Ongizate estatua, trantsizio ekologikoa eta autogobernua ditu ardatz Geroa Baik

Hauteskunde programa aurkeztu du goizean, eta Barkosek eskatu dio PSNri argitu dezala zeren inguruan eraiki nahi dituen gobernu aurrerakoiak

Uxue Barkos, iragan apirilaren 22an. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2023ko maiatzaren 3a
17:48
Entzun

Hauteskunde kanpaina hasteko astebeteren faltan, alderdi nagusiek oraindik ez dituzte hauteskunde programak aurkeztu. Geroa Baik gaur mahai gaineratu du berea.

164 orriko egitarauak hamasei gairen inguruko 800 proposamenak azaltzen ditu, baina nagusiki hiru ardatz izango ditu Javi Arakama programaren koordinatzailearen arabera: trantsizio ekologikoa, ongizate estatua eta autogobernua.

Uxue Barkos zerrendaburu eta lehendakarigaiaren arabera, kanpainan egiten diren epe motzeko promesen kutsutik aldendu nahi izan dute, eta «aldaketa sakonak eta iraunkorrak» proposatzen dituzte. Barkosen arabera, promesek herritarren belarrira ondo jotzen dute, baina gero «hitz emandakoa betetzea ezinezkoa da».

Arakamaren hitzetan, hilabeteak eman dituzte egitarau hori lantzen eta gizarte zibilaren zein kargudun publikoen parte hartzea izan dute. «Hurrengo gobernuarentzat gida moduko bat izatea bilatzen dugu, berriro ere haren lidergoa izatea bilatzen baitugu».

Prozedurarik ez da abian jarri

Autogobernuari dagokionez, legealdi honetan hiru eskumenen transferentzia eskualdatu da (trafikoa, espetxetako osasun zerbitzua eta gutxieneko diru sarreren errenta). Dena den, Barkosek kritikatu du legealdi honetan hurrengo eskumenak eskualdatzeko prozedurarik ez dela abian jarri.

Geroa Bairen helburua arlo horretan da ikerketa eta garapeneko eskumenak, bekak eta Foruzaingoak ingurumen arloko zaintza bere gain hartzea. Kezka azaldu du Ikerketa eta Garapeneko eskumenari dagokionez, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak aurreratu duelako ez duela hori egiteko asmorik.

Zerbitzu publikoei dagokionez, kultura, hezkuntza edo berdintasun arloan «anbizio eskasa» izatea egotzi dio PSNri. Etxebizitzaren arloan, berriz, iaz onartu zuen Parlamentuak legea, eta kritikatu du orain Espainian onartu den legeak Nafarroak bere gain zituen funtzioetan esku hartu duela.

Trantsizio ekologikoaren arloan, 50 proposamen egin ditu koalizioak, besteak beste fiskalitate berdean, energia berriztagarrietan, ekonomia zirkularrean edo etxebizitzen zaharberritzean.

PSNri ohartarazpena

Astebeteren faltan, Barkosek nabarmendu du PSNk ez duela argitu nola eraiki nahi dituen gobernu aurrerakoiak, baldin eta beste alderdien babesa eskatu baina gero aniztasun horrekiko konpromiso argirik azaltzen ez badu: «Gauza bat dira desioak eta bestea da gizarteek eraikitzen dutena hautetsontzien eta demokraziaren bitartez. Inork ezin dezake bere burua engaina. Gobernu aurrerakoiak egiteko modu bakarra da gobernu anitzak eta aurrerakoiak izatea. Anitzak Nafarroari buruz dugun ikuspegian, anitzak elkarbizitzan, anitzak gizarte politiketan eta elkarbizitzaren politika eraikitzerakoan. Ez da aurrerakoia ikuspegi anitz horri bizkarra erakusten dionak», ohartarazi die sozialistei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.