Hark zuen abisatu Baionako prokuradorea. Eta hortik abiatu zen geroztik Bonnemaison auzia deitua. Baionako larrialdi zerbitzuaren barruko epe laburreko egonaldien unitatean gertatu ziren gertatuak. Osagile eta erizain batzuek beren arduradunei gertakari horien berri eman zieten, eta haiek zuzendaria abisatu; zuzendariak bere ekimena esplikatu zuen orduan, azalduz gertakari horiek «seriosak, sinesgarriak eta errepikatuak» izan zirela. «Arazoak konpontzeko, ez dira tiraderan giltzapetu behar». 2011ko agorrila izan zen.
Errugabetzearen berriak zer sentimendu eragiten dizu?
Soleimendu bat. Hiru urte iraun du prozesu horrek; luzea izan da. Erabakia lasaitze baten alde doa. Auzia bera ere menderatu dutela iruditu zait. Gehiegikeriarik ez da gertatu, eta Bonnemaison medikuaren hitzak ere lasaitzearen aldekoak izan dira. Orain bukatua da guztia, eta aitzinatzen ahalko gara, beste zerbaitetara pasatuz.
Baionako ospitaleko lankide batzuek gertakariak seinalatu izana izan zen guztiaren abiapuntua...
Gertakari batzuk izan ziren. Seinalatu zituztenek molde baten bidez seinalatu zituzten. Ezin da gibelera egin, damutzen ahal badugu ere beste gisa batez ez egin izana. Orain horrelakorik ez berriz gertatzeko ahaleginak egin beharko dira. Gero, eztabaida hor da, eta eztabaidatu behar da biziaren azken uneez. Baionako ospitalean urtero mila pertsonatik gora dira hiltzen. Larrialdietara 50.000 pertsona dira heldu urtero, eta gainerateko zerbitzuetara, beste 40.000. Azkenean, ez da hainbeste ere. Baina, halere, bizi bukaera bakoitza da berezia, zaila eta minbera. Eta ospitalea ez da beti horretarako prestatua. Egia da ez dela haren helburuetan sartzen. Ospitalea hor da diagnostiko baten egiteko eta eria artatzeko, senda dadin, baina egia da heriotza gero eta gehiago ospitalearen egunerokoan sartuak direla, gero eta gehiago baitira heldu ospitalean hiltzera. Eta araberan behar dugu antolatu.
Auzian behin eta berriz aipatu da medikuen bakardadea, baliabide eskasa... Horri begira aldaketarik izanen ote da?
Biziaren azken uneak kudeatzeko dauden zailtasunak agertu dira auzian. Eta segur da eztabaida hori baliosa dela. Egoera zail horiek anonimotasunetik jalgi ditu. Guztientzat dira zailak, familientzat, lan taldeentzat... Eta bai, begi bistakoa da horrek lagunduko gaituela. Baionako ospitalean, baita gaineratekoetan ere. Ospitale guztietan baitaude arazo berak. Heriotzaz, senideei begira josi beharreko harremanaz, eta beste. Hobetu dezakeguna aztertzeko balioko digu. Egin behar dena neurtzeko, lankideen artean adosteko, lan egiteko molde hoberena hautatzeko, eta konfiantzazko harremana zaintzeko. Halere, ez gara deusik egin gabe egon orain arte. Etikaz gogoeta lantalde bat abiatu genuen ospitalearen barruan, eta biziaren azken uneez hainbat hitzaldi antolatu. Baina beti hobetu dezakegu.
Bonnemaison berriz Baionako ospitalean ikusten ahalko da?
Mediku Elkargoaren arabera, ezerk ez badu oztopatzen. Gero, hautu kontu bat da. Ikusi behar da hark ere nahi ote duen.
Heriotza duina. Elkarrizketa. Michel Glanes. Baionako ospitaleko zuzendaria
«Orain aitzinatzen ahalko gara»
Erabakiak «lasaitu» du erietxeko buru Glanes. Biziaren azken uneen eztabaida «baliosa» izan dela deritzo, egoera zail horiek «anonimotasunetik» jalgiarazi baititu; ospitalea hobetzen lagunduko duelakoan dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu