Ezbairik gabe, online irakaskuntzak markatu zuen 2019-2020ko ikasturtea, baina aurtengoan ere utzi ditu arrastoak. Milaka izan dira konfinatuta eskolak etxetik eman behar izan dituzten ikasleak, baina behar bezalako arreta eman al diete? Ez du argi Amaia Arroyo Sagastak (Arrasate, Gipuzkoa, 1983), Mondragon Unibertsitateko irakasle, KoLaborategiko —gizarte digitalerako hezkuntza eta komunikaziorako laborategia— kide eta COVID-19aren Liburu Zuriko parte hartzaileak. Online irakaskuntzarako baliabide teknikoei garrantzirik kendu gabe, haiek erabiltzeko moduan jarri nahi du fokua.
Online irakaskuntza aurrez aurrekoa bezain eraginkorra izan al daiteke?
Bai, baina pedagogikoki esfortzu apur bat handiagoa eskatzen digu, aurrez aurrekoa darabilkigun metodo, estrategia eta baliabide guztiak beste ingurune batean aplikatzeko.
Zein ezaugarri behar ditu?
Zentratu behar dugu, aurrez aurrekoan egiten dugun moduan, ikaslean, ikaslearen ikaskuntza esperientzian; hori da garrantzitsuena. Ez da Moodle, ez dira eskaintzen ditugun baliabideak.. Horiek estrategiak dira, lagungarriak dira, baina benetako arrakasta egongo da erdigunean ikaslea baldin badago. Ez da hainbeste ondo komunikatzea edo gauza polit bat egitea, gehiago da ikaslearengana heltzea, ikasleari laguntzea eta bide horretan estrategia egokiak aukeratzea.
Nola hel daiteke ikasleengana?
Ikasleengana heltzea da ikasleari laguntzea bere ikaskuntzari buruz hausnartzen, prozesu horretan aurrerapausoak egiten, eta hori da arrakasta. Online ingurunean, askotan beste gauza batzuetan zentratzen gara;, nolabait itsutu egiten gara gailuekin, aplikazioekin...
Online irakasteko eta ikasteko, aurtengo ikasturtean prestatuago egon al dira ikastetxeetan aurreko ikasturtean baino?
Agian, psikologikoki prestatuago geunden, eta, gainera, ziurrago, bagenekielako aurrez aurreko batera gindoazela. Online irakaskuntzak aurrez aurrekoaren osagarri gisa egin duen rol hori ez dakit zenbateraino ulertu dugun.
Esan izan duzu online irakaskuntzan komunikazioari arreta berezia jarri behar zaiola. Hala egin al dute ikasturte honetan irakasleek?
Ez daukat daturik eta ikerketarik hori oinarritzeko, baina nire susmoa da komunikazioa beti bigarren mailan geratzen dela. Aurrez aurrekoan ñabardura pila bat daude: begiradak, keinuak... Hitzezkoa ez den komunikazioak garrantzi handia hartzen du. Zer gertatzen da online ingurunean? Hori dena galdu edo lausotu egiten da. Hortaz, eskatzen diguna ez da bakarrik arreta berezia jartzea: joko eremuaren arauak ulertzea eta benetan online inguruneetan gertatzen den komunikazioa zer den ulertzea ere bai.
Online irakaskuntzan indibidualtasunera jo al da?
Irakaslearen ikuspuntutik, askoz ere errazagoa da zereginak bidaltzea, jasotzea, zuzentzea eta listo. Baina horrek ez luke bidea izan behar. Beti izango da erronka bat, jende askok orain arte ez duelako erabili talde lana bultzatzeko, tertuliak edo debateak egiteko... Gauzak modu indibidualean ere egin behar dira, baina beste praktika batzuen osagarri egin behar dugu.
Beste praktika horiek nola landu daitezke?
Itxialdian asko erabiltzen zen bideo deia egitea ikasleek irakasle moduan ni entzuteko, eta, gero,lanak egitea haien kontura. Orain asko erabiltzen diren Meet, Zoom, Jitsi eta halakoek laguntzen dute talde txikiak sortzen, ikasleak gela horietan lanerako sartzen, irakaslea gela horietara sartu eta gelaz gela ibiltzen, gero berriz denak batzen... Modu asinkronoan [momentu berean egiten ez den komunikazioa], ikasleekin erabil dezakegu mezularitza moduko bat modu indibidual batean, baina foroak ere sor daitezke. Foroek ez dute berez funtzionatzen; dinamizatu egin behar dira. Hor dago irakaslearen esku hartzea: parte hartze hori bideratzeko eta elkarren artean ikasteko, eta posible da.
Beraz, esango zenuke orain arte online irakaskuntza mugatu dela ikasleek irakasleen azalpenak entzutera?
Ez kasu guztietan: badaude arrakastatsuak edo osatuagoak diren proposamenak, baina jende asko ez zegoen prest. Beraz, pausorik txikiena eta eraginkorrena hori izan da, eta hala egin dute, besterik ezin izan dutelako egin edo ez dakitelako nola egin. Baina eman dugun jauzi txiki hori baloratu behar dugu, oso ondo baitago, eta aurrera egin.
Irakasleek ikasle batzuk ikasgelan eduki dituzte, eta beste batzuk online. Nola erantzun zaio egoera horri?
Hitz egin dudan irakasleen kasuan, ez da egin moldaketarik. Eragina pairatzen duena etxean dagoena da, ezin duelako parte hartu gelan sortzen diren dinamiketan. Askotan, uste dut ahaztu egiten dela ikusten ari den pertsona hori, zuk ez daukazulako ikasgelan; hor haustura bat dago.
Heziketa bereziko irakaslea ere bazara. Haur horiek kontuan hartu al dira online irakaskuntzan?
Uste dut esfortzua egin dela, eta baloratzeko modukoa da, baina,eskolaren babes fisiko hori gabegeratu direnean, asko umezurtz geratu dira. Etxean behar bereziak dituen pertsona bat daukat, eta laguntza jaso du, baina askotan izan da hiru-lau orduko bideo dei bat laguntzen zion hezitzailearekin. Hori al da behar duten laguntza? Kasu horretan, hori egin ahal izan zen, baina ez zen nahikoa izan.
Egoera horrek arazorik sortu al die haur horiei?
Kasuaren arabera. Egia da askotan garapenean haustura bat egon ahal izan dela. Aniztasun funtzional motorea duten umeen kasuetan, adibidez, terapia hausten den momentuan atzerapausoak egon daitezke. Horrek esan nahi du beste aurrerapausorik ez dela izango? Ez, agian, egingo ditu, baina ez dakigu zenbaterainoko eragina izango duen parentesi horrek haren garapenean. Baina garrantzitsuena da, nire ustez, gertatu den horretatik ikastea, eta ikustea zein beste estrategia baliatu ditzakegun kasu eta haur horiei erantzuteko.
Nola ebaluatu daiteke ingurune digitalean?
Ebaluazioa heldu zenean, ikasturte amaieran, esan zen: «Ikasleek ez dezatela kopiatu». Zergatik? Ebaluazio eredua guztiz zentratuta dagoelako azterketan. Arazoa ez da azterketa, arazoa da guk ebaluazioaren inguruan daukagun paradigma. Estrategia pila bat daude ez uzteko dena azterketa baten menpe.
Alde horretatik, hobekuntzarik ikusi al duzue ikasturte honetan?
Egoera honek gauza txar asko ekarri ditu, baina beste kasu batzuetan arrakalak bistaratu ditu, lehendik zeuden arazoei behar besteko garrantzia eman die, ebaluazioa erdigunera ekarri du, planteatu du ebaluazioaren inguruan beste zer pausu eman behar ditugun... Badaude gauza pila bat hezkuntza alorrean osasungarriak izan direnak, eta espero dugu hemendik aurrera pauso gehiago ematea.
Koronabirusa. Ikasturte amaiera. Amaia Arroyo Sagasta. Mondragon Unibertsitateko irakaslea
«'Online' ingurunean, nolabait itsutu egiten gara gailuekin»
Ikasgelan egin ohi dena pantaila baten aurrean egitea: Arroyoren irudiko, horretara mugatu izan da 'online' irakaskuntza, baina beste modu batzuetan arituta aukera zabalak eskaintzen dituelakoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu