Koronabirusa

Orain arteko gainontzeko aldaerak baino azkarrago zabaltzen ari da omikrona

OMEk berretsi du gaitza gainditu dutenak ere kutsa daitezkeela aldaera berriarekin. Israelek debekatu egin du AEBetara bidaiatzea

OMEko idazkari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesus, atzo, Genevan. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeak argi utzi du txertoak ez direla irtenbide bakarra, are gutxiago birusa etengabe mutatzen ari den honetan. «Txertoek txikitu egiten dute sintoma larriagoak garatzeko edo hiltzeko arriskua. Baina kutsatzeak eragozteko beharrezkoak dira bestelako neurriak ere, besteak beste distantziak errespetatzea, maskarak erabiltzea eta eskuak garbitzea», esan zuen atzo Mary-Louise McLaws epidemiologoak. Infekzioei aurre egiteko OMEko taldeko kideak aipatutako neurri berak aholkatu zituen erakundeko buru Tedros Adhanom Ghebreyesusek, eta ohartarazi omikron aldaera aurreko guztiak baino azkarrago ari dela zabaltzen, baita aurrez txertatuak daudenen edo gaitza gainditu dutenen artean ere.

Hegoafrikak azaro amaieran jakinarazi zuen COVID-19aren aldaera berri bat atzeman zutela herrialdean. Hilabete eskaseko epean mundu osora zabaldua da aldaera berria: Erresuma Batuan, esaterako, 12.000 omikron kasutik gora jakinarazi zituzten atzo, baita hamabi hildako ere; lerro hauek idaztean 104 pertsona zeuden erietxean aldaera berriarekin kutsatuta —ez zuten zehaztu txertatuak edo txertatu gabeak ziren—.

OMEko idazkari nagusiaren esanetan, aldaera berria azkarrago zabaltzen denez, aurrez gaitza gainditu dutenak berriz gaixotzeko aukerak ere handiagoak dira. «Herritarrek oso kontuan hartu beharko lituzkete segurtasun neurriak egunotan; izan ere, jende asko irtengo da bidaiatzera datozen egunetan edo familiarekin elkartuko da, eta litekeena da horrek ondorio benetan larriak izatea hurrengo asteetan», nabarmendu zuen Tedrosek.

Murrizketak ugarituz

Egoera horretan, ospitaleek gainezka egitea da gobernuen kezka nagusia. Ondorioz, egunetik egunera gero eta gehiago dira murrizketak gogortzen ari direnak. Israel da horietako bat. Tel Aviveko gobernuak iragarri zuen atzo Gabon garaian debekatuta egongo dela AEBetara eta Kanadara bidaiatzea, lan arrazoiengatik ez bada —aurrez debeku bera ezarri zuen Europako beste hainbat estatuetarako—. Neurria asteazken goizaldean sartuko da indarrean, parlamentuak azken onespena eman ostean.

Australian bestelakoa da kexa. Han, enpresari eta sindikatuek eskatu diote gobernuari jar ditzala doako testak eskuragarri. Azaroaren 1az geroztik, Australian edonork eros dezake test bat etxean egiteko, baina horien prezioak gorabehera asko izan ditu azken hilabeteetan, eta, kasuak ugaritu ahala, zenbait tokitan ia ezinezkoa bilakatu da test bat eskuratzea. Horiek hala, enpresariek eskatu dute horiek doan jartzeko edo, gutxienez, horiei gehienezko salneurri bat ezartzeko.

Europako Batasuna, bestalde, oraindik negoziatzen ari da etorkizuneko pandemiei aurre egiteko akordio bat adosteko asmoz. Bruselaren helburua zera da: beste osasun larrialdiren bat agertuko balitz, hari aurre egiteko neurriak bateratuak izatea, baita beharrezko botiken eta txertoen erosketa ere. Horrekin batera, osasun baliabideen ekoizpena handitzeko neurriak aztertzen ari dira estatu kideak, larrialdi kasuan hornidura arazorik egon ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.