Osakidetzako lan eskaintzako iruzur salaketek oposizioen eredua aldatzea bizkortuko dute. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du Osasun Saila lanean ari dela eredua berritzeko. «Duela sei hilabete ez nion arazorik ikusten, baina orain lanean ari naiz proposamen berri batean», aitortu zuen Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, atzo. Are, legebiltzar taldeei lankidetza eskatu zien eredua eguneratzeko prozesurako. «Espero dugu aurki anbizio handiko proposamen zirriborro bat izatea».
Osakidetzako oposizioko irregulartasunak ikertzeko prozesuaren berri eman zuen Darponek legebiltzarrean. Aitortu zuen ez dagoela «batere harro» lan eskaintza publikoa nola garatu den. «Berme handienak izan ditu, baina argi dago zerbaitek huts egin duela». «Huts» egin zuen hori antzemateko eta zuzentzeko egindakoak zerrendatu zituen sailburuak: proba guztien azterketa estatistikoa, zortzi ikerketa txosten irekita, diziplina espedienteak tribunaletako zazpi kideri, eta berrizantolatuko dituzten bost azterketa.
Azterketa horien harira, Darponek iragarri zuen urtea amaitu baino lehen egingo dituztela. Are, lan eskaintza horietan egongo diren aldaketak berretsi zituen: bi azterketak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egingo ditu, biak test motakoak izango dira, eta «automatikoki eta anonimoki» zuzenduko dira. Halaber, gaineratu zuen berriz egingo diren azterketa horiek ez dutela baldintzatuko 2019an egingo duten lan eskaintza publikoa.
«Opakutasuna» leporatu
Darponek oso ontzat jo zuen Osasun Sailak eta Osakidetzak egindako lana. Ez, ordea, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk. Gehien entzun zen kritiketako bat «opakutasuna» izan zen, eta gertakarien garrantzia «txikiagotu» izana. Hiru alderdietako kideek Osakidetzako barne ikerketako aktak baliatu zituzten beren kritiken oinarri gisa. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuen argudio berak balio duela kategoria batzuen azterketa batzuk berriz egiteko, baita beste batzuk berriro ez egiteko ere. «Nahiko nuke herritar guztiek irakurri ahal izatea gure esku jarri diren akta eta txostenak; burugabekeria da».
Osasun Sailak zenbait eragileri ahalbidetu die ikustea barne ikerketaren dokumentazioa: legebiltzarkideak, arartekoa, sindikatuetako ordezkariak... Dokumentazio horretatik ateratako informazioa xehatu zuten aipatu hiru alderdietako legebiltzarkideek, irregulartasunen nondik norakoak irudikatzeko.
Hamaika «iruzur zantzu»
Legebiltzarkideek barne ikerketan jasotako hamaika «iruzur zantzu» zerrendatu zituzten. Makazagak gaineratu zuen aktetan jasotako horiek «frogak» direla filtrazioak ikertu ahal izateko. «Azterketa errepikatzea ezin da neurri bakarra izan; lan eskaintzan parte hartzen duten asko zigortzen dira egin ez duten zerbaitengatik». Are, salaketak «estali» nahi izatea kritikatu zion sailburuari, «usteldutako sisteman beste ezerk ihes egin ez dezan». Azkenik, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari eskatu zion Darpon sailburua kargugabetzeko.
Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendariak erantzun zuen erabakiak hartu dituztela hiru ardatz batera aztertuta: aztertu diren kideen salaketak, ikerketen aktak, eta Oviedoko Unibertsitateko aditu batek egin zuen azterketen ikerketa psikometrikoa. «Gure eskumenak heltzen diren lekuraino heldu gara; deliturik egon den aztertzea fiskalaren ardura da». Halaber, gaineratu zuen aurtengo Osakidetzako oposizioetan aurreko lan eskaintzetan baino salaketa gutxiago jaso dituztela, batez beste.
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak irregulartasunak argitzeko beharra goratu zuen, «sistema ezbaian» jarri duten jokabideak antzemanez. «Jokabide horiek ezin dira zigorrik gabe geratu, eta ezin da zigorgabetasun sentsaziorik egon».
Oposizioen eredu berria adosteko lanean jarri du arreta Osasun Sailak
Darpon sailburuak aitortu du «argi dagoela» aurtengo lan eskaintzan «zerbaitek» huts egin duela, «berme guztiak» egon arren. Legebiltzarreko oposizioak «erantzulerik» ez egotea kritikatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu