Gazteek euskararen gainean eta hizkuntza aniztasunari buruz dituzten pertzepzio, identitate, bizipen, jarrera eta jokamoldeei buruzko gogoeta eta azterketa egiteko eskatu zion Euskararen Aholku Batzordeak Gazteriaren Batzordeari iaz. Azken hiru hamarkadetan, euskararen ezagutza eta gaitasuna batik bat, gazteen artean hazi da, eta etorkizunera begira ere horiek jotzen dira hazkundearen erantzuletzat.
Jone Miren Hernandez antropologoa eta EHUko irakaslea da (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1970) Gazteriaren Batzordearen zuzendaria, eta Gu gazteok ikerketaren emaitzak aletu zituen atzo, Donostian. Gipuzkoako hiru herritako (Lasarte-Oria, Pasaia eta Lezo) Kuadrillategi programa baliatu dute tresna gisa, eta 105 gaztek parte hartu dute.
Ikerketa kualitatibo baten alde egin duzue. Zergatik?
Batetik, denbora mugatua genuelako, baliabide jakin batzuk... Helburua oinarrizko material bat bilatzea izan da, gogoeta bat egiteko. Bestetik, azken urteetan ikerketa batzuk egin dira gazteen eta euskararen inguruan, eta gure helburua ez zen beste bat egitea: gure ideia zen beste ikuspegi batetik egitea lanketa, desberdina, beste metodologia batekin...
Zer dela eta?
Gazteak jarri nahi genituen ikerketaren erdigunean, haien ahotsa entzun, haiekin egon; jakin ahal izateko zer den egiten dutena, nola eta zergatik. Gazteekin egoteko premia geneukan: material freskoa nahi genuen, gure gogoeta bultzatzeko.
Zein metodologia erabili duzue?
Bi ildo nagusi aipatuko nituzke. Behaketa parte hartzailea izan da nagusia: hurbilpen etnografikoa egin dugu; hizkuntz antropologian erabiltzen den hurbilpena, alegia. Gazteekin egon gara, Kuadrillategi zela-eta bilduta zeuden tarteetan. Bestetik, dinamika batzuk egin ditugu horri egokituta, jakinda aisialdira begirako programa bat dela, eta ez hainbeste euskararen trebakuntzarako: dinamika ludikoen eta hainbat elementuren aitzakiarekin, hizkuntzari buruzko euren gogoeta eta diskurtsoa bultzatzen saiatu gara. Horiez gain, elkarrizketa formal eta ez-formalak ere egin ditugu.
Zergatik aukeratu duzue Kuadrillategi lagina hautatzeko?
Ez genuen ikastetxeetara joan nahi edo geletara sartu nahi. Oso gune interesgarriak dira, baina esparru formal edo arautukoak dira, eta esparru informala jorratu nahi genuen. Ikerlariok oso aukera gutxi dugu gazteekin egoteko; batez ere, adin batetik aurrera. Horregatik, Kuadrillategi aukera bat izan da: nahiz eta ez den guztiz esparru informal bat. Gazteek izena eman behar dute parte hartzeko, baina, era berean, planteamenduak eta dinamikak nahiko informalak dira. Uste dugu gazteen informaltasunetik ezin genuela askoz gertuago egon.
Hizkuntza ohiturak ez ezik, gazteen testuinguru zabala hartu duzue kontuan, hizkuntzari ez dagozkionak. Nola baldintzatzen ditu testuinguruak?
Ezinbestekoak dira hizkuntzarekin zer gertatzen den hobeto ulertzeko. Adibide bat da aisialdiarena: gaur egun, badakigu, eta azken boladan dezente entzuten ari da, hizkuntza plangintza gazteen aisialdira enfokatu behar dela, haien bizitzan oso garrantzitsua delako. Batez ere, nerabeen kasuan, eskola, kuadrilla eta aisialdia dira nagusi: ez dira tabernetara joaten, ez dute lokalik... Gazte horientzat aisialdiak zentralitate handia dauka egunerokoan.
Hizkuntzarekiko diskurtso positiboa dutela ondorioztatu duzue.
Baietz esango nuke, oro har. Gazteekin ikerketak egiten daramat 1990eko hamarkadatik, eta nabaritu dut aldaketa. Batzuetan, positiboa da besterik gabe; beste batzuetan, neutroagoa... Baina esango nuke euskara haien bizitzaren parte dela.
Ez dute zamatzat?
Batzuetan gertatzen da euskara eskolarekin edo derrigorrezko zerbaitekin identifikatzen dutela. Baina askotan ez da hizkuntza bera arazoa, baizik eta eskola. Hain justu, eskola da euskara transmititzeko bide nagusia, eta hor biak nahasten dira. Baina esango nuke, oro har, haiek modu positiboan bizi dutela euskara jaso izana, ikasi izana... Ikerketa mugatua izan da, baina kontrako iritzi edo diskurtsorik ez dugu topatu.
Hizkuntzak nahastea normaltzat dute gazteek. Zergatik deitu diezue belaunaldi «zubia»?
Duela 30-40 urte, soziolinguistikoki populazioa askoz banatuago zegoen: batetik, euskaldunak zeuden, eta, bestetik, erdaldunak. Egoera hori aldatuz joan da: orain, belaunaldi elebidunak dira nagusi, eta etorkizunean ere hala izango dira. Trantsizio horretan sortutakoak dira hauek. Egun, familia ereduak, horien jatorriak eta abar nahasiagoak dira, eta esan daiteke, metaforikoki, haiek zubia direla, iraganeko egoeratik hasi eta etorkizunera doana. Egoera soziolinguistikoa askoz konplexuagoa da: segur aski, onerako. Gizartea bera konplexuago bihurtu da, eta gazteen hizkuntza praktikak ere halakoak dira.
Zein ardura dute helduek eremu ez-formalean?
Gu geu gara eredu. Hausnarketa pertsonala da, baina batzordean ere komentatu dugu. «Gazteek ez dute euskaraz egiten» edo «gutxi egiten dute» esaten da. Baina gazteek ispilu bat jartzen dute gure aurrean askotan. Haiek guri begira daude: begiraleak, hezitzaileak, gurasoak... Gure gisan, haientzat oso zaila da zenbait ingurutan euskaraz aritzea.
Aurrera begira, gazteen euskarazko sorkuntza propioa aktibatzeko baliabideak zabaldu, sendotu edo sortu beharko liratekeela diozue. Zergatik?
Oso hausnarketa polita egon zen batzordean: ezagutza zabaldu da, gazte askok euskara jaso dute, gaitasunak eta mailak desberdinak diren arren. Baina bakoitzak duen euskara aktibatzea falta da: eremu zabal bat dago hor sorkuntzarekin lotuta, gazteentzat oso erakargarria dena, gainera.
Garrantzitsutzat jo duzue euskararen prestigioa indartu eta derrigortasunaren zama kentzea. Nola egin daiteke hori?
Zaila da. Azken urteetan, gauza asko egin dira. Uste dugu beti dagoela gauzak ondo doazela uste izateko tentazio hori. Horregatik, zerrendan azken proposamena bada ere, uste dugu tentsioa mantendu behar dela, zentzu positibo batean: zaindu, eredu berriak bultzatu, proposamen berriak... Tentsioa diodanean, intentsitateaz ari naiz, zentzu onean. Gazteak erdigune eta protagonista bilakatu behar ditugu.
Jone Miren Hernandez. Antropologoa eta EHUko irakaslea
«Orain, konplexuagoa da gizartea, bai gazteen hizkuntz praktikak ere»
'Gu gazteok' ikerketa zuzendu du Hernandezek, 12 eta 14 urte arteko gazteen hizkuntzara eta eguneroko jardunera hurbiltzeko: euskara gazteengana eramateko proposamenak landu dituzte horren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu