Opus Deik Nafarroan 70 urte. Historia eta eragina

OPUS DEI, 70 URTEKO ARRASTO ISILA

1952ko urriaren 17an inauguratu zen Nafarroako Unibertsitatea, eta lehen urteetan frankismoaren bultzada izan zuen. Zazpi hamarkada geroago, lurraldeko enpresarik handienetan bigarrena da, eta, haren ekarpen ekonomikoaz gain, haren ideologiaren itzala luzea izan da Nafarroan eta munduan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Munduan Nafarroa zerk egiten duen ezagun galdetuz gero, askok arrapaladan sanferminak erantzungo lukete, baina ziurrenik oharkabean pasatuko zaie askori Nafarroaren izena berekin daraman eta hamarkadaz hamarkada arrasto isil eta sakona utzi duen aktorea: Nafarroako Unibertsitatea. Gaur egun badirudi betidanik bertan izan direla Opus Dei eta haren unibertsitatea, baina ez da horrela. Berez, 1952ko urriaren 17an inauguratu zen. Horregatik, 70. urteurrena bete den honetan, aukera ona da aztertzeko zer ekarri dion lurraldeari, zenbaterainokoa izan den eragin ideologikoa eta batik bat noraino heldu den Opus Deiren itzala Euskal Herrian, batez ere Nafarroan, eta baita munduan ere.

SORRERA
«Bilbon? Ezta pentsatu ere, Iruñean»


Josemaria Escriva de Balaguer fundatzaileak Iruñea hautatu zuen Opus Deiren unibertsitate propioaren egoitza nagusi izateko, eta hura antolatzeko enkargua eman zion Ismael Sanchez Bellari, gerora lehen errektore izango zenari. Iruñea izan zen, baina Bilbo ere izan zitekeen. Edo, bederen, Bizkaiko hiriburua aukera gisa planteatu zuen Sanchez Bellak, gerora kontatu zuenez. Escriva de Balaguerren erantzuna irmoa izan zen. «Bilbon? Ezta pentsatu ere. Iruñean ezarriko dugu unibertsitatea».

Inoiz ez da oso argi geratu zergatik. Ricardo Feliu NUPeko soziologoak uste du arrazoi soziologiko, estrategiko eta instituzionalak daudela hautu haren atzean. Lehenik eta behin, Nafarroakoa oso gizarte erlijiosoa zen: «Erreserba espiritual moduko bat zen. Oso gizarte txiki eta bateratua zen, eta kohesio haren ardatz ziren balio erlijiosoak. Opus Deirentzat arrisku txikiko lurraldea zen».

Instituzionalki, berriz, frankismoak bultzada handia eman zion. Iruñeko Udalak 300.000 metro koadroko orubea eman zien Opus Deirekin erlazionatutako higiezinen negozioei 1960ko hamarkadaren hasieran, eta beste 900.000 metro koadroko zoru bat desjabetu zuen. Oparia garesti atera zitzaien iruindarrei. Lurren jabeek auzitegietara jo zuten, eta azkenean udalak 500 milioi pezeta ordaindu behar izan zituen —egungo 50 milioi euro, alegia—. Gainera, 1960tik 1980ra bitartean diputazioak 1.589 milioi pezeta eman zizkion unibertsitateari —inflazioaren bilakaera aintzat hartuta, 117 milioi euro inguru—.

Ikusi gehiago:«Ez dugu asmatu Opus Dei hemen txertatzen»

Punto y Hora aldizkariak 1977ko abenduan ateratako erreportaje sorta batean, Miguel Javier Urmeneta Iruñeko alkate izandakoak argudiatu zuen alde onari erreparatu behar zitzaiola. «Ordu hartan, Iruñean soilik nekazaritza peritu eta merkataritza ikasketak egin zenitzakeen; edo apaiz egiten zinen bestela», azaldu zuen. «Unibertsitatea egiteko aukera planteatu zutenean, iltze gori hari heldu nion. Miraria egin zedila, berdin zion nork». Urmenetak kontatu zuenez, Eliza barruko ahotsek Opusen arriskuaz ohartarazi zioten. «Abantailak eta desabantailak neurtuta, ez nuen zalantzarik izan. Nor zen gai 1960an Zuzenbide edo Medikuntza fakultateak sortzeko? Inor ere ez».

