Irati Tobar. Hendaia

«Orain ez daukat eskemarik, atxilotu arte irautea besterik ez»

Irati Tobar Portugaleteko 24 urteko neskak lau hilabete pasatu zituen gorderik, Segiren aurkako azken operaziotik ihes egitea lortu ondoren. Otsailaren 21ean beste zazpi gazterekin batera jendaurrean agertu zen, Izpuran. Beste zazpiak atxilotuta daude.

BERRIA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdia hasi zuten zortzi gazteetatik aske dagoen bakarra da Irati Tobar portugaletetarra. Hautetsien etxean babestu da.

Astelehenean zurekin itxialdian egondako lau atxilotu zituzten eta asteartean beste hiru. Nola bizi dituzu egun hauek?

Gogorra da. Kantalditik atera ginenean espero genuen bizitza normala hasiko genuela, bakoitzak bere hautetsien herrietan. Babes bat topatu, lana bilatzen hasi, eta etorkizunean etxebizitza bat. Pentsatzen hasi aurretik hasi ziren atxiloketak. Egun batean lau egin zituzten. Arratsaldean bertze laurak elkartu ginen, eta nahiko harrituta geratu ginen. Ez genuen espero hain arin gertatzea, eta gutxiago denok batera. Nik uste dut Espainiako Estatuak argazki hori nahi zuela, zeren eta astearte gauean beste sarekada bat egin zuen Hego Euskal Herrian. Haientzat argazki polita da: lau alde batetik eta zortzi bestaldetik. Horrek ere zentzua badauka.

Beste hirurak prentsaurrekora joan ondoren atxilotu zituzten. Ni ez nintzen joan, Hendaian bagenituelako hautetsiekin bilkurak, baina izan nintekeen haietako bat. Badakit gainean ditudala, denbora guztian ikusten ari naiz nola mugitzen diren; baina pozik nago, Hendaian bertan lortu dugun babesa ez delako beste inon ikusi. Ematen du beste babes mota bat sortu dela, abertzaleen eremutik haratago. Atzo, adibidez, hamabost-hogei pertsona joan ginen herriko etxetik PCko hautetsiaren etxera. Poliziak atzean genituen kotxean eta ez ziren atera Endikari atera zitzaizkion bezala, edo Jacinti eta Xalbari.

Hautetsiak mehatxatu eta kolpatu dituzte. Frantziako poliziek ez dute dudarik egin. Zer ikusten duzu jarrera horren atzean?

Ni ere asko harritu naiz; gainera, orain arte hemen izan diren atxiloketak ez dira horrelakoak izan. Polizia frantsesak pistolarekin apuntatzen egotea hautetsi abertzaleei eta Berdeetako beste hautetsi bati... Beste pauso bat eman dute. Nik ez dakit Espainiako Estatuak zer-nolako presioa egingo dion Frantziakoarimomentu honetan, baina argi dago gatazka bi estatuek daukatela, etaFrantziak hori egin badu, zerbaitengatik dela. Pistolak buruan apuntatzen joan dira eta kristalak apurtu dituzte. Gainera, hautetsi batzuei egin diete hori, bizitza publikoa egiten duten pertsonei, herriak hautatuei. Horrek kostu politiko bat dauka, ez dakit kontziente diren horretaz, baina eragina izango duela argi dago.

Atzo Hendaiako herriko etxean izan kontseiluan egon zinen.

Bai atzo plenoa zegoen, eta hori aprobetxatuz, hautetsientzako gutun bat egin genuen, esaten nola Iker Elissalde hautetsi abertzaleak onartu nauela bere etxean eta nire egoera esplikatzen. Orduan nahi genuena zen babes bat lortzea edo sostengu kanpaina bat abiatzea. Plenoaren hasieran Elissaldek salatu zuen nola atxilotu zituzten besteak. Bortitza izan zela hautetsienganako jarrera Polizia frantsesaren aldetik eta beraz plenoan ez zuela parte hartuko. Bilkura bukatu zenean beste hautetsiek aukera zuten nirekin egoteko edo galderak egiteko. Pixkanaka hurbildu ziren eta gutuna sinatu zuten.

Jakin genuen Elissalderen etxe aurrean poliziak zirela, eta etxera joanez gero atxilotu egingo nindutela. Pentsatu zuten aukera bakarra beste norbaiten etxera joatea zela. Sei-zazpi zinegotzi egon ziren hitz egiten eta PCko hautetsi baten etxean egin dut lo. Herriko etxetik haren etxera abiatu ginen, hautetsi eta herritar askorekin. Poliziak ziren atzean, baina ez ziren atera. Gaur ez dakit zer gertatuko den.

Lau hilabetez gorderik, aste bateko itxialdia, bizitza publikoa egiten hasi eta azkenean atxiloketak. Nola egiten zaio horri aurre?

Hasten zara pentsatzen zer etorriko den, eta gertatu aurretik beste zerbait dator. Nire eskema zen lana eta bizitza berri bat hastea, eta orain ez daukat eskemarik, atxilotu arte irautea besterik ez. Orduan bai, pertsonalki ere apurtzen zaitu denbora guztian.

Zuen inguruan sortu den uholde hori nola ikusten duzu?

Nik ikusten dut babesaabertzale munduaz haratago zabaldu dela. Izpuran egon ginenean ere elkarrizketak egin genituen ezkerreko sindikatu batzuekin eta PSko jendearekin. Jende bat abertzalea ez dena, Euskal Herriaren alde agertu ez dena baina defendatzen dutena ideia politikoak izatea zilegi dela. Hori aurrerapausoa da.Egia da Aurore Martinen kasuak eragina duela, eta hor kristoren mugimendua sortu zela. Aipatu behar da sortutako batzordea, haiek eman ziguten babesa. Hori guztia egon ez balitz ,gurea ere ez zen posible izango, hau da mugimendu horri beste harri bat, beste pauso bat ematea.

Izpurako itxialdian nola ikusi duzu jendearen jarrera?

Pozgarria izan da mundu guziarentzat, eta guretzat, agertu garelako eta esan beharrekoa esan dugulako. Hegoaldean gazteentzat zaila da egoera, azken urteetako zailena. Haien izena zerrenda beltzetan atera ez bada ere, militantzia zaila da. Gainera, prozesu demokratiko bat abian jarri dugunean, eta esan dugunean horrekin aurrera egingo genuela.

Zer esango zenioke gazteriari?

Ipar Euskal Herriko gazteei: ikusi dut gero eta gazte gehiago biltzen direla eta mugimendua indartzen ari dela, eta horrek pila bat pozten nau. Lanerako gogoarekin ikusi ditut. Hegoaldekoei, berriz, animo pila bat. Adi egoteko sarekaden inguruan, baina batez ere lanean jarraitzeko; belaunaldi berriak borrokara lotzen ez badira, ez daukagu irabazterik. Antolatzeko eta borrokatzeko gogoa dagoen bitartean, aukera guziak gure alde ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.