Orain Baik ez du argitu zer egingo duen udal maparen erreformaren bozketan

Azaldu dute ez duela erlaziorik talde barruko egoerarekin. «Geroa Baik eskatu dio «xantaiarik» ez egiteko. EH Bilduk «aukera historikotzat» jo du

joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hiru urteko ibilbide luzearen ostean, etzi emango zaio amaiera parlamentuan udal maparen erreformari. Bozketa horren atarian, Orain Baik ez du argitu zer bozkatuko duen. EH Bilduko Adolfo Araizek«aukera historikotzat» jo du bozketa, eta Orain Bairi ohartarazi dio legea aurrera ateratzeko gehiengo osoa behar denez gobernua babesten duten alderdietako parlamentarien 26 botoak beharko direla, laukoaren barruan abstentziorako tarterik utzi gabe: «Edo alde bozkatzen da, edo aurka». Era berean, Ezkerrak eta Geroa Baik aldeko botoa eskatu dute.

Azken bi legealdietan hainbat saiakera egin dira udal administrazioaren egitura berritzeko. Oraingo gobernuak bultzatutako lege proiektuak Nafarroako Udal eta Kontzeju Federazioarekin batera prozesu parte hartzaile irekia bultzatu zuen, eta udalek 117 ekarpen egin zituzten. Parlamenturaino heldu den lege proiektuak, besteak beste, proposatu du mankomunitateak hamabi eskualdetan egituratuko direla.

Araizek onartu du legeak hutsune batzuk dituela, baina egungo egitura hobetuko duela eta mugarria ezarri. Azken asteetan sindikatuak erreformaren aurka azaldu dira, baina argitu du udal langileen lan baldintzak bere horretan jarraitzea ahalbidetzen duela eta hori are argiago uzteko azken zuzenketak aurkeztuko dituztela, etzi.

Argudio horrek baldintzatu dezake Orain Bairen botoa, eta, hiru egunen faltan, Laura Perezek ez zuen zehaztu zer egingo duten. «Hainbat elementu aztertzen ari gara», aipatu zuen, gehiago zehaztu gabe. Perezek zioen legearen bozketa eta talde barruko egoera «erabat kontu desberdinak» direla, ez dutela erlaziorik.

Hala ere, inori ez zaio oharkabean pasatzen Parlamentuko Mahaiak oraindik ez diola bide eman Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentari kaleratzeko eskaerari. Iragan astean hamar eguneko epea eman zitzaion Orain Bairi kaleratzea egin zeneko bileraren akta aurkezteko, eta erreforma onik ateratzeko denbora irabazi zuen mahaiak.

Perezek erlaziorik ez duela esan arren, Geroa Baiko Koldo Martinez ez da erabat fidatzen. Haren esanetan, lege proiektuak sindikatuen aldarrikapenak zentzuz jaso ditu, eta horregatik ez du ulertzen Orain Bai luzamendutan aritzea. «Legea babesten ez badu, gainerako bazkideei egindako xantaia izango da». Arduraz jokatzera dei egin dio.

Neurri batean, hori egin du Ahal Dugu-k. Lege proiektuarekin kritiko azaldu arren, «leialtasunez» aldeko botoa iragarri du. Ahal Dugu-ren arabera, legea asmo onekoa izan arren, edukia «zehaztugabea» da. Hala, legea helmuga baino abiapuntua dela deritzo.

Ahal Dugu-ren posizio horren atzean bestelako interesak ikusi zituen atzo UPNko Jose Javier Esparzak, eta kaleratze eskaerarekin erlazionatu zuen: «Legearen alde bozkatuko dute Ainhoa Aznarez parlamentuko presidente karguan eustea nahi dutelako».

Ahal Dugu ez da bertaratu

Beste astebete irabazi da. Mahaiak aurreko astean eskaera zuzentzeko idatzia aurkezteko galdegin zion Orain Bairi: bertan kaleratzea egin zeneko bileren akta eta deialdia jaso behar luke. Laura Perezen arabera, ez dute halakorik egin eskaeran Carlos Cousoren sinadurarekin taldearen gehiengoaren borondatea islatu dutelako. Mahaiari irizpideak «nahieran» aldatzea egotzi zion. Atzo eguerdian bilerara deitu zuten parlamentu talde osoa, baina Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak ez ziren bertaratu.

Ahal Dugu-k ohar batean jakinarazi du bilera horrekin hiru parlamentariak kaleratzeko erabakiari zilegitasuna ematea bilatu duela Orain Baik. Eurak kanporatuta, Orain Baik legeari iruzur egin nahi diola salatu dute, eta ontzat jo dute horregatik taldearen dirua blokeatuta egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.