Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak begi onez ikusten dituzte motibazio politikoko biktimen erreparaziorako egin diren «urrats garrantzitsuak». Asteartean, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaria parlamentuan izan zen, iragan urteko lanari buruzko memoria aurkezteko, eta agerraldi hura «ontzat» jo dute Mikel Soto sareko eledunak eta Marilo Gorostiaga Egiari Zor fundazioko kideak. Zabalzaren hitzez gain, talde guztien ekarpena ere eskertu dute — Vox eskuin muturreko alderdia ez da bertaratu—. «Bakoitzak bere hitzekin eta ñabardurekin, guztiek salatu zituzten indarkeria mota guztiak, tortura eta tratu txarrak barne».
Iruñeko egoitzan, kazetariekin topaketa bat antolatu dute bi erakundeek —Egiaren garaia da dinamikaren partaide dira biak—, Aitortza eta Erreparazio Batzordean biktimek eman beharreko pausoei buruzko azalpenak emateko. 2027ko uztailean amaituko dira aitortza prozesuak. Oraindik orain urrats asko geratzen badira ere, atzera begirako ispiluari so egin dio Sotok: «Aurrera egitea inportantea da. Duela hamalau urte izan zen azken tortura kasua, eta pentsaezina zen gaur egoera honetan egotea».
Nafarroako Gobernuaren asmoa da urtero aitortutako biktimei aitortza ekitaldi bat egitea. Aurtengoa otsailaren 13an egingo da, Iruñeko Baluarte jauregian. Horri begira, Maria Txibiteri adierazi diote garrantzitsua litzatekeela ekitaldi horretan Nafarroako Gobernuko lehendakariak parte hartzea. «Iruditzen zaigu bidezkoa dela eta denok nahi dugun memoria inklusibo horretan urratsak egiteko neurri on bat izango litzatekeela».
Prozesu mingarria
Agerraldian, agerian geratu da eskaera egitea eta urtebetetik gora iraun dezakeen bide bati ekitea ez dela batere erraza biktimentzat. Batetik, erakundeekiko mesfidantza hautsi behar da. Bestetik, prozesua mingarria izan ohi da, berriro ere gogoratu behar izaten dutelako bizitako esperientzia traumatikoa. «Zenbaitek badute gordea dokumentazioa, eta horrek lagundu egiten die lekukotza berriz ez kontatu behar izateko. Aldiz, beste batzuk ez dute ezer, eta lehen aldiz kontatu behar dute», dio Gorostiagak.
Horregatik, konfidentzialtasuna gorde egin ohi da hasieratik bururaino. Egiari Zor fundazioak eta Torturatuen Sareak lagundu egiten dute, eta une oro errespetatzen da eskaera egiten duenaren iritzia. Marilo Gorostiagak nabarmendu duenez, zenbaitzuek ez diete inoiz senideei eta gertukoei kontatu bizitakoa. «Kontraesana dugu. Guk nahi dugu egia argitara ateratzea, eta, horretarako, kasuez hitz egin behar da. Aitortza datorrenean, beti pertsonari galdetzen diogu: Nahi duzu publikoki kontatzea? Ezetz esaten badigu, errespetu guztia».
«Guk nahi dugu egia argitara ateratzea, eta, horretarako, kasuez hitz egin behar da. Aitortza datorrenean, beti pertsonari galdetzen diogu: Nahi duzu publikoki kontatzea? Ezetz esaten badigu, errespetu guztia».
MARILO GOROSTIAGA Egiari Zor fundazioko kidea
«Prozesu gogorrak dira, baina errespetuz egiten dira», gaineratu du Gorostiagak. Azpimarratu du oso garrantzitsua dela ariketa hori egitea. Dagoeneko 300 torturatu inguruk azaldu dute eskaera egiteko prestasuna. Halaber, haien helburua da polizien indarkeriak eragindako zaurituekin harremanetan jartzea. «Kostatu egiten zaie eskaera aurkeztea, eta ez da izango datu faltagatik».
Egiari Zor fundazioak egiaztatua du segurtasun indarrek 246 pertsona zauritu zituztela Nafarroan: Montejurrako 1976ko ekitaldian, amnistiaren aldeko manifestazioetan, aberri egunetan, Olentzeroren ekitaldietan, Nafarroa Oinez-en... Zauri larriak dira oro har: bala zauriak, hezur hausturak, mehatxuak, lesio larriak, burezur hausturak, ikusmen lesioak, bortxaketa bat... «Zailtasun handiak ditugu pertsona horiekin harremanetan jartzeko, ez baitugu haiengana iristeko kontakturik».
«Barkamena eskatu behar dute. Badakigu zaila dirudiela, baina zergatik ez du Guardia Zibilak barkamena eskatuko? Ez da hain zaila, eta ez da hain arraroa. Guretzat oso inportantea litzateke».
MIKEL SOTO Nafarroako Torturatuen Sareko kidea
2027an, prozesua amaituta, ondorio txosten bat aterako du Aitortza eta Erreparazio Batzordeak. Sotok espero du balioko duela besteak beste zenbait garaitan egin diren tortura motak azaleratzeko. «Garai jakin batzuk dira, polizia gorputz batzuk dira, polizia etxe jakin batzuk dira, metodoak errepikatu egiten dira, edo beste batean atxilotu guztiak automatikoki Madrilera eramaten dira... Horrek oso argazki argia utziko du».
Sotok azken gogoeta egin du. Haren ustez, legeak mugak baditu ere, egian aurrera egin ahala aukera berriak sor daitezke. Ez du itxaropena galtzen torturaren erantzuleek inoiz barkamena eskatzeko. «Nahi baldin badute, zer egoeratan eta zer helbururekin egin zuten esan dezakete, eta hori eztabaidatu daiteke. Barkamena eskatu behar dute. Badakigu zaila dirudiela, baina zergatik ez du Guardia Zibilak barkamena eskatuko? Ez da hain zaila, eta ez da hain arraroa. Guretzat oso inportantea litzateke».
95Zenbat kasu izan diren. Gaur-gaurkoz 137 kasu erregistratu dira. 2024an, 41 kasu aitortu ziren, eta batek ezezkoa jaso zuen. Orain, 95 kasu aztertzen ari dira —hamasei eskaera urtarrilean egin dira—.