Osakidetza hobetuko duen osasun itun bat adostera deitu ditu Eusko Jaurlaritzak alderdi politiko, sindikatu eta osasun arloko eragile nagusiak, eta ostegunean dira lehen bilera egitekoak. Hala ere, OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak koordinakundeak jakinarazi du haiek ez dutela bileran parte hartzeko gonbidapenik jaso oraindik. Nabarmendu dute bilera horietan «aktiboki» parte hartu nahi dutela.
«EAEko osasungintza publikoaren aldeko gizarte eragile nagusia garen aldetik, uste dugu sistema horrek bizi duen egoera kritikoari erantzuna eman nahi dion akordio batek nahitaez eskatzen duela eremu honetan aktiboenak diren herritarren sektoreek parte hartzea, eta haiekin hitzartzea», nabarmendu du koordinakundeak, ohar baten bidez.
Gaineratu dute «ulertezina, onartezina eta jarrera demokratiko eskasaren erakusle» izango litzatekeela ituna haien parte hartzerik gabe onartzea. Horregatik, biltzeko eskatu diote Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, «ahalik eta lasterren».