Oposizioak auzitan jarri du Gasteizko Udalak etxegabeei neguan ematen dien babesa

Etxegabe asko lekurik gabe geratzen direla salatu du EH Bilduk; irizpide falta egotzi dio Elkarrekin Gasteizek.

Etxegabe bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Etxegabe bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko urtarrilaren 27a
16:30
Entzun

Hotz egin zuen duela bi aste Gasteizen, urtarrilaren 13tik 19ra. Tenperatura hotzenak zero azpikoak izan ziren egun gehienetan. Gasteizko Udalak abian jarri zuen etxegabeei neguan ostatua eskaintzeko zerbitzua: 30 leku eskaini zituen gaua pasatzeko, Cmas, Aterpe eta Los Arquillos aterpetxeetan. Zerbitzu hori indarrean jartzen da elurteengatik edo tenperatura hotzengatik larrialdia ezartzen denean edo zenbait egunetan jarraian zero azpiko tenperaturak espero dituztenean.

Oposizioak kritikatu egin du udalak neguko zerbitzuarekin duen jokabidea, gaur batzordean egin duten saioan. Lucho Royero Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eman ditu azalpenak eta datuak. Neguko zerbitzuko lekuren bat lortu nahi izanez gero, etxegabeek aldez aurretik eskatu behar dute. Neurri horrekin zerbitzua «indargabetu» egin dutela esan dio Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak Royerori: «Izen-abizenak jartzen dituzue, kalean lotsaren ilararik ez egoteko».

EH Bilduren arabera, Gasteizen 200 pertsona baino gehiago bizi dira kalean, «baina Arabako Foru Aldundiak ez ditu eskumenak bere gain hartzen, eta udalak, arduragabeki, ez dizkio eskatzen». Gasteizko Elizbarrutiaren Berakah programak 59 etxegabe hartu zituen hotz egin zuen gauetan, udalaren baliabideak ez direlako nahikoak denei ostatu emateko, Viterok zehaztu duenez.

«Onartezina»

Ildo beretik, Garbiñe Ruiz Elkarrekin Gasteizeko bozeramaileak auzitan jarri du Gasteizko Udalaren eredua: «Eredu berriaren ondorioz, egun batzuetan pertsona batzuek pasatzen dute hotza kalean, eta besteetan beste batzuek. Onartezina da pertsonak kalean uztea izozteak daudenean eta gutxieneko tenperaturak hain hotzak direnean». Ruizentzat ez da logikoa kalean bizi direnek jakin behar izatea noiz zabaltzen eta ixten diren neguko aterpe zerbitzuak: «Geuk ere ez dakigu, ez baitago irizpiderik». 

Neguko aterpe zerbitzuak eskaintzen dituen ia leku guztiak bete egin ziren urtarrilaren 13tik 18ra. Zehazki, %92,7ko betetze maila izan zuten. Hutsik geratu ziren lekuak badaezpada gordetzen dituztenak dira, emakumeentzat. Reyerok aurreratu du hurrengo hotzaldian sei-zortzi leku gehiago eskainiko dituztela.

Irizpideak aldatu egin dituzte, «premia gorriena duten pertsonei lehentasuna emateko». Lehentasuna dute 60 urtetik gorakoek, osasun arazoak dituztenek, kalean denbora gehien daramatenek eta babesa hartzeko lekurik ez dutenek. 

Denbora gutxiago

Etxegabeak denbora gutxiago egon daitezke Gasteizko Udalaren neguko aterpetxeetan, «pertsona gehiagori lekua eskaini ahal izateko, baliabideak mugatuak baitira». Reyerok zehaztu duenez, emakumeek eta osasun arazoak dituztenek lekua izan dute gau guztietan.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak onartu du gero eta gehiago direla Gasteizen kalean bizi diren pertsonak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.