Oparituta ala merezita?

D ereduan ikasten dutenei euskaraz badakitela ziurtatzen duen agiriren bat eman nahi die Jaurlaritzak: goi mailako ikasketak dituztenei EGA eta DBHra arte ikasten dutenei beste tituluren bat. Haatik, D ereduan ikasteak bermatzen al du euskara gaitasuna?

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
D ereduan ikasten dutenei euskara ziurtagiriak eman nahi dizkie Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, DBHren osteko goi ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleei EGA ziurtagiria emateko aukera aztertzen ari dira, eta DBHra arte bakarrik ikasi dutenei beste tituluren bat ematea dute buruan. Ikasleek euskaraz ikas dezaten administrazioak egiten duen «ahalegina» eta ikasleek egiten dutena «hutsean» geldi ez dadin abiarazi nahi du Jaurlaritzak ekimen hori. Oraindik ez dute argitu, ordea, euskararen zein jakite maila lortu beharko luketen ikasleek ziurtagiri hori lortzeko, eta guztiei emango ote zaien zuzenean.

Oraingoz proposamen bat baino ez da, baina galdera ugari eragiten ditu. Esaterako, honako hau: D ereduan ikasten dutenek ziurtatuta al daukate euskaraz hitz egiteko eta idazteko gaitasuna? Bistan da gaur-gaurkoz ezetz, izan ere, gaur egungo hizkuntz ereduek ez dute inolaz ere bermatzen ikasketak bukatzean euskara maila egokia lortzen dutenik ikasleek. Esaterako, D ereduan ikasten duten hiru ikasletik batek ez du B2 maila gainditzen, eta EGA azterketa egiten duten D ereduko ikasleen erdiek baino gutxiagok lortzen dute agiria. EGAn C1 maila eskatzen dute. Lehengo astean bertan honako datu hauek kaleratu zituen Jaurlaritzak berak: DBHko 2. urteko ikasleen herenak eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen %27 ez dira heltzen erdiko mailara euskaraz. Datu horiek hezkuntza ereduen gaineko eztabaida sortu dute.

Jaurlaritzak, ordea, hiru eleko hizkuntz markoa abiatu du ikasturte honetan 40 ikastetxetan, «proba modura», Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko lehenengo mailako ikasleekin. Egitasmoak zalantzak sortu ditu.

Gai honek, gainera, honako gogoeta hau ere eragiten du: EGAren edo antzeko beste ziurtagirien balioa ez al da ari gutxiesten?

Jaurlaritzak mahai gainean duen egitasmo honen inguruko datu gutxi izan arren oraindik, BERRIAk gogoeta egiteko eskatu die arlo horretan adituak diren honako lau hauei: Imanol Igeregi Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorrari, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiari, Ricardo Arana Hezkuntzako komunikazio arduradunari eta Lontxo Oihartzabal EAEko Eskola Kontseiluko lehendakari izandakoari.

Galderak

1. Emaitzek diote egungo hizkuntz ereduek ez dituztela ikasleak euskalduntzen, eta D ereduari dagokionez ere, emaitzak ez dira onak: hiru ikasletik bat ez da gai euskaraz ondo hitz egiteko eta idazteko. Emaitza horiek kontuan hartuta, egokia ikusten duzu ikasle guztiei ematea euskaraz badakitela egiaztatzen duen ziurtagiriren bat? Galbahe handiegia ez al da?

2. Ez al duzu ikusten beharrezko hizkuntz ereduen gaineko eztabaidari heltzea, euskaraz jakitea ebaluatzeko eztabaidari ekin aurretik?

3. Gai honek beste eztabaida bat eragiten du: zergatik ebaluatu behar den euskaraz jakitea eta zergatik ez den halako neurririk hartzen gaztelaniarekin.

IMANOL IGEREGIIkastolen Elkarteko zuzendari orokorra
«Zehatz dezagun hezkuntza etapa bakoitzean zeinjakite maila behar den»

1. Unibertsitateko ikasle bati bere jarduera profesionala gauzatzeko, lantoki ugaritan ikasketak amaitu ditueneko titulazioa eskatzen diote, eta titulu horietako bat EGA izan ohi da. EGAren beharra egokia ala desegokia irudituko zaigu, baina gaur egun titulua behar du. Derrigorrezko eskolaldian hizkuntza planteamenduek aldaketa sakona behar dute, baina bitartean unibertsitatetik ateratzen den ikasleari irtenbideren bat eskaini behar zaio. Agian EGArako azterketa aukera hobea al da? Beste kontu bat da zelan lortzen den egiaztatzea: curriculuma, programak, kredituak, ebaluazio irizpide eta adierazle argiak... Hezkuntza eta gizarte eragileok ekarpen eta ñabardura desberdinak egin genitzake. Gogoeta horrekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak galdetu izan baligu, segur aski proposamen bat baino gehiago egingo genituzke; baina, berriro ere, ez digu galdetu. Euskal gizartean gai horiez dugun sentiberatasunaren barnean, eta prozedura desegokia tartean, beste aukera galdu baten aurrean gaude.

2. Ez. Hausnarketa beste maila batean jarri behar dugu. Gure gizartea elebiduna da, eta Euskal Herriko gune ezberdinetan elebitasun mota bat edo bestea planteatzen da: euskara-gaztelania edo euskara-frantsesa. Derrigorrezko eskolaldiaren bukaeran hizkuntza horiek jakitea bermatu behar dela behin eta berriz aldarrikatu dugu. Ezin dugu etengabe errepikatu eztabaida berbera.

Beraz, zehatz dezagun: hezkuntza etapa bakoitzean zein jakite maila, zer-nolako metodologiak eta zelan burutuko den jakitearen ebaluazioa; 16 edo 18 urterekin zer den hiztun konpetentea izatea; zelan egiaztatu akademikoki hiztun horien konpetentzia, hizkuntzetarako Europako markoaren arabera. Beraz, berma dezagun eskolatik hiztun konpetenteak irtengo direla. Bide horretan lan handia egin dugu, emaitza onak eskuratu eta proposamen zehatzak egin ditugu.

3. Egia esan, planteamendu hori gaztelaniaz edo frantsesez egitea ez litzaioke inori bururatuko. Norbaitek planteatuz gero, zorotzat hartuko lukete. Horrek euskararen normalizazioa zertan den nabarmen islatzen du. Beraz, lan eskerga dugu aurretik.

PAUL BILBAO Kontseiluko idazkari nagusia
«Oraindik ez dute zehaztu zer den hizkuntza maila egokia, eta tituluak indiskriminatuki banatzen ezin da hasi orain»

1. Ziurtagiriek hizkuntza gaitasun zehatzak egiaztatzen dituzte. Egun, hezkuntza sisteman ez dago ezarrita zein hizkuntza gaitasun izan behar duten ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan; hortaz, ez du logikarik helburu zehatzik ezarrita ez duen sisteman hizkuntza gaitasunak indiskriminatuki kreditatzea. ISEIk 2004an egindako ebaluazioaren datu kezkagarriek zer pentsa eman beharko lukete, eta hor jarri beharko litzateke arreta guztia, ikasleek gaitasun egokia lortzeari begira. Dena den, gogoratu beharko genuke D eredua dela ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduari gehien hurbiltzen zaiona.

2. Legeriak dio ikasleek hizkuntza maila egokia lortu behar dutela derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, baina oraindik ez dute zehaztu zer den hizkuntza maila egokia. Ondorioz, orain tituluak banatzen hastea da egin beharrekoa? Ez, horixe. Lehenik eta behin, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleek hizkuntzetan lortu beharreko gaitasun mailak zehaztu beharko lirateke. Kontseiluak egindako proposamenean, euskara eta gaztelaniarentzat B2 eta ingelesarentzat B1 aurreikusi ditu. Behin helburuak zehaztuta, eta dagozkion ebaluazioak eginda, gaitasun hori egiaztatzen duten ikasleen jakite maila kreditatzeak ez du zertan desegokia izan. Dena den, jar ditzagun helburuak eta hitz egin dezagun ondoren helburu horiek lortu dituzten ikasleen gaitasunak egiaztatzeaz. Hortaz, eztabaida ezin dugu ikuspegi teknikora eraman.

3. Gaztelaniaz derrigorrez jakitea ezartzen du Espainiako Konstituzioak. Hartara, gaztelaniaz ez jakitea ez da aurreikusten; eta, beraz, herritarrek ez dute zertan hizkuntza hori jakitea egiaztatu. Are gehiago, egun lan deialdietara estatutik kanpoko norbait aurkeztuz gero, aldez aurretik gaztelaniaz badakiela egiaztatu behar du, titulu zein azterketa bidez. Horrexegatik, Kontseiluak euskararen estatusa definitu izan duenean derrigorrezko jakitea ere aurreikusi du, egungo estatusak desorekak besterik ez dituelako eragiten.

RICARDO ARANAEusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Komunikazio arduraduna
«20 urtean ikasketa guztiak arrakastaz burutu ondoren, zertarako eskatu hizkuntza proba gehigarri bat?»

1. Hezkuntza Saila ez dago galderaren atarian egiten diren baieztapenekin batere ados. Azken diagnostiko ebaluazioen emaitzek aurrerabidean goazela esaten digute, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua zenean egin ziren neurketekin alderatuta. Baina harira joanda, galbahea handiegia izatea arrisku bat da, eta estuegia izatea ere bai. Argi dagoena da orain ezin dugula duela hogeita hamar urteko galbahe berbera erabili.

2. Biak batera egin beharko dira. Hezkuntza Sailaren asmoa XXI. mendeko hizkuntza adostasun berriak bilatzea da gure arloan ere. Horretarako, Euskararen Aholku Batzordeak egin zuen Euskara 21 txostena ez da abiaburu txarra. Abian jarri dugun Hezkuntza Marko Hirueledunaren hiru urteko esperimentazio aldia xede horrekin egin da: euskara indartu, elebitasuna sendotu eta ingelesa aktibatzeko, mundu zabalera begira dagoen gizarte elebidun bat mamitzen joateko. Xedea, beraz, hizkuntza ereduak ordezkatuko dituen marko hirueledun bati bidea irekitzea da, non minimo batzuetan oinarriturik ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin ahal izango duen.

3. Ulertezina da. Gutxiago oraindik euskarazko irakaskuntza erabat hedaturik dagoenean haur hezkuntzatik unibertsitateraino. Hogei urtean ikasketa guztiak arrakastaz burutu ondoren, zertarako eskatu hizkuntza proba gehigarri bat? Euskarazko irakaskuntza normalizatuz doan neurrian, parekatu egin behar ditugu euskararekin eta gaztelaniarekin hartzen ditugun jokabideak. Hori da konpondu nahi duguna.

LONTXO OIHARTZABALEHUko irakasle titularra etaEAEko Eskola Kontseiluko lehendakari ohia
«EGA eman nahi bada, C1 maila eskuratu dutela ziurtatu beharko lukete ikasleek, bestela iruzur egingo da»

1. Nik ez dut herrialderik ezagutzen non batxilergoko ikasketak burututakoan ikasleei bertako hizkuntzari dagokion gaitasun agiri berezirik eskuratzen zaion. Nik dakidalarik, lanbideetan-eta ezer eskatzen badute, batxilergo osoko espedientea da, eta horretan oinarritu ohi dira hartu beharreko erabakiak hartzeko. Hain zuzen, batxilergoko espedienteari eman behar zaio balioa eta erabilgarritasuna. Eta espediente horretan ikusi ahal izango da batxilergoko ibilbide osoan eta amaierako azterketetan ikasleak euskararen eremuan erakutsi duen trebezia eta gaitasuna.

Batxilergoa D ereduan egin duenari EGA eman nahi bazaio, beste hau aurrez frogatu beharko luke Jaurlaritzak: Europa Kontseiluaren Erreferentzia Markoaren C1 mailak eskatzen dituen erabilera gaitasunak, bai ahoz eta bai idatziz, frogatuak dituela ikasleak. Hori frogatzen ez den bitartean, iruzur egin nahian ibiliko lirateke. EGA, hain zuzen ere, Erreferentzia Marko horretako C1 mailarekin parekatua dago. Orain artekoan dakigunez, batxilergoa gainditutako askok eta askok ez du EGA frogarik gainditzen horretara aurkezten denean.

2. ISEIk egin ohi dituen ebaluazioetan argi eta garbi agertzen da D ereduan ikasi izanagatik ere euskararen erabileran muga asko eta larriak dituela ikasleetako hainbatek eta hainbatek. Irakaskuntza ereduen arazoa sakonki aztertu beharra dago. Ia 30 urte joan dira ereduen eraketa eta antolaketa landu eta plazaratu zirenetik. Orduko eta gaurko egoera ez da bera, ez kalean ezta ikastetxeetan ere. Nire usterako, ikastetxe bakoitzak erabaki beharko luke bere eredua euskararen erabilerari dagokionez, baina, betiere, zera ziurtatuz: ikasleak derrigorrezko eskolaldia betetzen dutelarik euskaraz eta gaztelaniaz, ahoz nola idatziz, modu egokian hitz egiteko eta idazteko gaiturik egonen direla. Hori aztertzen, lantzen, aholkatzen, norabideak zehazten, baliabide egoki eta erabilgarriak sortzen eta eskura jartzen, esperientzia onak ezagutarazten,irakasleak horretarako prestatzen... jarri beharko lituzke bere ahalmenak eta lanak Jaurlaritzak. Orain arteko eskarmentuak ezertarako balioko badigu, egin eta lortutakoari buruz gogoeta sakon bat egin eta etorkizuna beste era batera norabidetzen ahalegindu beharko genuke.

3. Esan bezala, batxilergoa amaitzerakoan ikasle ohiari eskuratzen zaion espedienteak beharko luke baliagarritasuna. EGA Europako Kontseiluko Erreferentzia Markoaren C1 mailari dagokiona da: EGA eskuratzeak hori baino ez du frogatzen; euskararen kasuan, batxilergoa D ereduan egin duen ikasleak hori frogatu duela suposatzen bada, batxilergoa D eta beste ereduetan egin duten ikasleei gaitasun eta trebezia berdina onartu beharko litzaieke gaztelaniaz ere, eta, ondorioz, GGA Gaztelaniazko Gaitasun Agiria eskuratu beharko litzaieke. Beste guztia, nire ustez, iruzur ahalegina baino ez litzateke.

Euskararen alde daudela edo frogatu nahi ligukete neurri-proposamen berri honekin Kulturako eta Hezkuntzako oraingo sailburuek. Irakaskuntzan euskararen erabilera hobetzen saiatzea, horretarako neurri emankorrak hartzea, ikastetxeei baliabide egokiak -euskarri didaktikoak eta pertsonalak- eskaintzea litzateke bide egokiena euskararen aldeko jarrera frogatzeko. EGAren eskaintza orokor hau su festetako txinparta koloretsu bat baino ez litzateke, eta ez lioke inolako onik egingo euskararen erabilerari eta etorkizunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.