'Egunkaria auzia'. Eskertza ekitaldia. Txema Auzmendi. 'Egunkaria'-ko auzipetu izana

«Operazioa agindu eta gauzatu zutenek ez dute orain aurpegia emango»

Kuban dela jakin du Txema Auzmendik bukatu dela 'Egunkaria auzia'. Kazetaren itxiera kasuan eta pieza ekonomikoan egon da auzipetuta. «Sufrimendu handia» eragin zela dio, eta auzia «injustizia» izan dela.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Duela lau urtetik Kuban dago Txema Auzmendi jesuita eta Egunkaria-ko bi kasuetako auzipetua (Ordizia, Gipuzkoa, 64 urte). Kazetaren itxierako kasuko epaiketako absoluzioa izan ostean joan zen hara. El Cobre herriko santutegian da, eta handik hitz egin du BERRIArekin, pozik, Egunkaria auzia bukatu dela eta.

Nola jakin zenuen Egunkaria-ren auzi ekonomikoa preskribatu duela Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak?

Ordizian bizi den arreba Julik mezu bat bidali zidan asteartean bertan, Gipuzkoako auzitegiak erabakia jakinaraztean. Joan Mari Torrealdaik ere bidali zidan gero mezu bat. Askoz gehiago ez dakit, hemen, El Cobreko santutegian, ez dugulako Interneten ibiltzeko modurik. Hilaren 26an, destino berrian, Habanara joango naiz, eta han edukiko dut aukera.

Bukatu da.

Bazen garaia! 11 urte izan dira... Sufrimendu handia eragin dute.

Zeuk nola bizi izan duzu?

Itxierako epaiketaren aurretik Euskal Herrian nintzen, eta gehiago bizi nuen auzia. Epaiketaz geroztik, ordea, Kuban izan naiz, eta hemen, egia esan, ahaztuta eduki dut; edo presente ez, behintzat. Distantziak egiten du hori, baina baita nire izaerak ere.

Kubako jendeari inoiz azaldu al diozu auzia?

Bai. Geure esperientziak partekatzen ditugu, eta haiei ez zaie erraza Egunkaria-ren aurkako operazioko testuingurua ulertzea. Baina badakite nik ez diedala gezurrik kontatu, ezagutzen bainaute. Harridura sortu die auziak. Neuri balio izan dit esperientzia azaltzeak, barrua lasaitzen eta bakean egoten lagundu didalako.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Guardia zibilek eta instrukzio epaileak handiak egin zituzten: egunkari bat itxi, torturak... Baina ez diet gorrotorik. Barne ariketa bat egin dut, haienganako amorrurik ez izateko.

Zergatik eman zizueten halako tratua? Ulertzen al duzu?

Ni ez ninduten torturatu, seguru asko jesuita naizelako. Guardia zibilek eta poliziek Euskal Herrian asko sufritu izan dute ETAren indarkeriagatik, eta, gu harrapatuta, eurek bizitakoa ordainarazi nahiko zuten. Gertatzen da bazekitela torturak eraginda ere estatuaren aldetik babestuta sentitzen zirela. Estatuak bidea libre utzi du jendea torturatzeko. Legea haien aldekoa da, gainera. Beraz, hori dena kontuan hartuta, edozeren gainetik etika izatea ez da erraza izango. Neuk ez dakit nola erreakzionatuko nukeen haien aldean banengo. Dena dela, eta betiere pertsonen sufrimendua izugarria izan dela esanda, okerrena ez da hori izan.

Zer, orduan?

Kalte-ordainik ez dela izan eta operazio hura agindu eta gauzatu zutenek ez dutela orain aurpegia emango. Egunkari bat itxi zuten! Orduan Espainiako Gobernuan ziren berak daude gobernatzen orain: PPkoak. Injustizia galanta da hau dena.

Zerekin geratzen zara?

Euskal Herriak emandako erantzunarekin eta euskal kazetariek beste proiektu bat sortzeko izandako gaitasunarekin. Dena dela, gauza bat da guk geuk, denok, erakutsi genuen indarra, hori nolabait gure esku baitzegoen, eta beste bat, estatuaren aldetik pairatu genuena eta auzian egon den injustizia guztia; hori ezin da ahaztu.

Auzi ekonomikoko epaiketagatik, behintzat, ez duzu Euskal Herrira etorri beharko...

Gure nagusiak esango luke, bestela: «Hau martxoan bi hilabeterako joan zuan hara, eta orain berriro?». Serio hitz eginda: benetan pozten naiz auzia bukatu izanaz eta jendeak gehiago sufritu behar ez izateaz. Gogoan ditut itxierako operazioan atxilotutako bi lagun: Luis Goia eta Inma Gomila. Hil ziren biak: Luis 2006an, Inma 2011n. 2003ko operazio hartako sufrimenduak eraginik izan zuelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.