Ongiz elkarteak jaso du aurtengo Emakunde saria Gasteizen

«Gizonak sentsibilizatzen eta emakumeak ahalduntzen» egindako lana goretsi dute. Urkullu: «Berdintasuna denon erronka da»

Xabier Odriozola, Esther Molinero eta Iñigo Urkullu, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Hunkituta eta eskertuta». Hala agertu dira Ongiz Ezberdin elkarteko kide Esther Molinero eta Xabier Odriozola, Berdintasunerako Emakunde saria jasotzeko Gasteizen egindako ekitaldian. Epaimahaiaren arabera, «gizonak sentsibilizatzen eta emakumeak ahalduntzen» elkarteak egindako lana saritu nahi izan dute horrela.

Duela hogei bat urte hasi zen Ongiz elkartea berdintasuna lantzeko taldeak eratzen emakume zein gizonekin. Gaur egun, gizonek osatutako bederatzi talde, emakumeen hamar talde eta hogei dinamizatzaile boluntario aritzen dira horretan.

«Gizakiengan sinesten dugu, eta aldatzeko dugun gaitasunean. Desorekak, injustiziak eta menperakuntza egoerak iraultzeko gure gogoa ezabaezina da, eta hori tresna gisa erabiltzen dugu sexismoa, matxismoa eta patriarkatua gure bizitzetatik kanporatzeko». Hala mintzatu dira Molinero eta Odriozola, elkartea osatzen duten guztien izenean.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk nabarmendu du Ongiz-ek «pertsonak erdigunean jarriz eta espiritu komunitarioa indartuz» lan egiten duela: «Txikitik hasita, eguneroko jarreretatik eta harremanetatik, aldaketa handiak eragin daitezke».

Gogorarazi du berdintasuna «erronka partekatua» dela, eta denek dutela zeregina: «Arazo estrukturalak eta globalak modu kolektiboan baino ezin dira konpondu, taldean lan eginez». Iaz aurkeztutako Berdintasunerako Herri Ituna ekarri du hizpidera, eta erantsi du Ongiz-en lanak «horren espiritua» irudikatzen duela.

Gizonen jarrera aktiboa

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak garrantzitsutzat jo du «gizonen jarrera aktiboa gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko». Deitoratu du azken bolada honetan berdintasunaren kontrako diskurtsoak zenbait esparrutan indartu izana, eta erantsi du horrelakoak «aurrera egiteak eragindako erreakzioa» direla.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, berriz, Ongiz-en eta beste gizarte eragile batzuen lana goretsi du «maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak berriro pentsatu eta deseraikitzeko, eta genero identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.