Maren Belastegi. Uemako presidentea

«Oraindaino alor teknikoa landu du Uemak; politikoa indartu nahi dugu»

Herri euskaldunek euskaraz aritzeko dituzten arazoak konpontzea eta erdaldundu ez daitezen saiatzea. Hara Uemako buru berriaren xedeak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Zestoa
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Jauzia egin nahi du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak legealdi honetan, euskaldun diren udalerri gehiago barnean hartuta. Euskal hiztun gehienak Uemako herrietan bizitzea eta herri horietako zailtasunak kentzea jarri ditu xede Maren Belastegik (Bergara, Gipuzkoa, 1986). Bilduko kide, Bergarako alkateordea da. Baikor hasi du agintaldia: dozena bat herrik jo dute Uemara, kide egin nahi dutela esanez.

Lau urteotarako zein xede dituzue?

Bi erronka nagusi izango ditugu. Batetik, euskaldun diren udalerrietan euskaraz soilik bizitzeko dituzten lege arazoak konpontzea; legea saihesten ibili behar izaten dugu, eta legearen babesa eskatuko dugu. Bestetik, udalerri euskaldunak direnek hala jarraitzea dugu helburu. Makroproiektuak-eta egiten dituztenean aurretik egoera soziolinguistikoaren azterketa egitea nahi dugu, eta ondorioak kontuan izatea, herri horrek aurrerantzean ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezan eta ez dadin erdaldundu.

Euskararen aldetik, udal berrien zein balorazio egiten duzu?

Positiboa. Bilduk badauka euskararen aldeko politika bat aurrera eramateko, eta horrek erraztasunak ekarriko ditu Uemarentzat. Horren adibide da lau hilabeteotan herri dezente jarri direla harremanetan Uemarekin, partaide izan nahi dutela esanez. Oso positiboa da herriak eurak etortzea.

EAJrekin ika-mika izan da azken urteetan; Uematik ateratzea sustatu du. Oraingo zuzendaritzan sartu da.

Zuzendaritzan bertan alderdi politiko guztiak ordezkatuta egotea positiboa da, iritzi diferenteak jaso ahalko baitira. Zuzendaritzan sartzeak erakusten du badagoela euskararekiko interesa. Denon artean errazagoa izango da aurrera egitea. Elkarlanaren bitartez lan egitea espero dut.

Hego Euskal Herriko udalak daude Ueman gaur egun. Iparraldeko udalekin lan egiteko asmoa badago?

Euskal Herria nazio bat da, eta euskara du hizkuntza. Bi estaturen kontrolean egon arren, bat izan nahi dugun eta hizkuntza bera daukagun heinean, elkarlana bultzatuko dugu. Ez da erraza izango, baina saiatuko gara udalek kide izateko modua izaten.

Zertan dira harremanak Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta foru aldundiekin?

Jaurlaritzari dagokionez, kide gara Euskararen Aholku Batzordean. Euskara biziberritzeko plana berrikusten ari dira, eta ekarpena egina dago: udalerri euskaldunak babestearen aldeko legea beharrezkoa dela. Itxaropentsu gara. Nafarroako Gobernuarekin aurreko agintaldian jarri ziren harremanetan, eta ez zuten erantzun. Eragitea da gure asmoa; joko diegu atea orain ere. Gipuzkoako Diputazioarekin bilduak gara. Euskara zuzendariaren lehentasunetako bat da udalerri euskaldunetarako plan bat garatzea.

Aurrekoek kargu hartzean, ohartarazi zuten alor teknikoa, ikerketena eta horrelakoena, zela nagusi Ueman. Ba al da aldatzeko asmorik?

Hausnarketa egin dugu Uemari buruz: nola sortu zen, zer izan den, zer den eta zer izatea nahi dugun. Oraindaino alor teknikoa landu da, batez ere. Nahi dugu alde politikoa indartzea eta, batez ere, Uema gehiago ezagutaraztea Euskal Herrian; herriak sartu ahala, lan politikoa egitea. Zenbat eta biztanle gehiago, erraztasun handiagoak izango ditugu.

Eskumen gehienak beste erakunde batzuen esku egonik, udalek zenbateraino egin dezakete euskararen aldeko politiketan?

Gu saiatuko gara gure iritzia ematen eta ahal dugun toki guztietan parte hartzen. Egia da ez dela hain erraza. Horregatik, garrantzitsua da herritarrek presio egitea. Denon artean lortuko dugu beste erakunde horiek jaramon egitea. Udalek oso mugatuta daukate hizkuntz politika garatzeko aukera. Horregatik da inportantea egoera antzekoa daukaten beste herri batzuekin elkartzea eta hortik indar egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.