«Euskal Herriaren etorkizunari buruz gogoeta egitea». Hori du Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak helburu nagusia. Gaur abiatu dute, Gasteizen, Elkartzen gaituena lelopean, eta ostirala bitarte hausnarketarako plaza izango da. Hain zuzen, «XXI. mendeko euskal gizartearen aurrerapenari eta lurraldearen kohesioari begira oinarri komun eta adostuak ezartzea» da topaketaren muina, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak aurkezpen ekitaldian azaldu duenez. Ekitaldi horretan izan dira, halaber, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordea.
Hiru egunez akademiako, gizarte zibileko eta erakundeetako hainbat ordezkari eta aditu bilduko dira Europa biltzar jauregian. Elkartearen XVIII. Kongresuan ateratako ondorioak oinarri hartuta, hiru ardatz tematikoren inguruan jardungo dute: eredu sozioekonomiko berria eta ongizatearen gizartea; gizarte kohesioa eta nortasuna; eta lurraldearen burujabetza.
Gai horiei buruz gogoeta egitea «ezinbestekoa» da gizarteak aurrez aurre dituen aldaketei eta erronkei aurre egiteko, Patxi Juaristi kongresuko presidente eta EHUko irakasleak nabarmendu duenez: «Bizi garen mundua berregituratzen ari da, eta etorkizunera begira ditugun erronkak ugariak dira».
Egiturak berritzeko beharra
Hilary Cottam pentsalari, gizarte ekintzaile eta Londresko Unibertsitateko ikerlariak plazaratu ditu gizarte harremanak berregiteko eta ongizate estatua hobetzeko proposamenak. Cottamek Radical Help liburuan ditu jasoak horietako batzuk, urteetan egindako lana oinarri hartuta.
Cottamek azaldu du «trantsizio garaia» dela hau, munduan «aldaketa sakonak» gertatzen ari direlako. Baina ohartarazi du jokaleku horri kezkaz begiratzen diotela herritarrek, besteak beste, gizartea antolatzeko orain arte erabilitako egiturek jada ez dutelako funtzionatzen. Egoera horretan, ezinbestekotzat jo du babes sistema soziala egokitzea: «Gizarte egiturei buruz hausnartu behar dugu».
Gogorarazi du gaur egun oraindik XX. mendean sortutako egiturak erabiltzen direla: langabezia bulegoak jarri ditu horren adibide gisa. «Inor ez litzateke harrituko, teknologia trantsizioko garaiotan, 1930eko hamarkadan sortu zen sistema batek gaur egun gizarte babesik ez emateagatik». Gauza bera gertatzen da osasun eta hezkuntza sistemarekin ere, Cottamek irudiko. Eta iritzi dio horren guztiaren ondorio dela herritarren haserrea, isolamendua eta gizartearen polarizazioa. «Larrialdi sozial batean gaude, eta zer egin dezakegun da galdera».
Cottamek hiru adibide praktiko jarri ditu, bere lantaldearekin eta herritarrekin «elkarlanean» eta eredu parte hartzaile batekin martxan jarritako hiru kasu. Horiei esker, ondorioztatu du XXI. mendeko herritarrek lau «gaitasun» behar dituztela «bizitza on bat» izateko: lan egiteko eta ikasteko gaitasuna; osasun fisikoa eta mentala; komunitate baten parte izateko beharra; eta harreman sare bat.
Horietan inbertitzeko beharra aldarrikatu du; izan ere, kritikatu du sarri baliabide gehiegi xahutzen direla herritarrak sistematik kanpo uzteko: «Planteamenduak kontrakoa izan behar luke, eta agian horrela lortuko genuke elkar laguntzea». Izan ere, adierazi du giza harremanak direla ongizatearen zutarri garrantzitsuenak: «Gizartetik hainbat gauza atera ditzakegu, baina giza harremanak hortik ateratzen baditugu, dena erortzen da».
Era berean, «istorioak kontatzearen» garrantzia ere azpimarratu du, emozioek komunitateak sendotzen laguntzen dutelako. Baita sareak josteko beharra ere, «horizontalean» lan egin eta ahalik eta herritar gehien babes sistemara erakartzeko. «Ideia organikoak behar ditugu, eta denei helarazteko moduan azaldu beharko lirateke. Gizarte zibilak proposatu ditu batzuk, baina beti ertzetan geratzen dira, eta erdigunera ekarri behar ditugu».
Azkenik, agintari publikoei buruz ere gogoeta egiteko beharra aldarrikatu du, aldaketak egiteko konprometituta egon arren «lorezainak» balira bezala jarduten baitute gehienek. «Zer lore jarriko dituzten pentsatzen aritzen dira, ondoren mundu guztiak aprobetxatu dezan lorategi hori. Baina ureztatzen eta belar txarrak kentzen ere lagundu behar dute. Gogoeta egin behar dute, baina aro berri bateko lorezain gisa».