Amaia Kerexeta Gabilondo Lazarraga kultur elkarteko lantaldeko ordezkaria da (Oñati, Gipuzkoa, 1981). Izaskun Arrue kulturguneak badu irekiera data, uztailaren 18a, eta lanez gainezka eta «urduri» daude datozen hilabeteetako egitaraua ontzen. Atzean utzi nahi dute Gasteizeko Udalarekin edukitako tirabira, eta Gasteizen euskaltzaleen topagune izateko jaio zena berreskuratu nahi dute.
Laster irekiko da kulturgunea. Zer lan egiten ari zarete egunotan?
Ekainean hitzarmena sinatu genuenetik eta eraikineko giltzak jaso genituenetik, irekiera prestatzen, uda aurreko programazioa antolatzen eta kulturgunea gasteiztarrei lehenbailehen irekitzeko lanetan ari gara. Gauzak bere bidean joan izan balira, martxan egongo ginatekeen aspaldi, baina atzerapen hori ari gara igartzen orain. Fase hori gainditu nahi dugu, eta mezu baikorra eman. Berrartze horretan gabiltza orain. Neurria hartzen ari gatzaizkie eraikinari eta lehen egindako lan guztiari: berriro ekarri ditugu gogora eta eskura.
Prest zaudete kulturgunea martxan jartzeko?
Urduri gaude, dena ondo ateratzea nahi dugulako. Hala ere, lan handia dugu egina, eta hala izatea espero dugu. Pazientzia ere eskatu nahi diegu gasteiztarrei, modu pausatuan joango baita guztia, ezin baitugu sei hilabeteko lan bat hiru astean egin. Badakigu herriak behar duela antzokia, jendeak espektatiba handiak dituela, baina pazientzia beharko dugu, eta gutxinaka joango gara neurria hartzen. Udazkenetik aurrera normalago ariko gara.
Urduritasun ezberdina izango da proiektua kolokan egoteak eragiten duena eta zabaltzeko lanak egiteak eragiten duena…
Zalantzarik gabe. Orain, guk ondoen dakigun horretan arituko gara; oso lanpetuta gaude, eta egun gehiago beharko genituzke, baina martxa horretan sartzeko prest gaude. Denbora asko pasatu dugu kontu legalak eta administratiboak kudeatzen, eta, orain, eraikin honek bizitza behar du: gutxinaka jendeak ezagutu, erabili eta gozatu dezan behar du.
Orain hilabete lortu zenuten akordioa Gasteizko Udalarekin. Zer iritzi duzue orain?
Denborak esango du akordioa ona den edo ez, eta egoerari buelta eman diezaiokegun. Izugarrizko erronka du elkarteak aurrera egin ahal izateko, bai horrelako espazio bat kudeatzeagatik, bai zorra itzuli behar izateagatik. Horretarako, lanketa estrategikoak egin behar dira, finantzaketa lortzeko, babesleak, mezenasgoak… Guk proiektua bera lehenetsi dugu, gorabehera guztien gainetik.
Akordioak zuen asmoak eta jarduera baldintzatuko ditu?
Saiatuko gara ahalik eta gutxien baldintza ditzan. Ikusteko dago antzokiak zer moduz funtzionatzen duen, jendeak nola erantzuten duen, antzokiak Gasteizen eta Euskal Herrian zer leku hartzen duen… Proiektua gutxinaka joango da garatzen, eta buruan daukagun ideia hori ezagutzera ematen. Ez da egun batetik bestera gertatuko, baina pausoz pauso egingo dugu. Garrantzitsuena irekitzea da.
Udalarekin izan duzuen gatazkak balio izan dizue berresteko proiektuak komunitate oso bat duela atzean?
Bai, Lazarragak [kultur elkarteak] darama antzokiaren lidergoa, baina azken urteetan elkartea oso babestuta sentitu da. Ikusi da atzean euskalgintzak badaukala komunitate bat, eta herriak ere badaukala behar bat horrelako espazio bat edukitzeko, euskarak horren leku garrantzitsu bat hartuko duen leku bat.
Erdaldunak ere erakarri nahi dituzue bertara eta euskal kulturara. Nola?
Proiektuak berak publiko ezberdinak ditu helburu, eta audientzia horietako bat da erdalduna. Antzokiaren ateak irekita izango dituzte euskal kulturara hurbildu nahi duten guztiek. Gutxinaka hasiko gara; oraingo lehentasuna da kulturgune hau mapan jartzea, eta gainontzekoak etorriko dira.
Nolako egitaraua ondu duzue?
Horretan gabiltza oraindik. Egun batetik bestera ezin da lehen irudikatuta geneukana blokean ekarri udazkenerako. Hala ere, guk irudikatzen dugu diziplina ezberdinetako jarduerak egin ahal izatea, euskal kulturari eta euskarari lotutako jarduerak ekartzea, euskaltzaleentzat, eta euskaratik eta euskaraz. Sormenari espazio berezia eskaini nahi genioke, eta euskal sortzaileen beharrei erantzuteko espazio bat sortu.