Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo Eusko Legebiltzarrean egin zioten galdera bati erantzunez esan zuen aurten egitekoak diren PISA probetan D ereduko ikasleek ere izango dutela aukera azterketak gazteleraz egiteko. Ez da berria: aurrez ere eman izan dute horretarako modua.
EH Bilduren galderari erantzunez, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak idatziz azaldu zuen A eta B ereduko ikasleek gazteleraz egiten dituztela probak. D eredukoei dagokienez, esan zuen hasieran beren familia hizkuntzari buruzko galdera batzuk erantzun beharko dituztela ikasleek. Horren ostean, «berariazko» tresna aplikatibo batek zehaztuko du probak egiteko hizkuntza. Hala ere, eskoletako arduradunek izango dute azken hitza: «Ikastetxeko arduradunek esleipen horri eutsi ahal izango diote, edo aldatzeko aukera izango dute». Ikasle bakoitzaren «profilari buruz duten ezagutzaren» arabera hartuko dute erabakia, eta helburua, betiere, hau izango da: ikasleek «beren gaitasunak ondoen frogatu» ahal izango dituzten hizkuntzan egitea probak; hots, D ereduan eskolak euskaraz jasoagatik ere, proba gazteleraz egiteko modua egongo da.
Aurrez ere hala egin izan da. ISEI Irakats Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundearen webgunean eskuragarri dagoen PISAko azken emaitza txostena 2018koa da. Bertan, zera dio probaren hizkuntzaren inguruan: «Proba euskaraz edo gazteleraz egin daiteke, eta, ia kasu guztietan, hautatutako hizkuntza familia hizkuntza izan da». Hots, gazteleraz egiten dute gehienek: «Irizpide orokorraren arabera, familia hizkuntza euskara duten D ereduko ikasleek baino ez dute proba euskaraz egiten; gainerako ikasle guztiek, berriz, familia hizkuntza gaztelania edo besteren bat dutenek, gaztelaniaz egiten dute». Hauxe da datu zehatza: hamar ikasletik zortzik gazteleraz egin zituzten 2018ko PISA probako etsaminak.