Oposizioak «autokonplazentzia» leporatu dio Urkulluri

Oposizioak lehendakariaren autokritika falta kritikatu du. Anduezak Urkulluri gogoratu dio gobernu akordioan ez zela estatus berriaren inguruko punturik txertatu.

Nerea Kortajarena, gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 14a
18:17
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren hitzei erantzuteko txanda iritsi da arratsaldean, eta Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiek euren hitzartzeak baliatu dituzte lehendakariaren «autokonplazentzia» kritikatzeko. Osasungintzan eta Hezkuntza legean egin dute indar. Lehen kasuan, alderdi guztiek bat egin ditu Osakidetzaren itxaron zerrenden eta plantilla arazoek salaketan; bigarrenean, berriz, kritikak oso bestelako ikuspegietatik iritsi zaizkio Jaurlaritzari. Denen ahotan izan den gaietako bat da Urkulluk autogobernuaren inguruan eginiko proposamena ere. Hark EAJren babesa soilik eskuratu du.

Jeltzaleen bozeramaile Joseba Egibarrek Urkulluren «zorroztasuna eta seriotasuna» nabarmendu ditu, eta oposizioak harekiko izaniko jarrera kritikatu: «Ez diezaiegun herritarrei katastrofismoa islatu». Batez ere EH Bilduri zuzendu dizkio bere kritikak, esanez «populismoa» baliatzen ari direla euren tesia herritarren artean zabaltzeko: «Zerbitzu publikoen gainbehera sentsazioa sortzen ari zarete».

Nerea Kortajarena EH Bilduko eledunaren ustez, Urkulluk autokritika aipatu bai, baina ez du egin. Izan ere, kritikatu dio bere hitzalditik ondorioztatu daitekeela «dena ondo» doala. Hala, herritarrengandik «deskonektatuta» egotea leporatu dio: «Herri hau beste frekuentzia batean sentitzen da». Izan ere, EH Bilduren ustez, Jaurlaritzaren «triunfalismoa» ez da aproposa egungo datuei erreparatuz gero.

Kortajarenak adierazi du muturreko pobreziak behera egin duen arren, desparekotasunak gora egin duela, enpleguaren prekarizazioa ez dela eten, eta alokairuen prezioak %20 egin duela gora azken sei urteetan. Osakidetzaren kasuan, berriz, herritarren balorazioen beherakada handia eta seguru pribatuen gorakada aipatu ditu kudeaketan izandako akatsen ondoriotzat. Finean, Kortajarenak «misio, bisio eta anbizio falta» leporatu dio Urkulluri,  «jauzi bat ematea» beharrezkoa den unean. Haren ustez, ongizate egiturak aldatzeko, ezagutza sistema berritzeko, identitate komunitarioa indartzeko eta segurtasun eredu propio bat garatzeko momentua da.

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak sailburu sozialisten lana txalotu du. Besteak beste, langabezia tasa %10etik behera jaitsi izana goraipatu du, eta etxebizitza arloan egindako urratsak nabarmendu. Arlo horretan, Urkulluri txarretsi dio Espainiako Etxebizitza legearen kontra egin izana, baita 2015eko EAEko Etxebizitza legearekin berdin jokatzea ere. «PPren erkidegoen alboan kokatzen ditu batzuk horrek», adierazi du. Aurrera begira, berriz, klima larrialdiari aurre egiteko politiketan, hezkuntzak, osasungintzan eta berdintasunetan egin du indar, horietan «politika ausartak» behar direla esanez.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko eledunak adierazi du «nekeza» izan dela pandemiaren eta Ukrainako gerraren eraginei aurre egitea, baina galdera dela ea zer egin duen Jaurlaritzak «osasungintzaren hausturari» eta energia krisiari aurre egiteko. Lehenari dagokionez, adierazi du herritarrek euren azalean bizi dutela Osakidetzaren «desegitea», eta Jaurlaritzak ez duela erantzun egokirik eman. Bestalde, auzi ekosozialari erantzuteko estrategia falta leporatu dio Urkulluri, eta berrindustrializazio prozesua trantsizio ekologikoari lotuta egiteko beharra azaldu du: «Energiaren demokratizazioan oinarritzen den prozesu bat proposatzen dugu guk». Hezkuntza lege proiektua ere kritikatu du Gorrotxategik, iaz adostutako itunetik aldentzen dela esanez: «Publikoaren kontzeptua arriskuan jartzen ari da».

Autokritika gutxi egitea egotzi dio PPko eledun Carlos ere  lehendakariari, eta gehitu Urkulluren «zikloaren amaiera» agerian geratu dela. Azken urteetan «harrokeriaz» jokatu izana leporatu dio, eta azaldu horrek gizarteko sektore ezberdinekin hartu emanak izatera eraman duela. Besteak beste, kritikatu du Jaurlaritza ez dela izan Osakidetzan «irekitako zuloak estaltzeko» eta Ertzaintza «krisi larri» batera eraman duela.

Ciudadanoseko Jose Manuel Gil lehen aldiz aritu da politika orokorreko eztabaida batean, PPren «traizioa» eta PP+Cs koalizioaren haustura dela medio. Talde mixtoko kideak Urkulluren «triunfalismoa» kritikatu eta nazionalismoa jo du «Euskadiren arazotzat». Bide horretatik, euskararen erabilera jarri du jomugan, izan hezkuntzan edo administrazioan, haren «inposaketa» sustatzen ari direlakoan: «Gaztelera da guztion hizkuntza». Antzeko argudioak erabili ditu Voxeko Amaia Martinezek ere Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan izandako jarrera kritikatzeko: «Euskara helburu politiko eta alderdikoiekin erabiltzen duzue». Hala, Urkulluri aurpegiratu dio bere «proiektu erradikala» euskal gizartearen helburutik urrun egotea.

Autogobernua

Urkulluk autogobernuaren alorrean egindako hiru proposamenek ─estatutua osatu, estatus berria mahai gainean jarri eta «konbentzio konstituzionala» gauzatu─ Egibarren babesa soilik izan dute. Izan ere, EAJko eledunak argudiatu egoerari «argia» emateko asmoa dutela, eta Espainiako Gobernuari dagokiola orain erantzun bat ematea. Izan ere, Egibarrek adierazi du Pedro Sanchezek Espainiako gobernuburu gisa jarraitzen badu, hori euskal herritarrei eta katalanei esker izango dela. Era berean, uste du horrek berarekin dakarrela Euskal Herrian zein Katalunian bizi den arazo politikoari konponbide bat topatzeko beharra. Beraz, bi lurralde horietako «errealitate nazionalak» onartzea abiapuntu bat dela uste du, «erabakiguneak errespetatzearekin» batera.

Kortajarenak, berriz, nabarmendu du egungo erronkei erantzuteko ezinbestekoa dela burujabetza, egun Euskal Herriari «ukatzen» zaiona, eta helburu horrekin akordioak egiteko prest agertu da. Hark, gainera, nabarmendu du egungo testuinguru politikoa aproposa dela horretarako. Espainiako panoramari so, azaldu du ez dela posible Madrilen gobernu aurrerakoi bat osatzea «gehiengo plurinazionalik» gabe, eta horrek, bere horretan, «agenda plurinazionala» martxan jartzea suposatu behar duela: «Aukera historiko hau aprobetxatu egin behar dugu».

Kontrara, Anduezak gogoratu du EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioan autogobernua garatzea adostu zutela, baina estatutuaren mugen barruan. Hala, Urkulluren «konbentzio konstituzionalaren» eta estatus berriaren inguruko proposamenen aurka egin du: «Euskadik ez du Lizarrako itunera itzultzeko beharrik». Argudiatu du Urkulluren helburua dela eredu konfederal bat sustatzea, eta sozialistek ez dutela hori erraztuko.

Elkarrekin Podemos-IUk ez du errefusatu estatus berriaren gaineko elkarrizketa, baina kritikatu du autogobernua hauteskunde garaian erabiltzeko «baliabide komunikatibo» gisa erabiltzen ari dela Urkullu. Izan ere, Gorrotxategik txarretsi du azken urteetan EAJk eta Jaurlaritzak soilik aipatu dutela Etxebizitza Legearen, elektrizitate enpresen irabaziak grabatzearen eta fortuna handiei zergak handitzearen kontra egiteko, eskumen urraketak argudiatuta.

Iturgaizek ere afera hauteskundeei begira erabiltzea salatu du, esanez «konbentzio konstituzionala» proposatu izanaren helburua dela «EH Bilduren kaletan arrantza egitea», abertzaleen botoak berreskuratzeko asmoz. Horren ordez, Sanchezekin eta EH Bildurekin egindako akordioak uzteko eskatu dio, popularrak akordioetara iristeko prest daudela esanez; besteak beste, gogoratu du PP izan zela Durangoko (Bizkaia) alkatetza eta Gipuzkoako Foru Aldundia EAJren esku utzi zituena.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.