Orain Baik ohartarazi du auzitara joko duela kaleratzeei uko eginez gero

Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kaleratuz gero berriz hartzeko prest direla azaldu du Cousok. Mahaiak beste txosten juridiko bat eskatu du

Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea, duela bi aste, bilerara sartu aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Oraindik ez da auzia konpondu, eta bitartean astebete gutxiago falta da legealdia amaitzeko. Iragan astean Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentari —Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez—kanporatzeko eskaera berriz aurkeztu zuen, aurreko aldian egindako forma akatsak konpondu asmoz. Atzo goizean, Parlamentuko Mahaiak erabaki zuen beste txosten juridiko bat galdegitea, legelari nagusiak azter dezan oraingoan araudia betetzen den. Geroa Baik atzo aurreratu zuen euren ikuspegitik ez duela baldintzarik betetzen. Orain Baiko Carlos Cousok, berriz, mahaia osatzen duten alderdiei ohartarazi zien euren nahia bete ezean auzitara jotzeko asmoa dutela. «Mahaiko kide guztiak epailearen aurretik pasatu beharko dira, araudia nabarmen urratuko luketela uste dugulako».

Oraindik ez da halakorik gertatu. Ainhoa Aznarez presidenteaz gain, Geroa Baiko Unai Hualdek, EH Bilduko Maiorga Ramirezek, eta UPNko Alberto Catalanek eta Isabel Garcia Malok osatzen dute mahaia. Atzo, Ramirezek proposatu zuen Cousok aurkeztutako bigarren eskariaren txosten juridikoa egitea: Hualdek zein Aznarezek alde bozkatu zuten, eta UPNko bi kideek, aurka.

Cousok zuzenean atzo Aznarezen aurka jo zuen. Haren ustez,bere karguaz baliatzen ari da. Arrazoitu zuen Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kaleratzeko arrazoi nagusia Aznarez kargugabetzea dela. Izan ere, Cousoren arabera, mahaiak hiru parlamentariak kaleratzea onartuko balu prest leudeke berriz taldean hartzeko, «eurek hala nahiko balute».

Aznarez jomugan

Jarrera hori ez dator guztiz bat orain arte defenditutakoarekin. Eskaera abenduaren 20an aurkeztu zutenetik, Cousok azpimarratu zuen parlamentuko lana egiteko baliabide nahikorik ez zutela eta euren aholkulariak izateko beharrezko zutela hiru kideak taldetik kaleratzea. Iaztik taldeko dirua blokeatuta dago Ahal Dugu-ren erabakiz, eta diru hori berreskuratzeko modua izan zitekeen. Atzo, Cousok berretsi zuen dirua ez dela euren helburua, eta gizarte gaietarako uzteko prest daudela. Zuzenean Aznarezen aurka jo zuen, eta, parlamentuan aurkezten diren gaiak kudeatzeko orduan bere interesen mesedetan aritzea aurpegiratu zion.

Legealdia amaitzeko hain gutxi falta den honetan, Parlamentuko Mahaiko gehiengoa arriskuan jartzea aurpegiratu zien EH Bilduko Adolfo Araizek Orain Baikoei. «Surrealista» iruditu zitzaion hiru kide kanporatu nahi izatea berriro hartzeko: «Dena azter dezakegu, baina gehiengoa hautsi nahi izateak ondoren josteko ez du zentzurik», aipatu zuen: «Eman dituzten arrazoiak ez dira nahikoak presidente bat gainetik kentzeko, beste bat hautatzeko eta ondoren esateko kaleratuak talde barruan hartu nahi dituztela», gaineratu zuen. Legelariak emango duen irizpidearen zain, Araizek argi utzi zuen parlamentuko organo guztietan gehiengoa izatea bilatuko dutela.

Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, Cousoren bigarren eskaerak ere ez ditu hiru parlamentariak kaleratzeko legelariak aipatutako baldintzak betetzen. Aurreko txostenak aipatzen zuen bilera baten akta aurkeztu behar zela eta haren gai ordenan kaleratzeko proposamena agertu behar zuela. Haren esanetan, halakorik ez du eskaera berriak.

UPNko Carlos Garcia Adanerok EH Bilduri eta Geroa Bairi aurpegiratu zien Ahal Dugu-Orain Bai taldearen kontrola hartzea eta parlamentuaren beraren irudiari kalte egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.