IDEIEN FABRIKA
Diskurtsoa garatzeko, eremu autonomoa

Estrategikoki, Feliuren ikuspegitik, Opus Deik gizartean eragiteko beharra du, eta horretarako «garrantzi handia dute» kide laikoek, haien bitartez maila politikoan, ekonomikoan eta judizialean eragin ahal izateko. 1950eko hamarkadan, frankismoaren barruan sektore falangistek eta ultranazionalistek mesfidantzaz ikusten zuten Opus Dei, ikuspegi tradizional bera partekatu arren «haiek ez zuten beste elementu bat zuelako: ekonomia liberala». Feliuren ustez, Opusek diskurtso ideologikoa sortzeko eremu autonomo bat behar zuen, «beste unibertsitateen menpeko izango ez zena».

Hala, adierazgarria da Nafarroako Unibertsitateak sorturiko lehen ikasketen artean daudela Zuzenbidea (1952) eta IESE negozio eskola Bartzelonan (1958). Feliuren ustez, zutarri haren gainean eraiki zen diskurtso liberala, eta Opus Deiren gidaritzapean egin zuen frankismoak bere erreforma nagusietakoa: eredu autarkiko batetik eredu liberal teknokrata bateranzkoa. «Horrek kultura aldaketa bat eskatzen zuen, eta diskurtso hura unibertsitatearen bidez garatu zen».

Zergatik zen hain garrantzitsua gune autonomo bat izatea? Bethany Moreton Dartmouth College unibertsitateko Historia irakasle eta ikerlari estatubatuarraren irudiko, «itxuraz bateraezinak diruditen tradizionalismo katolikoaren eta neoliberalismoaren arteko zubi lana egin du Opus Deik». Txalapartak Entre Dios y el Capital (Jainkoaren eta Kapitalaren artean) Opus Deiri buruzko liburua aurkeztuko du bihar Nafarroako Edizio Azokan. Opus Deik bi ikuspegi horiek nola uztartu dituen aztertzen du liburuak.

Ikusi gehiago:Hemeretzi urteko «gezurra»

Bethany Moretonen esanetan, Bigarren Mundu Gerraren osteko Europan «agintaritza krisi bat sortu zen» lan munduan eta gizarteko alor askotan, eta ekonomia liberalaren proiektua berritzeko funtsezkoa izan zen kristautasunaren ikuspegia: «Nola bestela landu obedientzia, nola ziurtatu hierarkia soziala eta etxe barruko agintaritza?». Eta zeregin hartan «funtsezko rola» jokatu zuen Opus Deik. «Merkatuak eliza, militarrak, epaileak, polizia eta presondegiak nahi ditu. Demokratikoak ez diren autoritate eta diziplina moduak behar ditu produktibitate eta lehiakortasun teknikoak ziurtatzeko. Opus Deik lagundu egin du forma horiek neoliberalismoaren egitura ekonomikoetarantz zuzentzen».

Nafarroako Unibertsitateak IESE negozio eskola sortu zuenean, Harvard Business Schoolek garatutako kasuen eredua ekarri zuen hona. «Eredu hark bat egiten zuen haien pentsamenduarekin, haien erreferentzia esparru estu eta atzerakoiekin eta bikaintasunaren definizio teknokratikoarekin». Eredu hori funtsezkoa izan da elite ekonomikoen eta politikoen prestakuntzan.

ERAGIN AHALMENA
Mugak non dauden nabaritu du

Unibertsitateak zenbaterainoko itzala du gaur egun Nafarroan? Feliuren ustez, handia da oraindik ere, baina jada ez da iraganekoaren parekoa. «Opus Deik sistema politikoetara egokitzeko ahalmen handia du, betiere bere helburuak lortzeko. Opus Dei ez zen frankista, baizik eta ez du izan arazorik egokitzeko eta lan egiteko diktadurekin eta demokraziekin, Latinoamerikan eta hemen». Nafarroan, 1980tik hona bide erraza izan du bere interesak unean uneko kolore desberdinetako gobernuekin uztartzeko: «Atzealdean ibiltzen dira, diskrezioz, baina aldi berean azeri. Zeharka, ezkutuan, fokuetatik kanpo. Beti oso modu onekin eta dotore, baina beren interesen alde».

Dena den, Feliuren ustez, azken urteetan interes horiek lortzeko oztopo gero eta handiagoak topatu ditu. Horietako bat Donapea izan zen, 2013an. Dena den, Barkosen gobernuaren agintaldi hasieran izan zen tentsio unerik handiena, 2016an. Osasun Departamentuak eten egin zuen aspaldiko pribilegio bat: bertako langileek eta haien familiek Unibertsitate Klinikan jasotzen zuten osasun arreta, eta sistema publikoak finantzatzen zuen. Akordioa amaituta, gainerako nafarren modura Osasunbideak hartuko zituen ordutik aurrera. Beren ohiko diskreziotik aldenduta, unibertsitateko langileek protestak egin zituzten. Errektoreak aitortu zuen «harrituta» zeudela gobernuak itun hura bertan behera utzi zuelako.

Polemika apalduz joan zen apurka. «Unibertsitatean jabetu ziren gauzak bere onetik atera zirela», uste du Feliuk. «Erabaki harekin, Barkosen gobernuak ikusarazi nahi izan zion unibertsitateari non zeuden bere mugak», gaineratu du. 2016ko ekainean Osasunbideak eta Unibertsitate Klinikak osasun arretarako lau urterako akordioa hitzartu izanak lagundu zuen giroa baretzen.

Testuinguru politiko berezi hartan, unibertsitateak gogorarazi nahi izan zion Nafarroako Gobernuari zer ekarpen egin dion ekonomiari. Une hartan Deloitte ikuskaritza etxeari enkargatutako lan batek ondorioztatu zuenez, urtean 292 milioi euroko ekarpena egiten dio BPGari (150 milioi klinikak); eta bertan lan egiten duten 3.900 langileei ez ezik, bere jarduerari esker zeharka beste 5.200 lanpostu ingururi eusten die. Izan ere, unibertsitateak, klinikak eta haiei lotutako argitaletxe eta higiezinen negozioek Nafarroako talderik garrantzitsuenetako bat osatzen dute, VW eta Mondragon taldearekin batera.

Ikusi gehiago:Agur estatus bereziari

Espresuki aipatu ez bazen ere, unibertsitateak Iruñea uzteko arriskua hizpide izan zen garai hartan. 2018an Nafarroako Unibertsitateak beste campus bat eta klinika inauguratu zituen Madrilen, eta ondoriozta zitekeen gobernuarekin harremanak gaiztotuz gero edonoiz egoitza aldatzeko aukera izan dezakeela. Elkarrizketa batean horri buruz galdetu zioten Alfonso Sanchez Tabernero orduko errektoreari, eta hark ukatu egin zuen hori: «Errektoretzak burua hotz mantendu behar du, eta inoiz ez suminduta erabakiak hartu».

Deloitteren azterketan agertzen denez, Nafarroako Unibertsitateak 60 milioi euro inguruko ekarpena egiten dio ogasunari, baina hark ere jasotzen du berea. Osasun arloko hitzarmenaren arabera, urtero batez beste 19,3 milioi euro jaso ditu klinikak 2016tik hona. Gainera, ikerketa arloko Nafarroako Gobernuaren laguntzetan 6,3 milioi jaso ditu aurten, eta iaz, 4,4 milioi. Museoak eta ikastetxeek jasotzen duten diruaren aipamen zuzenik ez dago aurrekontuetan.

Irabazi bikoitza alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza dela argudiatzen bada ere, atzean tentsio puntu bat dagoela nabari da. Izan ere, NUPek Medikuntza gradua hasi izanaren ondorioz, Nafarroako osasun sare publikoak ikerketa eta prestakuntza gaineratu dio ohiko arretari, eta etorkizunean sistema integratu horrek lehia zuzena egin diezaioke unibertsitateari. Nafarroan, bederen.

ERAGIN IDEOLOGIKOA
Zubilana neoliberalismoaren eta tradizioaren artean

Erabaki politikoetan eragiteko ahalmena neurtzea zaila bada, ideietan izan duten eragina aztertzea are lausoagoa da. Opus Deiri leporatu izan zaio bere ikastetxeen eta unibertsitatearen bidez eliteak heztea. Ricardo Feliuk Nafarroako eliteei buruzko tesia egin zuen duela urte asko, eta, han ageri zenez, administrazioko eta politikako arduradun askok Nafarroako Unibertsitatean e ta IESEn ikasi zuten; enpresa munduan, %80 IESEtik pasatu ziren. Nafarroatik at, antzera. Ibex-35eko goi kargudun gehienek ikasi dute negozio eskola katolikoetan: IESEn eta jesuitekin erlazionatutako ESADEn eta ECADEn.

Bethany Moretonen ustez, ez da kasualitatea. Haren irudiko, Opus Deik sorreratik gaurdaino izan du argi hezkuntza dela «eragiteko modurik eraginkorrena». Batetik, ikastetxeen bidez etorkizuneko bokazioak lortzeko modu bat delako: «Eragin hori gabe oso zaila da helduak konbentzitzea beren burua betirako prelatutzaren zerbitzura jar dezaten». Bestetik, «txundigarria» iruditzen zaio finantza eta enpresa arloko eliteek nola jaso duten formakuntza Opus Deiren erakundeetan. «Enpresa arloko hezkuntza laikoa goitik behera ideologikoa da; erlijiosoan, berriz, joera horiek nahasi egiten dira etikari, gizarteari, merkatuari eta lanari buruzko naturaz gaindiko ikuspegiarekin».

Haren esanetan, nazioarteko beste pentsamendu eskola ekonomikoen artean Opus Deirena ez da izan ikuspegi tradizional katolikoa neoliberalismoarekin uztartu duen bakarra, baina bai nagusietakoa. Horregatik, bereizteko, Nafarroako Eskola deitu dio, haren oinarria Nafarroako Unibertsitatea delako.

«Ez da berritzailea, ez ditu teoria ekonomiko edo ideia politiko berriak sortzen», azaldu du. Haren irudiko, kristautasuna funtsezkoa da ulertzeko Mendebaldeko gizarteetan ideia neoliberalak nola joan diren barneratzen. «Egiazki, arrazionaltasun ekonomiko neoliberalak beti behar izan du tradizionalismo erlijiosoa, baina haiek ukatu egiten dute erlaziorik dagoenik, eta ulertzera ematen digute ideologikoki biak aurkakoak direla nahiz eta paradoxikoki halabeharrezko aliatu gisa aritu».

Ikusi gehiago:Arnasbide bat euskal kulturari

Moretonen arabera, ulertzea zaila bada ere, neoliberalismoa boterearen plano ugarirekin erlazionatuta dago.«Margaret Thatcherrek esan zuen moduan, ekonomia metodoa da; helburua arima aldatzea da. Chicagoko Eskolan ez dizute esango nola landu zure barne egoera edo nola garatu zure lan usadioak. Baina, zalantzarik gabe, proposatutako politikek zure arima baldintzatuko dute, bizitzaren arlo askotan ikuspegi baterantz zuzenduko zaituztelako. Alderantziz, Nafarroako Eskolan ez dute politikaz eta ekonomiaz teorizatzen, baina pozarren azalduko dizute arima nola eraldatu».

Horregatik, erlazio hori ageriko egitea da Nafarroako Eskola «interesgarri egiten duen» berezitasuna eta haren ekarpen nagusia, Moretonen ustez. Are gehiago kontuan harturik eraldaketa hori profesionalen, bankarien, enpresaburu eta goi kargudunen artean bilatzen duela. «Hor badago intuitiboki zerbait boteretsua ideologiaren eta praktikaren arteko konbinazio horretan».

Behin, Bethany Moretonek hitzaldi batean Opus Deiko kide laikoek lan arrunta santutzeko egunero egin behar duten bizi plana-ren xehetasunak azaldu zituen, eta ikus-entzuleetako askok presio egin zioten informazio gehiago emateko, erakarrita: «Lanarekin nekatuta zeuden asko. Azken finean, ez al dugu denok sakonean pentsatu nahi gure lana garrantzitsua dela? Neoliberalismoaren ezaugarri bereizgarria da gutako bakoitza subjektu ekonomiko gupidagabe bihurtzen dela. Horregatik, praktika eta pentsamendu sistema batek eraldatze prozesu horri laguntzen badio, eta hala ere hortik askatzeko Jainkoarentzako bidea proposatzen badu, ez da zaila ikustea zergatik pizten duen jakin-mina».

Neoliberalismoarekin erlazionatutako beste pentsamendu sistemen modura, teknokrazia apolitikoa aldarrikatzen du. Moretonen arabera, teknokrazia berez «ez da politikaren aurkakoa, ideologia bat ordezkatzen baitu, nahiz eta ideologiaren aurka dagoela esan». Eredu teknokratiko horrek eragin handia izan du Espainian eta Latinoamerikako herrialdeetan ezarritako politiketan. Kasurik deigarriena Txilekoa da. Pinocheten diktadurak ezarritako neurri neoliberalak Chicagoko Eskolak bultzatu bazituen ere, «lotura zuzenak» izan zituzten Opus Deirekin, eta politikoki eragin handia izan zuten.

Eta gaur egun zer eragin izan du eskuineko mugimenduen gorakadan? «Ez dirudi garrantzitsuak direnik». Bethany Moretonen ustez, «Opus Deiren eragin handieneko egunak joan dira», Espainian eta Latinoamerikan politikoki eragin ahalmena izan duten Opus Deiko kideak zahartzen baitoaz. Alta, olatu horren bi aldeak ulertzeko argigarriak izan daitezkeela uste du: «Familia tradizionalaren zaindari gisa, egungo erreakzionarioentzako zorua prestatu dute; neoliberalismo autoritarioaren praktikatzaile gisa, berriz, aitzindariak izan dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.