Donostia Espainiako Estatuko hiririk garestiena da alokairuari dagokionez, metro karratuko 14,7 euroko batez besteko prezioarekin. Hau da, 90 metro karratuko pisua hileko 1.323 euroan. Bada, etxebizitzekin ematen diren gehiegikeriekin nekatuta, hiriko hamabost eragilek etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko manifestazio bat egingo dute bihar, 17:30ean, Groseko Katalunia plazatik abiatuta. Asier Basurto (Donostia, 1985) eta Nuria Sacristan (Donostia, 1994) mobilizazio horren antolatzaileetako bi dira.
Donostia etxebizitza larrialdi batean dago?
ASIER BASURTO: Etxebizitzaren arazoa deitutakoa betidanik ezagutu dugu Donostian. Beti izan da garestia. Baina gero eta okerrago dago, eta puntu batera iritsi gara non larrialdi batean gaudela esateko sintoma ugari ditugun: prezioen etengabeko igoera, horrek dakartzan erbesteratzeak, kaleratzeak, etxebizitza publikoen milaka eskatzaile egotea, putre funtsen iritsiera... Arazoa gero eta konplexuagoa, handiagoa eta larriagoa da, eta dagoeneko esan dezakegu hiriko arazo sozial nagusienetako bat dela.
Saihestu zitekeela uste duzue?
NURIA SACRISTAN: Kontua da hemen ez dagoela arazo zehatz bat. Hainbat arazok bat egin dute, eta egoera hau ezin zitekeen saihestu konponbide zehatzak bilatuta. Estrukturala den zerbaitetaz ari gara, eta, horregatik, estrukturako zerbait aldatu behar da lehenik. Hau saihesten ahalegintzeko neurri zehatzak bilatu zitezkeen, bai, baina, lehenago edo beranduago, egungo topera iritsiko ginen hala ere.
A.B.: Orain arte ez da onartu etxebizitzarekin arazo sozial larri bat daukagula, eta horrek urgentziazko politikak ez hartzea justifikatu du. Udalak, aldundiak, Jaurlaritzak eta estatuak etxebizitzaren arloan garatu dituzten politikek beti espekulatzaileen negozioa bermatu dute. Izan pisu turistikoekin, kaleratzeekin, bankuek egin dituzten astakeriekin... Berdin da. Negozioa herritarren etxebizitza eskubidearen aurretik jarri da beti, eta horrek ekarri gaitu honetara.
Nor geratzen da hirian eta nor kanpoan halako egoera batean?
A.B.: Donostia elitizazio prozesu betean dago, hemen bizitzeko sekulako filtro ekonomiko bat ezartzen duena. Horrek eragiten du jende asko kanporatua izatea, auzo komunitatea desegitea, kontsumo prezioak igotzea... Mota jakin bateko hiri batera garamatza, eta, hor, donostiar arruntak erresistente bilakatzen gara, espekulatzaileei aurre egin behar diegunak gure hirian bizi ahal izateko.
N.S.: Etxebizitza ez da eskubide moduan ulertzen, negozio moduan baizik. Eta ideia hori oso barneratuta dago gizartean. Ez da espekulatzaileek soilik babesten duten zerbait. Espekulatzaileek hori defendatzen dute beren boterea mantentzeko, baina gizarteak ere, orokorrean, sustatu egiten du, nahiz eta hori nahi ez izan.
Alokairuan bizitzea zaila denez, asko eta asko hipotekatu egiten gara, nahiz eta hipoteka hori ordaintzeko gai ez izan, banketxeei negozioa eginda. Edo pisua hainbat lagunen artean partekatzen dugu duina ez den puntu batera iritsi arte. Hau da, nahi ez izan arren, onartu egiten dugu.
Diozuen arazo estruktural hori neurri politiko jakinekin konpondu daitekeela uste duzue?
A.B.: Bestelako etxebizitza politika batez hitz egiten ari gara, eta instituzio maila guztiak sartu beharko lirateke horretan. Inbertsio publiko handia eskatuko luke eta eta joera asko apurtuko lituzke. Baina ezinbestekoa da etxebizitza pertsonak bere bizitza garatzeko gune bezala ulertzea, eta ez negozioa egiteko baliabide gisara.
Guk politika zehatzen zerrenda bat proposatzen dugu: etxegabetzeak gelditzea, pisu turistikoak desagerrarazi arte mugatzea, alokairuen prezioa erregulatzea... Baina esandakoa. Instituzio maila guztiak sartu behar dira tartean, eta lehentasunezko arazo modura hartu behar da.
Udalak pisu turistikoen ordenantza HAPOan sartu izanak zer-nolako eragina izango du?
A.B.: Badago EHUko ikerketa bat esaten duena pisu turistikoen existentziak, alokairu merkatuan, pisu bakoitza hilabeteko 80 euro garestitzea eragiten duela. Bada, udalak egin duen aldaketa honekin, legez kanpo zeuden 559 pisu turistiko legeztatu ditu. Erraza zen horiek ez baimentzea, lehen solairutik gora daudelako, baina ez dute nahi izan. 559 etxe horiek alokairura bideratu izan balira, ehunka donostiarren bizi baldintzak hobetzeko ekarpen handia litzateke.
Putre funtsen presentzia ere nabaritu da hirian azken urteetan.
A.B.: Bai. Normalean, putre funts bat eraikin oso baten jabetzarekin egiten da, eta gero mekanismo batzuk jartzen ditu hor kontratu bat duen jendea eraikinetik joatera behartzeko, eta, ondoren, pisu hori beste norbaiti prezio altuago batekin alokatzeko.
N.S.:Hipoteken munduan denok ulertzen dugu zein den kaleratze baten prozedura, baina halako kasuetan dena isilagoa izan ohi da. Kaleratze horiek ez dira soilik kontratu bat amaitzerakoan gertatzen. Aurretik ere, jabeek presioa egiten dute maizterrak haien etxebizitzetatik joatera behartzeko: mehatxu legalekin, eraikinaren mantenu lanak egiteari uko eginez, gezur eta azpijokoekin... Halakoak ugaritzen ari dira, eta lortzen dute maizterrek kontratua amaitu aurretik ere alde egitea.
Haien eskubidean defendatzeko sortu zenuten Maizterren sindikatua, duela urtebete. Zer da oraingoz lortu duzuena?
N.S.: Urte honetan zehar putre funtsak eta larrialdi egoeran dauden blokeak detektatu ditugu, eta bizilagunen artean kontzientzia piztea lortu da. Gai hauetatik guztiz kanpo zegoen jendeak indarrak batu ditu, eta hortik hasi beharra dago.
Bestalde, instituzioak ere arazo hauekiko posizio bat hartzera bultzatu ditugu, neurri batera arte bada ere, zerbait egin dezaten. Egia 22-ko kasuan, horko bizilagunen kontratuak luzatzea lortu da, eta ez hori bakarrik: borroka horren bitartez lortu dugu auzo osoak ere gaiarekiko kontzientzia izatea.
Bada, hortik hasita eta hiriko beste eragileekin ere elkartuta, gaur egun etxebizitzaren problematikarekiko erantzun integral bat proposatzen ari gara.
Zer aldarrikatuko duzue bihar?
A.B.: Jokoan dagoena eraikiko dugun gizarte eta hiri eredua da. Zure etxebizitzatik harago, zure lagunak, familia eta bizilagunak nola biziko diren markatuko duena. Indar komunitario bat behar dugu, Donostia bizigarri bat eraiki ahal izateko, bakoitzari bere bizi proiektua garatzeko aukera eskainiko diona. Eta ez diru gehien dutenen Donostia bat.
N.S.: Honek ez dio soilik zure edo zure lagunen pisuari eragiten. Kalera jaitsi eta bertan topatuko duzunari ere eragiten dio, hori delako hiri eredua. Ez gaude gauza abstraktu batez hitz egiten ari; kalean eta bere bizitzan eragin zuzena duen zerbait da. Non, norekin eta nola bizi nahi dugun. Hori da jokoan dagoena.
Asier Basurto eta Nuria Sacristan. Ekintzaileak
«Orain arte ez da onartu etxebizitzarekin arazo sozial larri bat daukagula»
Kaleratzeak, alokairuen gehiegizko prezioak, putre funtsak, pisu turistikoak... Donostiako hainbat eragilek indarrak batuko dituzte bihar, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko egingo duten manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu