Nafarroako hiru herritako berdintasun sailentzat egiten du lan Felicidad Muñoz Ruete psikologoak (Donostia, 1962): Berriozarren, Antsoainen eta Lizarran. Askotariko kezkekin joaten zaizkio emakumeak, baina gehienetan arazo bera dago oinarrian: indarkeria matxista. Genero ikuspegiz lantzeko beharra azpimarratu du: «Ez baduzu ikusten bortizkeria egiturazkoa dela, ezin duzu ulertu gradu kontua dela».
Nolako kasuak artatzen dituzue psikologia zerbitzuan?
Orokorrean, euren bizitzako krisi momentuetan ematen diegu arta emakumeei: izan daiteke bikote bereizketa bat, dolu bat, lan aldaketa bat, laneko arazo bat, jazarpena... Momentuko laguntza terapeutikoa eska dezakeen zerbait. Jendea etor daiteke zuzenean, edo beste zerbitzu batek bideratuta, adibidez, medikuak. Gure ezaugarria da genero ikuspegiz egiten dugula terapia.
Emakumeak arazo arruntekin doaz, beraz, zuengana. Eta hor detektatzen duzue biolentzia?
Noski. Gertatu ohi zaigu etortzen dela emakume bat esanez bikote harremanean arazoak dituela eta ez dakiela bereizi nahi ote duen. Baina ez dizu aurkezten bortizkeria kasu gisa. Ez estali nahi duelako, baizik eta agian ez diolako garrantzirik ematen, indarkeriazko harremanetan askotan gertatu ohi den gisan: pertsonek indarkeriazko harreman bat jasan ahal izateko, graduaren arabera, harremanaren alde negatiboa minimizatu ohi dute, eta positiboa maximizatu. Eta, bat-batean, aztarrika hasten zarenean, ohartzen zara indarkeriazko harreman bat dela. Zeren, noski, indarkeria mota asko daude: ez dago soilik fisikoa. Indarkeria psikologikoa dago, soziala, ekonomikoa, sexuala... Batzuetan, batek azaltzen dizu arazoak dituela sexu harremanetan, eta bat-batean ohartzen zara familiako kide batek berataz abusatu zuela umetan.
Zer indarkeria mota detektatzen dituzue?
Indarkeria psikologikoa da agertzen den lehena, eta beti presente dagoena beste alderdi batzuei gehituta. Egiturazko indarkeria duen gizarte batean bizi gara, eta horretan oinarritzen dira gure harreman gehienak. Gehienez ere esan ahalko dugu indarkeria gradua txikia dela, baina indarkeria gehienetan dago, botere harremanetan heziak izan baikara.
Eta, orduan, zergatik ez dugu ikusten?
Indarkeria makillatua dago, oso gaizki ikusia dagoelako. Nahiko antzezle onak gara, eta iruditzen zaigu bikainak garela eta botere harremanak soilik gertatzen direla politikaz ari garenean edo gurekin zerikusirik ez duen zerbaitez ari garenean. Baina, askotan, bikote harremanak horretan oinarrituak daude: niri traba egiten dit zuk nik baino diru gehiago irabazteak, zuk nik baino arrakasta handiagoa izateak ikasketetan edo lanean... Tristea da, baina hala da. Ez beti, baina bai askotan.
Aipatu duzu gradu kontua dela. Zer erran nahi duzu?
Nik beti jartzen dut sukarraren adibidea: ezin duzu 38ko sukarra izan ez baldin baduzu lehenago 37,8, 37,6 eta 37,5 izan. Eta horrela, atzera, zure tenperatura normaleraino. Baina tenperatura normala ez da berdina denentzat, eta sukarra ere ez. Batzuek galdetzen dute: «Jotzen zaitu ala ez?». Baina gizon batek jotzen duenerako, segur aski bortizkeria psikologiko egon da, oso maila altuan. Eta badago jendea biolentzia psikologiko eta fisiko oso handia jasaten duena baina dioena ez duela indarkeria sexualik, ulertzen duelako biolentzia sexuala dela penetraziozko harremanak izatera behartzea. Bada, motz gelditzen da kontzeptua.
Nafarroan EAIV genero indarkeria jasan dutenentzako arreta integralerako taldeak daude. Haiekin lan egiten duzue?
Bideratzen ditugu kasu batzuk horra, baina gertatzen zaigu emakume batzuek erresistentziak jartzen dituztela gertatzen zaiena bortizkeria gisa identifikatzeko, eta ez dute EAIVetara joan nahi izaten. Orduan, guk artatzen ditugu. Indarkeria harreman bat izan baduzu aurretik, nik seinale gorriak deitzen ditudanak identifikatzen hasten zara: semaforoa. Argiak pizten zaizkizu. Baina emakume askori iruditzen zaigu hori ezin zaigula guri gertatu. Eta badira pertsona batzuk pentsatzen dutenak tratu txarrak ematen dituzten gizonezkoak beste planeta bateko izakiak direla; baina ez dago profil bat. Aurreiritzi horiek edukitzea arrisku faktore bat da.
Seguruago sentitzen dira emakumeak zuenean?
Udalek ematen dutenez zerbitzu hau, diskretuagoa da. Eta komunitate txikietan kontrol soziala dagoenez, errazagoa da hurbiltzea. Gertatzen ari zaienaren gaineko kontzientzia lortu arte ezin ditugu utzi arretarik gabe. Gero, emakume horrek salaketa jarriko du azkenean, ala ez: hori errespetatu egin behar da. Beren ahalen barnean independentziaz erabakitzearen kontzientzia hartu behar dute.
Konfinamenduan, dei gehiago jaso dituzue?
Denon beldurra hori zen: indarkeria jasaten duten emakumeak ezin zirela etxetik atera. Baina 2008ko krisi ekonomikoan ere gauza bera gertatu zen: indarkeria jasaten duten emakumeek bizirik irauten ikasi dute. Kasu muturrekoenak azaleratu dira, baina emakumeek oso ongi dakite oro har egokitzen eta jasaten, baldintzen arabera. Beste batzuk, berriz, konfinamenduan ohartu dira jasaten duten indarkeriaz, ordu asko pasatu dituztelako etxean elkarrekin. Hori oso ohikoa izaten da udako oporren ondoren ere.
Ez da kasu berririk atera?
Bai, bai, atera dira. Eta gertatu dira erasoak, eta artatu dira. Baina espero zen baino gutxiago: uste dut orain aterako direla, konfinamendua arindu ahala. Eutsi egin diote emakumeek, baina iristen da momentu bat dena lehertu egiten dena.
Zer zailtasun izan dituzue halako kasuak tratatzeko orduan?
Denak daude harrituta zeinen ongi doan telelana, eta ez dut ezetz esaten, baina ez da gauza bera: edozeinek esan diezazuke. Nik lanean jarraitu dut lehenengo minututik, eta ez dut izan atseden egunik. Etengabe lanerako libre egon behar izan dut, zeren eta demagun: bikotekidearekin baldin badu emakume batek arazoa, eta ezin bada etxetik atera, emakume horren aukeren arabera antolatu behar duzu. Hasteko, berak deitu behar dizu, eta ahal duenean izaten da hori. Irudika dezakezu zer izan den lan egiten saiatzea... Eta, gero, telefonoz, parte bat galdu egiten da.
Zer garrantzi du genero ikuspegiak zuen lanean?
Niretzat, erabatekoa. Ez baduzu ikusten bortizkeria egiturazkoa dela, ezin duzu ulertu gradu kontua dela. Eta horren arabera egokitzen dugu andreei galdetzeko modua. Bikotekidearekin arazoak dituela esaten dizun lehen aldian galdetzen badiozu senarrak jotzen duen, jo baldin badu ere, ezetz esango dizu; pareta jo izana ez duelako hartuko eraso gisa. Baina pareta jotzen badu, hurrengoa zu izan zaitezke. Egitura ikusi gabe, ezin duzu ulertu indarkeria botere harremanetan oinarritua dagoela: ulertuko duzu deskontrol arazoak dituela eta tarteka jotzen duela. Harreman toxikoak aipatzen dira, baina deus azaltzen ez duen ke hodei bat da hori.
Felicidad Muñoz Ruete. Psikologoa eta sexologoa
«Orain azaleratuko dira genero-indarkeria kasu gehienak»
Uste zenaren kontra, konfinamenduan indarkeria matxistaren kasuak ez dira ugaritu, Muñozek dioenez: «Emakumeek eutsi egin diote». Uste du konfinamendua arindu ahala aterako direla azalera kasurik gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu