Josu Esparza - Aurore Martin. Militante politikoak, Espainiaratuak izateko arriskupean

«Orain kalea behar dugu eta kalean egon behar dugu»

Haien aurkako euroagindua onarturik dela, gordetzeko hautua egin zuten Martin Batasuneko militanteak eta Esparza AAMko kideak. Bihar manifestazioan egonen dira, «momentuak hori eskatzen duelako».

BERRIA.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Prozesu demokratikoa lortzeko bidean pausoak alde batetik bakarrik eman direla diote Aurore Martin Batasuneko militanteak eta Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak. Hori dela eta, Frantziako eta Espainiako gobernuak konponbidean sarrarazteko, herritarren mobilizazioa ezinbestekoa ikusten dute. Hari horri segituz, bihar Baionako manifestazioan egoteko hautua egin dute.

Bihar manifestazioan egonen zarete. Zer dela eta egin duzue jendaurrera ateratzeko hautua?

MARTIN Iruditzen zaigu egoera berriak hori ekartzen duela. Badakigu manifestazioaren zeregina zein den, eta iruditzen zait beste herritar guztien gisara, arduradun eta militante gisa, egun horretan gu ere hor egotea ezinbestekoa dela.

ESPARZA. Bada momentua, denok konpromisoa hartzeko, orain arte hartzen genuen bezala, eta posible bada, gehiago, bi estatu mugiarazi behar ditugulako. Gure partetik, militante politikoak izanik, iruditzen zitzaigun bide hori bultzatu behar genuela. Momentuak eskatzen duelako denok gatazkaren konponbiderako norabide horretan konpromisoak hartzea eta aurrera joatea.

Prozesu horretan giltza herritarrek dutela erraten da.

ESPARZA. Estatuak mugitu behar ditugu, eta hori lortzeko, munduan zehar ikusi den bezala, herritarrek dute indarra eta betebeharra. Haiek dutelako giltza, eta mugitzen ez bagara jarraituko dugulako orain arteko blokeo egoeran.

MARTIN. Donostiako adierazpena eta ETArena bi elementu garrantzitsu dira: bukaera edo fase bat markatzen dute. Horren biharamunean, herritarrek dute prozesuan sartu behar, bi adierazpenetan hori eskatua delako argiki, eta prozesua aldebakarrekoa denez, berez bermea alde batek bakarrik duelako oraingoz. Orain praktikan, hori dugu asmatu behar: zer erran nahi du konkretuki prozesuaren barnean aktibo izateak? Manifestaziotik haratago doa, militantzia bere esparru guztietan piztu behar da; hori da, nire ustez, garrantzitsua. Estatuek herri bat sentitu behar dute parean.

ESPARZA. Gauzak asko aldatu dira azken bi urteetan, eta bada garaia Euskal Herriak dituen indar guztiak askatzeko, konplexurik gabe, burua inoiz baino zutago, argi izanik Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko legitimitate osoa duela. Beraz, ezinbestez, euskal herritarrek horretan konpromisoak hartu behar dituzte.

Hainbat urrats egin dira konponbidearen bidean. Nola aztertzen duzue Frantziako eta Espainiako gobernuen jarrera?

ESPARZA. Oraingoz argi geratu da alde batek eman dituela pauso pila. Horren aurrean, estatuek blokeo egoeran jarraitzen dute. Nire ustez, orain arte zuten estrategia bertan behera gelditzen zaielako, eta horrelako aldaketek bat-batean harrapatu dituztelako. Egoera berri horren aurrean zer egin ari dira prestatzen; betiere argi izanda Euskal Herriaren onarpena ez dutela nahi. Ikusiko dugu zer eginen duten, baina argi da orain arteko blokeoan eroso direla. Herritarrek egin presioarekin mugiarazi beharko ditugu. Noraino? Emandako presioaren araberakoa izanen da. Argi dago estatuek ez dutela interesik konponbidean, horrek Euskal Herriaren onarpena dakarrelako eta ez daudelako horretarako prest. Frantziak Espainiaren arazoa dela dio, eta Espainiak beti erran du ETAren kontua dela eta ETA desagertuz gatazka desagertzen dela. Aurore eta biok horren adibide garbiak gara: bi euskal herritar, bat iparraldekoa bestea hegoaldekoa, bi estatuek jazarriak gure ideologia eta ekinbide politikoarengatik.

Martin, izan abertzale edo ez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek deitzen dute biharko hitzordura. Miarritzen aipatu zenuen «herri harresiaren» isla ikusten duzu hor?

MARTIN . Bai herri harresiaren isla eta azken urteetako lanaren fruitua. Herri harresia parte batean hori da, baina uste dut manifestazioak hori baino gehiago duela, aldarrikapenaren maila goratu delako, eta horrek pozten nau. Kolektiboan eta hainbat eremutan eztabaida sendi da. Elkartasun bide bat da herri harresia, baina borroka jarrera bat ere bada. Hau da, «hemen herri bat duzue parean eta ez duzue nahi duzuena eginen» erraten zaio estatuari. Nahiz eta maiz nahi dutena egiten duten, ukazioa bizi dugulako beti Ipar Euskal Herrian, ez da eztabaida tarterik estatuarekin. Muga hori gelditzen da gainditzeko, eta herri harresia hor kokatzen da gaur egun. Beharbada, Miarritzekoa bizi izan zen militanteari babesa ematea bezala, baina uste dut ez dela bakarrik hori. Herri harresiak badu prozesuaren barnean funtzio bat, konkretuki, Frantziako Estatua herri gisa interpelatu nahi da. Deitzaile horietan bada denetarik, eta interesgarria atzematen dut ariketa. Herri harresi horren barnean kokatu dira eztabaida politiko batzuk, eta sendi da eragile horiek ulertzen edo bizitzen dituztela gatazka edo gatazkaren ondorioak.

Josu, nola ikusten duzu Ipar Euskal Herrian euroaginduaren inguruan osatu den mugimendu zabal eta askotarikoa?

ESPARZA. Asko harritu eta poztu nau. Hegoaldean lan egitea tokatu zait, eta hegoaldean horrela, hain sigla ezberdinak batzea, ezinezkoa izan da. Asko poztu nau, iparraldean gauzak badoazelako eta oso ondo doazelako, gainera. Lortzen ari da babes bat, ez bakarrik mekanismo errepresiboak gelditzeko; haratago doan babes bat... gatazka badela onartu eta horri aterabideak planteatzera doazenak.

Martin, Frantziako ordezkaririk ez bazen egon ere, Ipar Euskal Herritik UMP, Modem eta PS alderdien ordezkariak egon ziren konferentzian. Nola hartu zenuen horiek han izana eta ondotik egin ihardukitzeak zer-nolakoak iruditu zitzaizkizun?

MARTIN. Harridurarekin hartu nuen, lehen aldia zelako. Baina, harridura txikitzen zait ikusiz azken bi urteetan egin den lan handia. Uste dut abertzaleok hortaz harro izan behar dugula, jakin izan dugulako eremu zabalagoekin lan egiten eta konfiantzazko harremanak eraikitzen. Poztu naiz ere Ipar Euskal Herriari begira ez zelako inoiz hain urrun joan, sekula ez genuen hain zuzenki interpelatu Frantziako Estatua, hor urrats jakin bat eskatzen zaio. Ipar Euskal Herriko arduradun politikoak han egotea urrats bat da; espero dut ez dela bakarrik argazkiarentzat eta beharko diren urratsak eginen dituztela, gurekin. Bai Euskal Herrian eta bai Parisen.

ESPARZA. Aieteko Adierazpena garrantzitsua da, ikusten delako nazioartean onartzen dutela bi estatuak direla gatazkaren barne, eta, beraz, biak direla konponbidean sartu behar. Frantziari begira, izugarrizko presio eremua izan daiteke hori.

Urrats anitz egin dira azkenaldi honetan. Zuek nola ikusi dituzue?

ESPARZA. Momentu horiek gertukoekin eta kaleko jendeekin ezin pasatu ahal izana da zaila. Azkenean, kalean jasotzen duzu benetan dagoen giroa: jendeak ulertzen ote duen, bat egiten al duen, itxaropentsu ote den ala ez... Kalekumea naiz, eta oso gogorra zait jendearekin ezin egote hori. Azkenean, zure pentsamenduak eta sentsazioak ezin dituzu partekatu. Oso azkar joan dira gauzak; gauza guztiak patxadaz aztertzeko gogoa dut, ulertzeko, aztertzeko zergatik eta norantz egin diren harturiko pausoak. Jendeari azaldu behar zaio, eta, azkenean, hori da guri tokatzen zaiguna: herritarrekin argiak eta garbiak izatea.

MARTIN. Militante zarenean, definizioz, besteekin ari zara militatzen, kolektiboki. Gure eta beste batzuen kasuan, ez zara kideekin eta lagunekin. Hori biziki zaila da. Ez zara karrikan eta nahiko moztua zara. Zeure buruari dituzu gogoeta horiek egiten. Bai, parte gara, nahi ala ez, gatazkaren parte garelako, baina ni ez naiz fisikoki aktibo sentitzen. Lehen eramaten nuen militantzia ezin dut eraman. Adibidez, arduradun politiko gisa, Bilduren emaitzak bakarrik bizitzea zaila izan zitzaidan.

Baikor al zarete geroari begira?

MARTIN. Baikor bai, sinetsi nahi dut. Egiten ditudan erabaki eta urrats guztiak zentzu horretan bideratu nahi ditut. Oso barneratua dut kartzelara sartzea etorriko zaidala, eta hori ere prozesuaren barnean kokatzen dut. Errepresioa bizitzen denean zaila da konponbidean, mahai inguru batean proiektatzea, baina hala da. Gure adibideak horretarako balio behar du. Blokeo egoerak eta fase gogorrak izanen direla barneratu behar dugu, estatuen estrategia delako. Baina elementu horiek ez ditugu baliatu behar prozesuaren txarrerako. Zaila da, baina hola sentitzen dut; oso pertsonala da. Kosta ahala kosta, presondegian bukatuko dut, baina bagoaz ikustera zer emanen duen. Inork ez daki bihar nola pasatuko den, guk badakigu zer behar dugun Euskal Herriaren onerako, eskakizun zehatzak ditugu. Berme bakarra gu gara, eta aitzinatzeko behar ditugu segurtamenak, prozesuan ez duzu urratsik egiten ez bazara konbentzitua. Sinetsi nahi dut, eta sinestea anitz da, aterabidearen parte bat da.

ESPARZA. Gure etorkizuna kartzelan dugu; beraz, pertsonalki itxaropentsu izatea zaila da. Baina egoera orokorrari begira, itxaropentsu naiz. Ikusten dut euskaldunen artean aurrerapausoak ematen direla, elkar batzeko. Pixka bat beldurti ere banaiz, baina hori beti, harturiko estrategiak nahi dugun helmugara eramango gaituen ezin dugulako jakin. Beldurti ere, estatuen jarrera ikusiz, eta haien mugiaraztea zaila ikusten dudalako. Baina ikusten dut ere posible dela, beste hainbatetan lortu dela, egoera zailago batzuetan ere lortu dela.

Hori guztia erranik, nahiz eta jakin presondegiratuak izateko arriskua hurbil duzuela, bihar manifestazioan egonen zarete.

MARTIN. Hor edo beste noizbait gertatu... nire kasuan, kontrolatzen ahal dut gutxi gorabehera momentua. Badakit bihar etxekoak ikusiko ditudala eta gero gerta dadila gertatuko dena. Barneratua dut; horrela da.

ESPARZA. Bada momentua konplexurik gabe eta beldur guztien gainetik kalera ateratzeko. Militante publikoak izatea tokatu zaigu eta badugu ardura hori guztia bultzatzeko.

MARTIN. Alde batetik, hor gertatzen balitz zentzu bat ematen dio nire urratsari. Gertatzen baldin bada, gertatzen da, baina momentu azkarrak iruditzen zaizkizunean, ezin da hori izan erabakitzeko argudio bat. Bestela, estatuen menpe bizi gara, eta Josuk dion gisara, harrotzeko garaia da, ez beldurtzeko momentua.

ESPARZA. Azkenean, militante politikoak kaletik atera nahi dituzte estatuek; beraz, gu ezkutatzen bagara, parte batean lortu dute hori. Baina ez diogu benetako etekina ateratzen, eta ez dugu erakusten zer den horren atzean. Erakutsi behar diegu ez gaituztela kaletik aterako, jarraitzen dugula. Eta kaletik atera behar bagaituzte, haiek izango direla kenduko gaituztenak, ez garela gu aldenduko. Zeren momentu honetan kalea behar dugu, eta kalean egon behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.