa edo identitatea. Elkarrizketatutako emakumeek behin eta berriz adierazi dute ez dutela atentziorik eman nahi, ezta trans emakumetzat ezagutzerik nahi ere, bizitza normatibo eta seguruagoa izateko.
Bereziki zaurgarriak dira euren identitatea jakinarazteagatik sistematik kanporatutako 40 eta 45 urte bitarteko emakumeak, baita migratzaileak ere. Egoera horretan daudenak, dokumentazioa legeztatzerik izan ez dutenez, osasun eta gizarte zerbitzuetatik kanpo geratu dira; jatorriko herrialdetik ihes egin, eta hona etortzen dira, bizirik irauteko sexu lanak egin behar dituztela eta euren egoera erregulatzeko aukerarik ez dutela pentsatuz.
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Oraindik baztertuak
Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek ikerketa bat egin dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar emakume transen bizitzetan oinarrituta. Ondorioztatu dute oraindik baztertuak direla, batez ere lan munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu