Duela hilabete pasa Guardia Zibilak Euskal Herrian hamabost lagun atxilotu zituen, sare sozialetan «terrorismoa goratzea» leporatuta —aske geratu ziren—. Atzo, berriz, bost lagun atzeman zituen Oiartzunen (Gipuzkoa), Aritxulegin «ETA goretsi» izan dutelakoan, zuhaitz batzuk landatu eta haietan azkeneko 40 bat urtean hil diren militante independentisten izenak jarrita. Haritz izena eman diote operazioari.
Xabier Iragorri (64 urte), Erramun Sagarzazu (49), Ramon Gaztelumendi (49) eta Joakin Izagirre (63) eta Itziar Iñarra (55) dira bostak. Lehen laurak 06:45 eta 07:15 artean atzeman zituzten, etxean edo etxetik irtetean, eta Iñarra 18:50ean, etxean. Donostiako Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten. Komunikatuta dauzkate, eta gaur Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dituzte, operazioa agindu duen Pablo Ruz epailearen aurrera. Beste sei lagunek, berriz, 16:30erako kuartelera deklaratzera joateko deia jaso zuten; 19:30ak aldera atera ziren. Bost inputatuta daude; bestea lekuko gisa deitu zuten.
Espainiako Barne Ministerioak esan du atxilotuek eremu publiko bat baliatu nahi izan dutela «hildako etakideak gurtzeko, omenaldi iraunkorrerako leku enblematiko bat sortu eta haien memoria gorde, jarduera terrorista legitimatu eta erakundearen ideiei eusteko». Gobernu bereko Defentsa Ministerioak orain dela bi aste indarkeria eta memoriari buruz bestelako jokabide bat izan zuen: Iruñean Espainiako armadako America 66 erregimentuari buruzko erakusketa bat zabaldu zuen. Erregimentu hark 1937an, kasurako, Valdediosko (Asturias, Espainia) hamazazpi pertsona hil zituen: medikuak eta erizainak, emakumeak... Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albak erakusketaren irekieran adierazi zuen 250 urteko historian «hainbat etapa» daudela eta «haietako zenbait besteak baino hobeak» direla.
Bere garaian EAE-ANVk Aritxulegin, «faxismo espainiarraren aurka» 1936ko gerran hildako ezker abertzaleko kideak gogoratzeko, monolito bat jarri zuen. Erasoak jaso izan ditu.
Barne Ministerioak dio han, egitasmoari Gudarien basoa izena emanik, 239 haritz landatu dituztela, hildako ETAko kide bakoitzeko bat. Guardia Zibila goizeko hamaikak ingurura arte ibili zen atzo Aritxulegin, eta aipatutako basoa eraitsi egin zuen,aldaxkak eta plaka txiki ugari eramanda.
Barne Ministerioak esan du 1990eko hamarkadaren erdialdetik hildako etakideak ere omendu dituztela han ekitaldien bidez. Haren arabera, joan den martxoaren 9an Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon omendu zituzten, haritz bana landatu eta haien izen-abizenak jarrita. Preso zeudela hil ziren biak: Lopez Peña iazko martxoan —bihotzekoak jo ostean, ospitalean zendu zen— eta Bellon aurtengo otsailean —hari ere bihotzekoak eman zion; ziegan hil zen—.
Udalaren gaitzespena
Oiartzungo Udalak operazioa salatu zuen arratsaldean egindako ezohiko udal batzarrean. Bilduko hautetsiak azaldu ziren, EAJ eta H1ekoak ez. Udalak babesa agertu die atxilotuei eta beste sei lagunei, eta aurrenak aske uzteko exijitu du. 20:00etan manifestazioa izan zen.
Gaztelumendi Errenteriako udal langilea da, eta hango Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako adierazpenak «zalantzak» agertu ditu haren aurkako akusazioen inguruan. EH Bildu, PSE, EAJ, PP eta Ezker Anitzaren oharrak dio bost udal taldeek «bizikidetza eta guztien arteko errespetua» onartzen duen adierazpena adostua dutela; «egia, memoria, justizia eta indarkeriaren biktima guztientzako ordaina hartu behar dira oinarri».
Sortuk operazioa «larria» dela esan du. «Berriro iritzi delituengatik ari dira pertsonak atxilotuta eramaten. Ez da zilegi hil den norbaiten memoriari eraso egitea. Ezin dira sentimenduak debekatu». Amaia Izkok eta Pernando Barrenak eman zuten prentsaurrekoa, Donostian. Gipuzkoako Aldundiak ere gaitzetsi du operazioa, «giza eskubideen aurkakoa baita». Larraitz Ugarte bozeramaileak azaldu du Espainiako Estatuaren krisian gertatu dela, «arreta desbideratu nahian».
Orain, basoko memoriagatik
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Oiartzunen, Aritxulegin ETA goretsi dutelakoan.Auzitegi Nazionalera eramango dituzte gaur.Beste sei laguni deklarazioa hartu diete

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu