Oposizioak Jaurlaritzari egotzi dio Osakidetza pribatizatzea

Sagarduik berretsi du ebakuntza gehiago egingo direla erietxe pribatuetan, kirurgiako itxaron zerrendak arintzeko. EAJren arabera, EH Bilduri ez zaio interesatzen «errealitatea»

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, atzo, Gasteizko ganberan. EUSKO LEGEBILTZARRA.
xabier martin
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Osakidetzaren gainbehera hizpide izan da berriro Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk idatzi bat eraman baitu ganberara kontratazio politika aldatzea bultzatzeko, «osasun profesionalen gabeziari» aurre egite aldera. Atzo hainbat hedabidek jakinarazi zuten Osakidetzak itxaron zerrendan dauden ebakuntza sortak sektore pribatura bideratzeko plana duela, eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak garbi esan zuen Eusko Jaurlaritzak «pribatizazioa hautatu» duela zerrendok arintzen saiatzeko, baina ohartarazi zuen «estalki bat besterik ez» dela hori. Koalizioko kideak EAJri eta PSEri exijitu zien «gobernatzeko», profesionalak «erakartzeko», eta, beste herrialdeetan egiten ari diren bezala, «lehiatzeko», langileak Osakidetzatik joan ez daitezen eta, aitzitik, Euskal Herrira etor daitezen, «lan baldintza onek erakarrita».

Uberak ukatu egin zuen martxan dauden LEP lan eskaintza publikoen bidez Osakidetzako lantaldea handituko dela. 11.000 lanpostu egonkortuko dira horien bidez, baina azaldu zuen osasun zerbitzua «gutxienekoetan» dagoela, «lanpostuak gutxitzen» ari direla, eta langileak kontratatzeko politika «berraztertu» egin behar duela gobernuak, «goitik behera».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk kirurgian dagoen itxaron zerrenda arintzeko konpromisoa hartu zuen joan den astean, politika orokorreko osoko bilkuran, eta azken orduetan jakin da ebakuntza gehiago egingo direla arratsaldez, eta ebakuntza asko ospitale pribatuetara bideratuko direla. Pandemia iritsi baino lehen, 2019an, 49 egunekoa zen ebakuntza bat egiteko batez besteko itxaronaldia; gaur egun, 68koa da, eta Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk etaPSE-EEk, badakite osasunaren gaia garrantzi handikoa izan daitekeela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hilabete gutxi barru. Zenbait hedabideren arabera, oftalmologiaren eta protesien alorretan, ESI erakunde sanitario integratuei eskatu diete adierazteko zenbat ebakuntza bideratu daitezkeen sare pribatura.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik berretsi egin du sektore pribatuaren aukera, edonola ere. Esplikatu du iazko urritik ari direla antolakuntza alorreko neurriak hartzen, eta Osakidetzako ebakuntza gehiago zentro pribatuetan egingo direla aurrerantzean. ESIek ospitale pribatuetara jotzeko aukera izango dute, Sagarduik esan duenez, «dauden baldintzak kontuan hartuz egoki ikusten dutenean».

Iritzi publikoan eragin

EAJko parlamentari Jon Aiarzak legebiltzarrean adierazi du«errealitatea» ez zaiela interesatzen Uberari eta EH Bilduri, eta azaldu du Osakidetzak «inoiz baino inbertsio handiagoa» egiten duela orain. Lehen arretan profesionalak falta direla onartu, baina hezkuntza alorrarekin lotu du arazo hori. Esplikatu du ikasketak bukatzean «neurrirako kontratuak» eskaintzen zaizkiela hasiberriei, «luzera begirakoak», eta ez dela mediku lanpostu bakar bat ere kendu alor horretan. «Ez da egoera hori ezkutatzen», esan du, eta EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri leporatu die Osakidetzarekin iritzi publikoan eragin nahi izatea, «dena nahasita».

Errealitatearen berri izan nahi badu «osasun zentroetara» joateko erantzun dio Uberak. Osakidetza «deskapitalizatzen» ari dira, haren ustez. Ukatu egin du lehen arretarena «arazo bakarra» dela, eta erantsi du ezin dela profesionalik erakarri «2009ko lan hitzarmena eskainita». Finean, haren arabera, gobernuak «Osakidetza indartzearen ala pribatizazioa handitzearen» artean hautatu behar du, eta gobernua bigarrenaren alde egiteko prest dagoela aurreikusi du.

PSEko kide Ekain Ricok ere onartu du profesionalak erakartzeko arazoak daudela, baina salatu du oposizioak helburu bat duela osasunaren auziarekin: «Jaurlaritzak Osakidetzako arazoak ez konpontzeko borondate politikoa duelako ideia gizarteratzea». Gobernuak ez du esaten «dena ondo» dagoela, Ricok azaldu duenez, baina gogoratu du osasun publikoko arazoak orokorrak direla Espainiako beste erkidegoetan. «Gezurra da ez garela ezer egiten ari».

«Haserre olatua»

Elkarrekin Podemos-IUko parlamentari Jon Hernandezek esan du «profesionalekin» hitz egin behar dela auzia bideratzeko, «eta haiek ordezkatzen dituztenekin, sindikatuekin». Hernandezek uste du «kezka sozial handia» dagoela osasunari lotuta, eta horri erantzuteko ezin dela proposatu «%50 inguruko behin-behinekotasun tasara itzultzea». 2019an, langileen erdiek ez zuten lanpostu finkorik, eta esplikatu du arazo horri aurre egitea dela martxan diren LEPen helburua, «ez lantaldea handitzea».

Horregatik, abisu argia eman die gobernua osatzen duten alderdiei: «Haserre olatuak aurrean eramango zaituzte». EP-IUko kideak erantsi du kontratazio politika «erabat» aldatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.