Lema galdu duen ontziaren norabidea finkatzeko ahaleginetan, hondoratu egin da. EAEko PPren gidaritza hartu zuenetik, denborale askori egin behar izan die aurre, barrukoei zein kanpokoei, eta denetatik ez da onik atera, agerian denez. Bost urte pasatxo dira Alfonso Alonsok (Gasteiz, 1967) EAEko PPren gidaritza hartu zuela, Arantza Quirogak dimisioa eman eta gero. Hamaikagarren krisian murgilduta zegoen orduan alderdia, bakean eta elkarbizitzan egindako urrats txiki batek Quirogaren dimisioa ekarri zuenetik. Lehendik ahulak ziren EAEko PPren zimenduak sendotu nahian hartu zuen alderdiaren gidaritza Alonsok, artean Arabako PPko buru eta Espainiako Osasun ministro zenak. Ez zuen lan erraza, hamaika erronka baitzituen aurretik: urtetako boto galera etengabea etetea, barne zatiketak irekitako zauriak ixtea eta Euskal Herriko egoera politikoari tamaina hartzea. Urteetan, ur nahasietatik atera ezinik egondako alderdia hondotik ateratzeko lanak konplikatu egin zitzaizkion hasieratik, barne zein kanpoko tirabirei aurre egin behar izan dielako.
Alonsok Quirogaren tokia hartu zuenean, hitzeman zuen alderdiaren «batasunaren» alde lan egingo zuela eta proiektua «sendotuko» zuela. Baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren barruko sentsibilitate ezberdinek ia ezinezko egin dute erronka hori betetzea. Eta arazo horren atzetik, noski, Madrilgo zuzendaritzarekiko harremanak egon dira beti. Bata zein bestea batuta daudelako. Krisiak botere kuotarekin lotuta egon direlako alderdian.
Krisiaren azken kapituluaren hasiera PPren primarioetan idazten hasi zen, 2018ko uztailean. Mariano Rajoyren konfiantzako gizona izanik, Alonsok eta haren gertukoek Soraya Saenz de Santamariaren alde egin zuten primarioetan, eta Pablo Casadoren alde, berriz, Bizkaiko sektorekoek, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidenteak barne. Casadok irabazi zituen primarioak, eta harrezkero zakartzen hasi ziren EAEko PPko presidentearen eta alderdiaren buruzagitzaren arteko harremanak. Bi buruzagien arteko sintonia oso ahula izan baita hasieratik, bai politikoki, bai pertsonalki.
Giroa zakarrago bozetan
Espainiako Gorteetarako hauteskunde giroan azaleratu ziren bi buruzagien arteko tirabirak. Lehenik, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak Genovatik inposatu zirenean, EAEko PPren iritziari muzin eginda. Eta, bigarrenik, Nafarroako ereduari jarraitu eta PP, Ciudadanos eta Vox alderdien koalizioa proposatu zuenean Casadok Euskal Autonomia Erkidegorako. Alonsok errezeloz jaso zuen proposamena, eta argi utzi zuen ez zuela gustuko hiruko aliantza: Ciudadanosekin akaso, baina Voxekin sekula ez. Alonsok ez baitu inoiz begi onez ikusi PP Vox alderdi ultraeskuinarengana hurbildu izana. «Foru sistemaren, kontzertu ekonomikoaren eta erkidegoaren aurka dagoen alderdi batekin, inoiz ez», ohartarazi zuen. Koalizioa, azkenik, ez zen gauzatu, baina Genovaren eta EAEko PPren arteko harremanak, bideratu bainoago, gaiztotu egin ziren.
Irailean, Alonsoren alderdiak «norabide propioa» finkatzeko konbentzioa egin zuenean, gehiago nahasi ziren urak. Batzarraren bezperan, Cayetana Alvarez de Toledo PPk Kongresuan duen bozeramaileak gogor jo zuen Alonsoren alderdiaren aurka: oso larritzat jo zuen EAEko PPk foruak babestea eta izaera propioa nahi izatea, eta abertzaleekin «epelkeriaz» jokatzea leporatu zion. Adierazpenok lurrikara eragin zuten Euskal Autonomia Erkidegoko PPn, eta alderdiko buruzagiek ez zituzten ezkutatu sumindura eta atsekabea. Bi aldeak saiatu ziren ur nahasiak baretzen, baina ordurako inoiz baino ageriagoa zen Genovaren eta Alonsoren alderdiaren arteko distantzia.
Gaurtik ikusita, esanguratsuak bilakatzen dira konbentzio horretan Casadok egindako adierazpen batzuk. Batzar hartan, Casadok ohar bat bidali zion Alonsori, modu sotilean: «Euskadiko PP ez da Euskadiren PP, baizik eta Euskadin dagoen PP». Abisua ezin argiagoa zen: Euskadiko PPn ere Genovak agintzen du. Hauteskunde emaitzek, gainera, ez zuten lagundu Alonsoren asmoetan. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan porrot handia pairatu zuen, eta diputatu bakarra lortu zuen, Bizkaitik.
Eta oker hasitakoak ezin zuen okerrago amaitu Alonsorentzat. Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetarako PPk eta Ciudadanosek sinatuko duten akordioak betirako hautsi ditu zubiak, eta hondoratu egin du Alonsoren ontzia, lemazain eta guzti.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Krisia PPn
Ontzia hondoratu zaio lemazainari
Hamaikagarren krisian murgildutako alderdia bideratu nahian hartu zuen Alfonso Alonsok EAEko PPren gidaritza, 2015ean. Jokoz kanpo egon da Pablo Casado Genovara iritsi zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu