Oposizioa osatzen duten indar politikoek zorrotz kritikatu dute Jaurlaritzaren jarduera, batez ere pandemiak ekarritako ondorioei dagokienez, eta, hartutako neurriak ez ezik, haren jokabidea ere txarretsi dute: «Autokritikarik ez egitea» leporatu diote, «autokonplazentzian» aritzea eta «konformismoan» erortzea. Edonola ere, akordiorako ateak ez dituzte itxi nahi izan, eta horretarako deia egin diote Jaurlaritzari.
EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek esan duenez, «kontserbadorea» eta «ahula» iruditu zaio Urkulluren hitzaldia: «Ez dut aurkitu ez indarrik, ez ausardiarik, ez determinaziorik». Haren ustez, «konformismoa» baino ez du eskaini.
Pandemiari emandako erantzunean, beti «atzetik ibiltzea» leporatu dio Iriartek Urkulluri, eta gazteei «deskalifikazio orokorrak» eginez «belaunaldien arteko tentsioa hauspotzea» ere bai. «Pandemia hau bakarrik kudeatzeko erabakia hartu zenuen. Zuen gehiengo osoa gogorarazi diguzue, behin eta berriro, eta behar hori da zure gobernuaren ahuleziaren adierazle argiena. Gauzak egin zitezkeen beste era batera, ardurak konpartituz».
PP-C's koalizioko bozeramaile Carlos Iturgaitzek ere Urkulluren «autokonplazentzia» eta «autokritika falta» salatu du. Zenbait erabakitan «zalantzaz» aritzea eta «kontrajarritako neurriak» hartzea leporatu dio Jaurlaritzari: «EAJren kudeaketa onaren mitoa erori egin da».
EP-IU, akordiorako prest
Elkarrekin Podemos-IU koalizioko eledun Miren Gorrotxategik ere kritikak izan ditu Jaurlaritzaren jardueraren inguruan, pandemiak agerian utzitako «pitzadurak» aipatu ditu, eta lehenagotik izandako «murrizketak eta arlo publikoaren pribatizazioak» ere salatu ditu. Hala ere, Gorrotxategik asko nabarmendu du akordioaren beharra, eta bere talde politikoa horretarako prest dagoela azaldu du: «Aurten aukera asko egongo dira elkarrizketa eta akordioak gauzatzeko».
Oso bestelakoak izan dira Jaurlaritza babesten duten bi talde parlamentarioen hitzaldiak. PSE-EEko Eneko Anduezak esan du pandemiari emandako erantzuna «egokia» izan dela eta instituzioek «ondo» funtzionatu dutela: «Autogobernuaz harro egon gaitezke, beharrik handiena zegoenean bere sendotasuna eta ahalmena erakutsi dituelako». EAJko Joseba Egibarrek ere txalotu du Jaurlaritzaren jarduna, baina, batez ere, EH Bildu kritikatzeko baliatu du bere hitzaldia, eta «koherentzia falta» eta «ezezkorako indar handia edukitzea» leporatu dio koalizioari.
Estatus berriaren inguruko eztabaidak eta Urkulluk eskubide historikoen eguneratzeaz egindako proposamenak saioaren zati handi bat hartu dute. Iriartek ohartarazi du erabakitzeko eskubidea «desagertu» egin dela Urkulluren diskurtsotik: «Hori oso kezkagarria da, horrek herri hau men egitera kondenatzen duelako betiko, eta horrek herri honi eztabaida lapurtzen diolako». Gogorarazi dio erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat dagoela gizartean, eta horren aurrean PPren eta PSE-EEren «betoa» onartuko ote duen galdetu dio Urkulluri.
«Euskal herritarrek beren esparru juridiko eta politikoa aldatzeko borondate argia eta irmoa adierazi dute», adierazi du Gorrotxategik, eta horretaz «marra gorririk gabe» hitz egitearen alde agertu da. Anduezak, berriz, esan du erabakitzeko eskubidean tematzea «elkarbizitza eta aniztasuna puskatzea» dela: «Bide hori porrot itzela izan da».
Politika orokorreko eztabaida. Taldeen erantzunak
Oposizioak Jaurlaritzaren jarduera kritikatu du, eta autokritika falta egotzi dio
EH Bilduren ustez, «kontserbadorea» eta «ahula» da Urkulluren proposamena. Oposizioak ez ditu akordiorako ateak itxi nahi izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu