«Orain ez nago lehen bezala; kalea beste kontu bat da: gogorra da»

M.B.-k hiru hilabete eman zituen kalean lo egiten, Sortarazi elkartera iritsi zen arte. Egun, elektrizitate ikastaro bat egiten ari da bertan, formakuntza bidezko errotzea lortu eta lan egiteko aukera izateko.

Sortarazi elkarteak eskaintzen duen elektrizitate ikastaroa. SORTARAZI
Sortarazi elkarteak eskaintzen duen elektrizitate ikastaroa. SORTARAZI
Olatz Silva Rodrigo.
Leioa
2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Gauetan, ohean dagoenean, buruari bueltak ematen dizkio M.B.-k —nahiago du izen-abizenik ez aipatu—: «Etorkizunaren inguruan pentsatzen dut; neure buruarekin hitz egiten dut». Pisu batean bizi da orain, baina ez da beti horrela izan: kalean bizi izan da, baita aterpe batean ere.

Duela hamar urte utzi zuen Maroko; 28 urte ditu orain. «Duela urte asko etorri nintzen», gogoratu du. Maroko iparraldekoa da; Tanger hirikoa, hain zuzen. Euskal Herrira iritsi zenean, ez zuen inor ezagutzen, eta lo egiteko tokia aurkitzea ere zaila egiten zitzaion. «Hasieran ez neukan ezer, ahal den moduan bizimodua ateratzen ibiltzen nintzen».

Hiru hilabete eman zituen kalean lo egiten Marokoko gazteak, Sortarazi elkartera iritsi zen arte. «Duela bi urte izan zen hori». Sortarazi-k aterpea eskaini zion Getxon (Bizkaia), eta sei hilabete egin zituen bertan. Gaur egun, pisu batean bizi da, beste bi lagunekin, Leioan (Bizkaia). «Orain pozik nago», esan du. Eta erantsi du ez dela gauza bera kalean bizitzea edo pisu batean: «Orain ez nago lehen bezala; kalea beste kontu bat da: gogorra da».

Nabarmendu duenez, aterpeaz gain, Sortarazi-k beste hainbat laguntza eman dizkio: «Denetarik eman dit: janaria, lo egiteko tokia eta ikasteko aukera». Izan ere, elektrizitate ikastaroa egiten ari da orain, Leioan bertan. Horren parte izateko, sarbide proba bat egin behar izan zuen, beste gazte guztiek bezala. Proba horretan, matematiketako kalkulu errazak egin behar izan zituen, baita gaztelaniazko ulermen eta idazmen proba ere. Ikastaroaren goizeko atsedenaldia baliatu du BERRIAren galderak erantzuteko.

Hamahiru gazte dira ikastaroaren parte. Hori dela eta, aukera izan du jendea ezagutzeko. Halere, ez da egin duen lehenengo ikastaroa. Aurretik elektrizitatearekin lotutako beste ikastaro bat egin zuen, 80 ordukoa. Orain egiten ari dena, baina, luzeagoa da: hiru hilabete irauten du. Gainera, praktikak egin beharko ditu gero enpresaren batean: «Oraindik ez dakit non».

Asmorik ez geldirik geratzeko

M.B.-k gogoa du elektrizitatea ikasten jarraitzeko eta gaian sakontzeko. Horrekin lotutako lana bilatu nahi du: «Lan eskaintzaren bat baldin badago, saiatuko naiz». Halere, ez baldin badago ezer, ez du asmorik geldirik geratzeko: «Elektrizitatearekin lotutako lanik ez badut aurkitzen, beste zerbait bilatuko dut».

Bi urte baino gehiago daramatzanez hemen, aukera izan du formakuntza bidezko errotzea eskatzeko. Espainiako Atzerritarren Bulegoaren erantzunaren zain dago orain. Bulegoak ebazpena ematen duenean, ikastaroaren matrikula aurkeztu beharko du. Horrela, AIZ atzerritarren identifikazio zenbakia lortuko du, bizileku baimenarekin.

«Pixkanaka-pixkanaka», errepikatu du behin eta berriro gazteak. Duela hilabete batzuk «oso galduta» zegoela aitortu du, ez zekielako etorkizunean zer egin. «Orain ere galduta nago», esan du barre lotsatiarekin, baina ez hainbeste. Orain badaki gutxi barru aukera izan dezakeela lan egiteko. «Lanean jarraitu behar dut, eutsi, indar pixka bat izan eta aurrera egin. Pixkanaka-pixkanaka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.