Donostiako Onkologikoa izaera publikoko zerbitzua izango da ekainaren 30etik aurrera. Osakidetzan integratuko da. Onkologikoko langile ia guztiak Osakidetzako langile izatera pasatuko dira.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak zehaztu du eguna, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez.
Uberak salatu du azken urteetan Onkologikoa «suntsituz» joan dela, eta gaur egungo Onkologikoa ez dela lehengoa, «minbiziaren arloan erreferentzia izango zela esaten zuten hura». Suntsitze horretan Eusko Jaurlaritzak izan duen erantzukizuna aurpegiratu dio Martinezi: «Onkologikoa Osakidetzan sartuta, suntsituz joan dira zeuzkan balio erantsia, jarduera, pazienteen artaren kalitatea, praktika onak... horiek guztiak».
«Onkologikoa Osakidetzan sartuta, suntsituz joan dira zeuzkan balio erantsia, jarduera, pazienteen artaren kalitatea, praktika onak... horiek guztiak»
REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Onkologikoa ez dela izango zentro monografiko bat. Hasierako asmoa hori zen, baina iazko urrian baztertu zuten. Haren iritziz, Osakidetzak Onkologikoarekin egingo duena «ez da integrazio bat, bereganatze bat baizik».
Martinezek erantzun dio prozesua «konplexua» dela, ikuspegi guztietatik: administratiboa, juridikoa eta lan baldintzei dagokiena. Hala ere, Osasun sailburuaren iritziz, emaitzak eragin positiboa izango du gizarte osoarentzat, «eta Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera emango digu». Donostiako Ospitale Unibertsitarioa bereziki. Erreferentzialtasun hori —«Europa hegoaldean»— protoi terapia zentroarekin lotu du Martinezek. 2027an hasiko da lanean Onkologikoaren ondoan eraikitzen ari diren protoi terapia zentroa.
Eusko Jaurlaritzaren helburua da Euskal Herri osoari zerbitzua ematea. «Beraz, herri proiektu bat da», nabarmendu du Martinezek.
«Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera emango digu»
ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Onkologikoa Osakidetzan integratzeaz gain, bertako langileak ere Osakidetzan sartuko dira, bai osasun langileak, bai osasun langileak ez direnak. 297 langile dira guztira, horietatik 232 finkoak. Integraziotik kanpo geratuko dira hitzarmen kolektibotik at banakako akordioak dituzten langileak eta izaera bereziko lan harremanak dituzten langileak —goi zuzendaritzako kontratuei lotutakoak—. Langileekin bilera bat egin nahi dute, baina oraindik ez dute hitzordua zehaztu.
Profesionalen iritzia
Onkologikoa ez da zentro monografiko bat izango. Martinezek erabakia zuritu du esanez Donostia Ospitale Unibertsitarioko ehun profesional baino gehiagori eskatu zietela iritzia —«behin baino gehiagotan»—, eta jasotako erantzunetatik ondorioztatu dutela pazientearentzako onena ez dela zentro monografiko bat: «Egia da onkologiak espezializazio handia eskatzen duela, baina baita arlo askotariko profesionalek parte hartzea ere».
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak espero du hil honen amaieran izango duela Onkologikoa Osakidetzan integratzeko dekretuaren zirriborroa, ekainaren 30erako prest izateko.