Bakea eta elkarbizitza. Daniel Arranz. Bizkaiko gobernadore zibil ohia eta urriaren 20ko manifestazioaren deitzaileetako bat

«Oraindik ari gara ikusten mendekua: presoen auzian»

Espainiako Estatuko sistemako parte izana da Arranz: Bizkaiko gobernadore zibil 1994-1996an. Azaldu du torturaren eta tratu txarren aurka zeudela. Espetxe politika aldatzearen alde dago.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
enekoitz esnaola
Bilbo
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAren bukaeraz urriaren 1ean egindako ekitalditik detaile batek eman zion atentzioa Daniel Arranzi (Zugaztieta, Trapagaran, Bizkaia, 1951): ez ziren joan Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiak. Arranzek galdetu du ea euskal presoen aurkako «mendekuak» jarraituko lukeen hurrengo bozen ondoren berriro PP jarriko balitz Moncloan. Espetxe politika aldatzearen alde dago Bizkaiko gobernadore zibil eta PSE-EEko hautetsi ohia; hura da urriaren 20ko martxaren deitzaileetako bat.

1994-1996an Bizkaiko gobernadore zibil izan zinen.

Moncloan PP jarri zen arte. PSEko hautetsi izana nintzen Portugaleten eta Ortuellan, sindikalismoan ere jardun nuen, baina bestelakoa da gobernadore zibilaren kargua. «Zer egiten dut nik hemen?», galdetzen nuen neure artean.

Nola ikusten zen Euskal Herriko gatazka postu horretatik?

Kargura heldu eta egun gutxira, ETAk Bilbon guardia zibil bat hil zuen. Poliziaburuak deitu zidan: «Ongietorria egin dizute...». Hilketaren ostean jendaurrean esan nuen batzuek atarikoa idazten zutela eta beste batzuek epilogoa, eta ederra sortu zen EAJrekin.

Zer jarrera zeneukan zuk?

Ni beti izan naiz elkarrizketaren aldekoa. Gobernuak ordu arteko soslaiekin hautsi nahi izan zuen, berrituz eta irekiz. Esate baterako, Gipuzkoan Juan Mari Jauregi jarri zuen gobernadore zibil: izaera zabaleko gizona, euskalduna...

Zerbait aldatu al zen zuenean?

Gobernuak aldatu zituen lan egiteko modu batzuk, baina Guardia Zibilak zioen sarearekin eginbehar zela lana. Galindok esan zuen hori, bilera batean.

Zertaz ari zen?

Haietako bat judizialki-edo erortzean, ez zezala hartu danbatekoa. Berme batzuk izatea, alegia. Baina Margarita Robles Barne Saileko estatu idazkariak esan zuen ezetz, sarerik ez. Modu txarrak erabiltzen ziren, izan ere. Begira, Galindo gero epaitu etazigortu egin zuten GAL auzian.

Bai; 71 urteko kartzela zigorra, eta lau urte baino ez preso.

Horrelakoa da Justizia, zoritxarrez. Ez zegoen besterik. Batzuek sarea dute. Zergatik? Azken batean, sistema ezin da hautsi edo desegituratu. Arrakala edo zauriren bat sortuz gero, horiek sistemak berak konpontzen ditu, bistan da.

Zu gobernadore zibil kargura heldu baino zazpi urte lehenago egin zuen GALek azken hilketa: 1987an. Esan izan da Bizkaian egosi zela asko talde armatua.

Nire agindupean egon ziren guardia zibilek eta poliziek ez zuten ondo ikusi GALena. Baina esan izan da [ETAren] terrorismoaren garaian guztiak balio zuela.

Eta estatu terrorismorik egon al da Euskal Herrian?

Bai horixe, egon da. Eta hori da terrorismorik handiena. Barkaezina da. Bere burua demokratikotzat jotzen duen estatuak erabat tresna ez-demokratikoak eta legez kanpokoak erabiltzea beste edozein mugimenduk egin dezakeena baino askoz okerragoa da. Estatuak eredu izan behar du, eta tresna demokratikoak eta legezkoak erabili. Bestela, besteari bazka ematen ari zara.

Nola zegoen ETA zure garaian?

Indartsu. Polizia sarekadak izan ziren, baina askotan ETArekinzerikusia ez zuen jendea atxilotzen zuten, jendeari erakusteko Polizia edo Guardia Zibila eraginkorra zela. Hildako guardia zibil edo polizia baten gurasoek esaten ziguten haien semea izan zedila azkena, mesedez. Ez zuten hildako gehiago nahi. Gatazka honetan asko sufritu da, alde batean zein bestean. Gogoeta egin behar dugu, baina hemen mendekua hartu nahi izan da. Oraindik ari gara ikusten hori: presoen auzian.

Gobernadore zibil zinenean,barne informaziorik ba al zenuen tratu txarrez edo torturez?

1994-1996an, Justizia eta Barne ministro Belloch zenean, atxiloaldietako irizpideak tratu txarren eta torturen kontrakoak ziren. Juan Mari Jauregik esaten zidan gogorra egiten ari zitzaiola Gipuzkoako kargua, aldaketa handia ezarri zelako modus operandi-an. Bizkaian bi kasu arraro pasatuziren nire aldi hartan.

Zertaz ari zara?

Muskizko eta Artxandako diru zorroen leherketez.

ETAk ez zituen bere gain hartu.

Beste jite batekoak izan ziren gertaera haiek.

Talde parapolizialak egile?

Baietz ematen du. Oso landutako bonbak ziren. Azkar bota zuten lurra auzien gainera.

Zure garaian, Perez Esquivelen bitartekaritza landu zuen Espainiako Gobernuak. Zuk dakizula, egon al zen sekula ETArekin akordioa lortzeko aukerarik?

Saioak egin ziren, baina ez zegoen baldintzarik. PSOEren gobernuak beldurra zeukan, estatuan sektore batzuek zer esango.

Kargua utzi ondoren adierazizenuen Stockholmgo sindromea egozten zizutela.

Nik egiten nuena bakearen etaaskatasunaren bandera haizatzea zen, eta, hori lortzeko, zubiak eraikitzea. Garai gogorrak ziren. Baina nire alderdia PPrekin batera zebilen, elkarlanean. Redondo Terreros ikusi genuen Mayor Orejarekin bikotea osatuz. Akordatzen naiz Fernando Buesaren hilketa osteko manifestazioaz [2000]: oso manipulatua izan zen, eta bazirudien Ibarretxe lehendakariak ematen zituela tiroak. Haren kontrako manifestazio bat izan zen. Nik estimatzen nuen Ibarretxe, haren alde bozkatzen ez nuen arren. Estatutu berriaren kasuan, adibidez, duintasun osoz joan zen Kongresura defendatzera.

Noiz bukatu zen zuretzat ETA: 2011n ala aurten?

2011ko urriaren 20an, jarduera armatuaren bukaera iragarri zuenean; hiltzeari utzi zion. A zer poza! Ongi afaldu genuen egun hartan etxean. ETAri exijitzen zitzaion gehiago ez hiltzeko, eta gero gerokoak. Baina utzi zion, eta...

Zazpi urte beteko dira orain…

...eta, nire ustez, PPrentzat oraindik ematen du jokoa ETAren kontuak; ez Euskal Herrian, hemen jendea pozik baitago gaurko egoerarekin, baina bai estatuko leku askotan. PPk une jakin batzuetan terrorismoaren makulua mahai gainera ateratzen du.

Zergatik animatu zara urriaren 20ko manifestazioa deitzera?

Urteak daramatzat martxakoaldarrikapenak babesten. Hau herritarrok atera dezakegu aurrera. Beraz, herritarrak kontzientziatu behar ditugu, ahal den jende gehien. Adibidez, pentsiodunen mugimendua eredugarria da.

Euskal presoak: gerturatu ala Euskal Herriratu?

Euskal Herriratu. Legeak argi dio hori [Espainiako legediak horri buruz esaten duena irakurri du Arranzek, elkarrizketara propio ekarri duen papera aterata]. Urrunketa ez da legezkoa.

Lozak dio «gizarteratzea» dela helburua, ez «gerturatzea».

Baina, gizarteratzeko, presoak hemengo kartzela batean egon beharko du, ezta? Nola gizarteratuko da Almerian [Espainia] badago, eta, gainera, aurreneko graduan? Lehentasuna presoen Euskal Herriratzea eta gradu progresioa da, eta gero iritsiko gara gizarteratzera; hori azkena da.

Zuk zer zenioen urrunketaz Bizkaiko gobernadore zibil zinela?

Ikusten nuen ez zuela emaitzarik emango. ETA joan da, berak nahi izan duelako joatea, nahiz eta aitortu behar den izan direla beste arrazoi batzuk; gizartearen babes falta, kasurako. Urrunketak ez du inolako eraginik izan ETAren bukaerarako; sortu duen bakarra sufrimendua izan da. Zergatik ez du gobernuak legea betetzen? Onuretarako, berriz, dagoen legedia dago egun; hain zuzen, Aznarren agintaldian hankaz gora jarri zuten Justizia sistema, eta oraindik horixe daukagu.

Aznarren gobernuak euskal presoak gerturatu zituen.

Bai, akordatzen gara orain, PP aukera horren kontra irten denean. ETArekin eta HBrekin ere hitz egin zuten. Lotsagarria da PPren jarrera, ez zaio legezkotasuna axola, beste interes batzuk ditu.

ETAren biktimen elkarte batzuk PPren aurka agertu berri dira.

Azken asteetako berririk esanguratsuena Consuelo Ordoñezen [Covite] adierazpenak izan dira. Biktimen senideei azaldu behar zaie egingo dena, baina haiek esandakoari ez zaio kasurik egin behar politika egiteko. Ezin dute gobernu bat hipotekatu. Positiboa da elkarte batzuek PP horrela hartzea orain. Hala ere, estatuan badira oso hedabide kontserbadoreak, eta erne egon beharko da; orain Kataluniarekin daude. Ezker abertzaleak ere tentuz jokatu behar du.

Zertan, adibidez?

Preso ohien harreretan edo ongietorrietan. Ezin dira omenaldi bihurtu, edo ezin da goretsi preso ohiak egindakoa. Eremu pribatura jotzea dute onena. Bestela,batzuentzat pagotxa da.

Oro har, baikor al zaude?

Ez dut oso garbi ikusten. Entzuten dituzu espetxe politikaz Grande-Marlasca eta Loza, eta kontraesanak dituzte beren artean. Gobernuak ez dauka gaiaz politika argi edo jakin bat, beldurra baitauka. Bere 84 diputaturekin ahal den gehien iraun nahi du agintean, eta euskal presoena mugitzen hasteak ez lekarkioke mesede handirik estatuan. Bestalde, oso datu esanguratsua da urriaren 1ean Espainia-Frantzia ekitaldira Aznar eta Rajoy agertu ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.