Digitalizazioa hezkuntzan. Xan Berterretxe. Medikua

«Ontsa pentsatu behar da zertarako sarrarazten diren pantailak eskolara»

Pantailak erabiltzeko moldeak osasunean dituen ondorioez aritu da Berterretxe, eta argi du loari kalte egiten diola. Eskolan pantailak erabiltzeko erari buruz, proiektu pedagogiko argi bat behar dela uste du.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Medikua da Xan Berterretxe (Makea, Lapurdi, 1988), eta kabinetea Baigorrin du (Nafarroa Beherea). Tesia pantailen erabilerari buruz egin zuen; zehazki, lehen arretako medikuek pantailen gehiegizko erabileraren ondorioez dituzten ezagutzez. Azpimarratu du eragin handiena loan agertzen dela, eta horri loturik beste gisako sintomak ere agertzen direla.

Ikusi gehiago:EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Aurreiritzi anitz bada haurrek pantailak erabiltzeari buruz. Nola erranen zenuke erabiltzen dituztela?

Nola kontsumitzen diren galdetzean, buruan izan behar dugu zertaz galdetzen ari garen. Ordu kopuruaz ari bagara, erantzuna da anitz orduz kontsumitzen dituztela. Zehaztu behar da herrialdeen arabera ere biziki aldakorra dela. AEBetan, adibidez, izugarria da: haur bakoitzak zortzi oren pasatzen ditu egunero pantaila aitzinean, eta, batzuetan, bi pantaila kontsumitzen dituzte aldi berean. Telebista piztua da, eta, aldi berean, sakelakoa edo tableta dute esku artean.

Familia batetik bestera ere aldakorra da, ezta?

Bai. Klase sozial gorenetan, kontsumoa apalagoa da, gurasoek denbora gehiago baitute horretaz arduratzeko; beraz, gutiago uzten dituzte haurrak pantaila aitzinean.

Erran duzu oren anitz pasatzen dituztela haur batzuek. Zer egiten dute pantailekin?

Pantailak berak ez du erraten haurrek nola kontsumitzen duten. Telebista, adibidez, pasiboki kontsumitzen da; bideojokoekin interakzioa bada, eta ez da gauza bera bideojokoak sarean direlarik, hor beste jokalari batekin interakzioa sartzen baita... Pantaila baliatzen ahal da irakurtzeko ere, marrazteko... Euskarri bat da, eta gauza anitz egiten ahal dira horrekin. Ez da aski ondorioak ateratzeko.

Erran nahi baita?

Pantailak erabiltzeak bere horretan ez duela gauza handirik erran nahi. Eta ikerketetan ere hori da zailtasuna. Oren kopurua kontatuta, zuk eta nik zortzi oren pasatzen ditugu pantaila aitzinean, eta era berean kontatua izanen da artikulu bat idaztea, pornografia begiratzea, bideojokoetan aritzea edo bideoak begiratzea. Baina osasunean dituen ondorioak ez dira berdinak jardueraren arabera.

Eskolan ere pantailak erabiltzen dituzte. Zer diozu horretaz?

Afera da zerendako sartzen diren pantailak eskolan; ontsa pentsatu behar da. Tresna horien baliatzen ikastea baitezpadakoa da gaur egun. Gainera, etxe batzuetan ez da ordenagailurik —edo ez bat kide bakoitzarentzat—, haur batzuk ez dute trebeziarik, eta eskolak desberdintasun horiek ttipitzen laguntzen ahal du. Badakigu sare sozialetan ibiltzen direla haur handi eta nerabeak ere; Interneten eta pantailen bidez atzematen dituzten informazio eta irudiei buruz edo pornografiari buruz heziketa egitea beharrezkoa da. Galdera da: hori dea zinez egiten dutena eskolan? Ez dira pantailak ezarri behar pantailak ezartzeko, eskolari irudi moderno bat emateko: helburu pedagogiko argi bat behar da. Ez dakit gaur egun baden.

Zein dira pantailak kontsumitzeko gomendioak haurrentzat?

Serge Tisseron psikiatrak badu teoria bat egina horri buruz, 3-6-9-12 deitzen dena. Gomendioa da adin tarte bakoitzeko desberdin kontsumitu behar direla pantailak. 3 urte arte, batere ez, eta, gero, oren kopuruak emendatuz, adinaren arabera.

Osasun ikuspegitik, zein dira pantailen kontsumoaren ondorioak haurrengan?

Zientifikoki frogatuak direnak telebistarekin ikertuak izan direnak dira, hori baita pantaila zaharrena eta gehien erabilia. Eragina badu anitz gauzatan, baina deigarriena loaren gainean duen eragina da. Loari loturik, gero, aktibitate fisikoaren apaltzea, eta gainpisu arriskua bada. Horiek dira eragin zientifikoki frogatuak eta eztabaidatuak ez direnak. Gero, beste efektu batzuk badira, frogatzen zailagoak: kontzentratzeko zailtasunak, eskolako emaitzen apaltzea, dislexia eta halakoak...

Egunerokoan, pantailen ondorioz arazoak dituzten haurrak ikusten dituzu?

Guti ditut motibo horrekin heldu direnak. Aldiz, galdera pausatzean, ohartzen gara aipatzen dituzten sintoma batzuk horri lotuak izaten ahal direla. Erran bezala, lo egiteko zailtasunak, pisu hartzeak... Galdetzen dugularik, ohartzen gara pantailen baliatzeak leku izugarri inportantea duela. Baina, dena den, gai biziki zaila da. Guk sentsibilizazioa egiten dugu, informazioa ematen dugu, baina momentuan ez gara urrunago joaten; osasun publikoan egiten da gehiago. Eta anitz aipatzen ditugu haurrak, baina helduongan ere ondorio berak baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.