Ongiz elkarteak irabazi du Berdintasunerako Emakunde saria

«Maskulinitate berriak» lantzeko sortu zen elkartea, baina badira urte batzuk emakumeen «ahalduntze» saioak ere egiten dituela

Odriozola, Artolazabal, Elgarresta eta Molinero, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Arabako Ongiz elkarteak jasoko du aurten Berdintasunerako Emakunde saria, «maskulinitate berriak lantzeko» egin duen lanagatik, eta baita «emakumeen ahalduntzean» eman dituen pausoengatik ere. Hala iragarri zuten atzo Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Emakunderen egoitzan egin zuten prentsaurreko batean.

Artolazabalek gogorarazi du berdintasuna «gizarte osoaren lana» dela, «bai emakumeena, bai gizonena». Azaldu du Berdintasun Legeak «beharrezkotzat» jotzen duela bide horretan gizonen konpromisoa izatea, batez ere «etxeko lanen banaketan eta indarkeria matxista bukatzeko orduan», eta Ongizek arlo horretan egin duen lana nabarmendu du: «Bi hamarkada baino gehiago daramatza maskulinitate berriak lantzen, eta lan handia egin du».

Gainera, elkarteak «emakumeen ahalduntzean» egin duen lana ere goraipatu du. Izan ere, maskulinitateak lantzen hasi zen arren, elkarteak «emakumeen ahalduntzea» ere lantzen du duela hamar bat urtetik. Elgarrestak ere azpimarratu du berdintasuna bi sexuekin lantzearen garrantzia, eta adierazi elkarteak egiten duen lana beharrezkoa dela: «Gizartean eragina izatea lortu du, lan pertsonalaren bidez». Hala ere, esan duenez, «bide luzea» dago egiteko, nahiz eta gizonak berdintasunarekin «atzo baino konprometituago» dauden.

«Sentsibilizazioa»

Han izan dira Esther Molinero eta Xabier Odriozola elkarteko kideak ere. Azpimarratu dute elkarteak sinesten duela «genero ezberdinen artean erabateko berdintasunean eta begirunean bizi daitezkeela», eta Ongizen parte hartzen duten berrehun lagunei eskaini diete saria. Molinerok adierazi du «etengabe» ari direla lanean: «Gure sexismoa eta gizartearena desprogramatzeko lanean ari gara».

Odriozolak azaldu duenez, duela hogei urte hasi zen elkartea martxan, berdintasunaren aldeko borrokan «hutsune bat» zegoela ikusita: «Gizonezkoekin hasi ginen, ikusi baikenuen kolektibo hori ez zegoela sentsibilizatuta, eta, geroago, beste pauso bat eman genuen, sentsibilizaziotik kontzientziaziora. Emakumeek erakutsi ziguten elkarrekin egin behar dugula bide hau».

Molinerok esan duenez, elkartearen helburuetako bat da «sistema patriarkala gainditzea», eta «gizarte justuago bat eraikitzea». Helmuga horretarako bidean elkartea handituz joan dela nabarmendu du: «Ehunka gizon ibili dira elkartean. Talde txiki batekin hasi ginen, eta, orain, bederatzi talde dauzkagu». Horrez gainera, «gazteekin» lan egitearen garrantzia ere azpimarratu du Odriozolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.