Orain artekotik geratu dena

Gure Esku Dago-k esandakoa bete du hiru urte eta erdiko bidean. Hurrengo astean beste fase bati ekingo dio

enekoitz esnaola
2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar dinamikaren sorrera eta hedatze plana, eskubidearen sozializazioa eta kultura demokratikoaren pedagogia, 123 kilometroko giza katea, ehuntze ariketak, herritarren ahalduntzea, herri galdeketen prozesuak... Hiru urte eta erdi konplitu ditu gaur Gure Esku Dago-k, eta orain arte galtzak bete lan izan du. Hil honen 17an beste fase bati ekingo dio, agian dinamika gisa iraungitzerainokoa: 2019ra arteko bide orria aurkeztuko du, Iruñean. Ikusiko da zer-nola garatzen den plana. Orain artekotik zer geratu da?

DEMOKRAZIA

Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro izandakoaren esaldi bat gustukoa dute Gure Esku Dago-n: Europan, oroz gain, iraultza demokratiko bat behar dela. Dinamikak argi zioen bere sorreran (2013-06-08): «Gure helburua ez da abertzaleak batzea. Gure aldarrikapena ez da abertzalea. Gure helburua demokratak batzea da, helburu prepolitikoa lortzeko». Harrezkero, erabakitzeko eskubidean, erabakiaren ariketan, eta herritarren parte hartzean eta elkarlanean zentratu dute mezua. Euskal Herrian zabalduz eta sendotuz doazen kontzeptuak dira; ez bakarrik Gure Esku Dago-ren lanagatik—esate baterako, ETAk 2011n jarduera armatua uzteak klima politiko lasaiago bat sorrarazi du—, baina haren lan iraunkorrak eta eraikitzaileak izan du eraginik.

KULTURA DEMOKRATIKOA

Gure Esku Dago-k badu zuzendaritza bat eta haren talde eragilea, baina baditu herrietan batzordeak, eta, gainera, badira galdeketetarako plataformak. Sentsibilitate desberdineko jendea batzen da—pertsonala eta borondatezkoa da partaidetza—, eta berdinetik berdinera aritzen dira. Dinamikak nabarmentzen du irekia dela eztabaidarako jarrera. Aniztasuna kudeatu nahi du, adostasuna lortzeko. Haren ustez, Euskal Herrian beharrezkoa da kultura demokratiko hori sustatzea.

HERRITARRAK AHALDUNDU

Lizarra-Garazin eta Loiolako elkarrizketetan ibili ziren eragileek aitortzen dute babes soziala falta izan zela orduko prozesuetan. Erantzukizunik izan zuten haiek, elite politiko batek kudeatu zituelako prozesuak. Paradigma aldatzen ari da Gure Esku Dago-ren lanaren ondorioz: herritarrak ere protagonista dira, mintzatzen ari dira erabakitzeko eskubideaz eta estatus politikoaz. Badago ahalduntze sozial bat, baina oraindik gehiago jorratu beharreko zeregintzat du dinamikak; gehiagosinisteaz hitz egiten du. Gaur-gaurkoz euskal kultura politikoan alderdiek pisu handia daukate.

SAREA

Soilik hiru urte pasako dinamika bat izan arren, Gure Esku Dago-k, bere datuen arabera, Euskal Herrian berrehunen bat batzorde dauzka. Sare handia da hori. Gainera, galdeketen bidez asmatu du jende gehiago batzen proiektura, tokian tokiko plataformak sortu baitira, eta jende ugari bildu da ekinbide zehatz horien inguruan. Giza kapital garrantzitsua pilatzen ari dira. Hor ere sakontzen segitu nahi du. Besteak beste,geruza sozial gehiagotara ailegatzeko, baita adin mota desberdineko jendearengana iristeko ere; adibidez, badaukate lanik gazteengana gehiago heltzeko.

MOBILIZAZIOA

Gure Esku Dago-k 2014ko giza katean 150.000 herritar bildu zituen Durango eta Iruñe artean; urte berean, hamar mila laguneko mosaiko bat osatu zuen Donostian; iaz, estadioetako-eta bost ekitaldietan 70.000 lagun izan zirela dio, eta ehun herritan baino gehiagotan Joste Eguna antolatu zuen, eta orain arte 38 galdeketa izan dira —39.201 lagunek eman dute botoa—. Oro har, ez du hutsik egin mobilizazioetan, eta jaso du jendearen babesa. Estadioetakoan-eta ez zuen nahi adina lagun bildu; agian, ez zuen asmatu data egokia jartzen, HegoEuskal Herriko udal eta foru hauteskundeetatik nahiko gertu izan zelako ekitaldia. Karga emozional handia jartzen die bere ekinbideei, baina tarteka gehiegizko euforia agertu izan du.

PROTOKOLOA

Gardentasun eta berme juridiko-tekniko aldetik ezbairik gabekoa izan da Gure Esku Dago-ren galdeketetako protokoloa: gune pribatuak bozkaleku, kontrol eta jarraipen batzordeak, begiraleak, bozkatzeko baldintzak... Kontsulten zilegitasun demokratikoa bermatu dute, eta normaltasuna nagusitu da. Uste du eztabaida eta prozesua modu ordenatu batean garatzeko tresna dela protokoloa.

PARTE HARTZEA

Gure Esku Dago-k sustatutako—ez antolatutako— galdeketak ez dira instituzionalak, emaitzak ez dira bete beharrekoak, aurrekontu handirik ez daukate edota hedabide nagusietan ez dute presentzia handia izan. Batez beste, partea hartzea %30,16 izan da. Asko ala gutxi da? Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak joan den ekaineko galdeketa sortaren ondotik zioen ariketa «izugarria» izan zela; aldiz, beste batzuek zioten parte hartze txikia zela. Halako kontsultetan ere garrantzitsua izan ohi da kanpaina mota, baina eremu batzuetan—atomizatuenetan— ez ziren gehiegi heldu edo joan herritarrengana, eta gehienetan %24ko parte hartzetik behera ibili ziren. Azken bietan zuzeneko lanketa egin dute —Dima eta Bakaikun—, eta Oiartzualdean ere, kasurako, etxez etxeko kanpaina egitea planteatzen dute, Dimaren-eta aldean eremu handiagoa eta soziologikoki oso desberdina izan arren. Oraingoz, datorren urterako beste 113 galdeketa daude iragarrita. Haiek batuta, denera erabakiaren ariketa 672.000 herritar bizi diren esparrura helduko da—errolda, 570.000 ingurukoa—, eta, parte hartzea %30 bada, 170.000 boto emaile izango dira.

LURRALDETASUNA

Gure Esku Dago nazio egitasmo bat izaki, herri galdeketen arloan geografikoki bada hutsunerik edo gabeziarik, 2017 arte nagusiki Bizkaian eta Gipuzkoan izango baitira. Herrialdeetako ahots publikoen falta ere aipatzen da. Bestetik, batik bat esparrurik euskaldunenetan antolatu dira kontsultak, eta Euskal Herriaren argazki soziolinguistikoa ez da hori.

GALDERA

Orain arteko 38 herri galdeketetako 37tan galderan euskal estatu egon da —Etxarri Aranatzen Euskal Herri independenteaz galdetu zuten—. 37 kontsulta horietako 26tan burujabe-k lagundu dio euskal estatu-ri, eta, besteetan, independente-k. Oraindik zail egiten da ondorio bat ateratzea, baina galderak adieraz dezake herritarrek —galdeketen herrietakoek, behintzat— estatus autonomikotik harago joan nahiko luketela. Boto emaileen %95 azaldu dira euskal estatuaren alde.

FINANTZAKETA

Apika, herrenen duen arloa da finantzaketarena. Uda aurretik, bazkidetzako aurreikuspenean %10ean zebilen. Baliabide ekonomikoak handitzeko kanpainari ekin zion udan, zozketekin eta.

2019. URTETIK AURRERAKOA

Esan eta egin, hori egin du Gure Esku Dago-k sortu zenetik. Aurki 2019ra arteko bide orria azalduko du. Instituzioen lana errespetatuz betiere, pare bat urte barru erabakiaren eta herritarren parte hartzearen eztabaida Euskal Herri osoan zabalduta egotea nahi du. Baina 2019tik aurrera zer? Edo zer proiektu politiko bozkatu nahi da? Ipar Euskal Herrian 2002tik bada dinamika sozial bat: Batera. 2010ean galdeketak antolatu zituen Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 123 herritan, eta %17,9 izan zen parte hartzea. Hark sorreratik planteatu zuen proiektu politiko bat: Lurralde Elkargoa. Lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.