Ongizatearekin eta osasunarekin lotutako kexak areagotu egin dira Nafarroan

Arartekoak 2023ko urteko txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Ongizateaz eta osasunaz gain, hezkuntzak, enplegu publikoak eta etxebizitzak jaso dute kexa gehien.

Ongizatearekin batera, osasunarekin lotutako gaiek jaso dituzte kexa gehien. IÑIGO URIZ / FOKU
Ongizatearekin batera, osasunarekin lotutako gaiek jaso dute kexa gehien. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 30a
15:50
Entzun

Nafarroako Arartekoak urteko txostena aurkeztu du gaur Nafarroako Parlamentuan. Oro har, Arartekoak 3.583 jarduketa jaso zituen 2023an, aurreko urtean baino zortzi gehiago. Kexa gehien jaso duten sailak ongizatea, osasuna, hezkuntza eta enplegua izan dira. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, ongizatearekin eta osasunarekin lotutako kexek gora egin dute. Beste gai batzuek ere kexak eragin dituzte; besteak beste, etxebizitzak, trafikoak eta ingurumenak.

Arartekoak duela hamar egun helarazi zion txostena Unai Huarte parlamentuko presidenteari, eta gaur aurkeztu du Patxi Vera Nafarroako Arartekoak Parlamentuan. «Datuez harago, garrantzitsuena pertsonak dira», azpimarratu du. Izan ere, 5.000 pertsonak baino gehiagok jo zuten iaz arartekora: «Sentitzen dute administrazioak ez dituela ondo tratatzen, ez dituzte euren eskubideak bermatuta ikusten, eta berdintasun handiagoa eskatzen dute».

Jasotako jarduketen artean, besteak beste, 1.869 kontsulta eta kudeatutako 1.436 kexa jaso dituzte. Horrez gain, ofiziozko 28 jarduketa jaso dituzte; baita 19 bitartekaritza espediente, zortzi hobekuntza proposamen eta gizarte erakundeekin 34 topaketa ere.

Txostenaren arabera, kudeatutako 628 kexa herritarren alde ebatzi dituzte. Veraren arabera, konponbidea bilatzeko momentuan erakundeek argudiatu izan dute baliabide falta dutela, edota kudeaketan akatsak izan dituztela. «Txostenak egiaztatzen du Arartekoaren zerbitzua erabilgarri, hurbil eta konfiantzakotzat jotzen duela gizarteak; administrazio horiei enpatia eta pertsonei zerbitzua emateko bokazio handiagoa eskatu behar dizkiegu», erantsi du Verak.

1

Ongizatea

Ongizateari lotutakoak izan dira kexa gehienak: 155 kexa, aurreko urtean baino 61 gehiago. Bereziki, mendekotasunaren balorazioa egiteko itxaron zerrendekin daude kezkatuta herritarrak. «Araudiak ezarritako epeekin alderatuta, atzerapena neurriz kanpokoa da, eta horrek beste zerbitzu batzuk eskuratzeko denbora atzeratzen du», azaldu du Verak. Hortaz, mendekotasunaren balorazioaz gain, beste laguntza batzuk jasotzeko itxaron zerrendei buruzko kexak ere aurkeztu dituzte nafarrek.

2

Osasuna

2022tik 2023ra, %53,9 areagotu dira osasunarekin lotutako jarduketak: 2023an, 117 kexa jaso zituen Arartekoak. Ongizatearen kasuan bezala, itxaron zerrendek eragin dute haserre gehien; hau da, medikuen kontsulta lortzeko edota operazioak egiteko itxaron beharreko denborak. «Itxaron zerrendetako atzerapenengatik jarritako erreklamazioak beste urtebetez mantendu dira, Osasun Departamentuak guk bidalitako erreklamazioei erantzuten dien arren», zehaztu du Verak. Haatik, kritikatu du kexa guztiek ez dutela erantzun bera jaso: «Birus batzuen kontrako txerto batzuen inguruan galdetu diegunean, Osasun Departamentuak ez du berdin erantzun».

3

Hezkuntza

Ongizatean eta osasunean ez bezala, hezkuntzarekin lotutako kexek behera egin dute nabarmen. 2022an 349 kexa jarri zituzten herritarrek; 2023an, berriz, 98. Verak zehaztu du arartekora iristen diren bullying kasuak «icebergaren punta besterik ez» direla. Beste hainbat kexa jaso dituzte garraioarekin eta jantokiarekin lotuta.

4

Enplegu publikoa

Txostenean jaso dutenez, enplegu publiko baterako sarbidearekin lotutako 68 kexa jarri zituzten herritarrek 2023an. «Enplegu publiko bat berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintza berberetan eskuratu nahi duten herritarren kexak dira», zehaztu dute txostenean. Esate baterako, horietako kexa batzuk aurkeztu zituzten Osasun Departamentua atzeratu egin zelako 424 erizain lanposturen oposizio lehiaketa ebazten.

5

Etxebizitza

Etxebizitzarekin lotutako kexa kopurua ez da asko aldatu urte batetik bestera. 68 jaso zituzten 2023an, eta 67 urtebete lehenago. Velak aitortu du «atsekabetuta» dagoela, kasu «larriak» artatu behar baitituzte: «Gela bakar batean bizi diren guraso bakarreko familiak artatzen ditugu, edota kalean bizi diren herritarrak; eta badakigu hutsik dauden etxebizitzen errolda eginda dagoela».

6

Beste kexa batzuk

Trafikoa, ingurumena, funtzio publikoa, herritarren segurtasuna eta ogasuna. Kexa gehien jaso duten gaiak izan ez arren, ugariak izan dira horiekin lotutako jarduketak. Esate baterako, trafikoarekin lotutako 67 kexa bildu dituzte, aurreko urtean baino sei gehiago. Velak eman du azalpena: «Garabiak ibilgailuak kentzen ditu Iruñean; hori da gatazka iturri nagusia». Ingurumenak ere kezkatzen ditu herritarrak. «Herritarren protestak areagotu egin dira, euren etxeetan jasaten duten zaratagatik, batez ere goizaldean, aisialdiagatik zein garbiketa edo zabor bilketaren jarduerengatik», adierazi du Nafarroako Arartekoak. Ogasunari dagokionez, herritarrak kexu dira hainbat prozedura modu telematikoan egitera behartzen dituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.