Orain Errepublikak; Agora Repúblicas; Ara Repúbliques. Horixe, euskaraz, galizieraz eta katalanez, EH Bilduren, BNGren eta ERCren arteko koalizioaren izena Europako Parlamentuko maiatzeko bozetarako. Emaitza onak lortu, eta xedea, Josu Juaristi EH Bilduko hautagaiaren hitzetan, hiru herrialdeentzat «garai politiko erabakigarriak erdiestea» izango da; azken batean, herri horien «etorkizuna eta eskubideak Europako agendan» egoteko eta «estaturik gabeko nazioen aitortza» lortzeko. Hala, «askatasunen eta eskubide nazionalen eta sozialen defentsan» ariko dira.
Europako duela bost urteko bozetako emaitzak kontuan hartuz, milioi bat botoren bueltan ibil daiteke Orain Errepublikak koalizioa. 2014koetan, ERCk 630.072 boto eskuratu zituen —bi europarlamentari—, eta EH Bilduren eta BNGren Herriek Erabaki-k, 326.464 —aulki bat; legealdia txandatu egin zuten Juaristik eta Ana Mirandak—. Beraz, bi koalizioen artean 956.536 boto izan zituzten, eta hiru aulki. Hego Euskal Herrian, EH Bildu izan zen indar bozkatuena, 220.083 botorekin eta %22,1eko babesarekin —aurrena geratu zen Araban eta Gipuzkoan, eta bigarren, Bizkaian eta Nafarroan—. Katalunian, ERC izan zen lehenengo indarra, %23,6rekin —talde txiki batzuekin koalizioa osatu zuen—. Eta, Galizian, bosgarren tokian geratu zen BNG, %7,9rekin.
Galizian aurkeztu dute Orain Errepublikak koalizioa hiru indar politikoek, Santiago Compostelan. Han izan dira Juaristi, Miranda eta ERCtik, Oriol Junqueras hautagai eta presoaren partez, Diana Riba —Raul Romeva katalan presoaren emaztea da—. Asturiasko, Aragoiko eta Kanarietako mugimendu subiranistak koaliziora batuko diren itxaropena agertu dute aurkezpenean.
«Faxismoaren aurka egiteko hautagaitza bat da hau, eta askatasuna eta demokrazia defenditzeko», adierazi du Mirandak. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako interes nazionalak aldarrikatzeaz gain, Europako beste herriekin lan egin nahi dute, «Europa solidarioa eraikitzeko», BNGko kideak esan duenez. «Gizarte ireki, progresista, feminista, ekologista eta solidarioaren alde ariko direla azaldu du Juaristik.
Riba ERCko hautagaiaren esanetan, Espainiako Estatuaren «atzerakada demokratikoaren» aurrean «askatasuna» defendituko dute Europan. «Bi alternatiben aurrean gaude une hauetan: populismo autoritarioa ala ezker eraldatzailea. Hori egongo da jokoan maiatzaren 26an». Ribak iragarri du Europako Parlamentuko datorren legealdian «eskuin muturraren» ordezkariak egongo direla, eta, ondorioz, hausnartu egin beharko dela «zer egin den gaizki».
Junqueras, Juaristi eta Miranda izango dira Orain Errepublikakkoalizioko zerrendaburuak. Hautagaitzaz ez dute bestelako xehetasunik eman oraindik. Euskal Herrian eta Katalunian ere egingo dituzte aurkezpenak, aurki.
Orain Errepublikak, eskubide nazionalen eta sozialen alde Europan
Galizian aurkeztu dute hautagaitza EH Bilduk, ERCk eta BNGk. Duela bost urte, bi taldetan joanda, ia milioi bat boto eta hiru aulki lortu zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu