«Ongietorrien» auziko epaiketa aurtengo ekainean izango da, ez 2026an

Espainiako Auzitegi Nazionala datarekin nahastu zen. Ekainaren 22etik 25era epaituko dituzte sei akusatuak. Fiskalak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat.

Altuna, San Vicente eta Larrarte, iaz egindako agerraldian. FOKU
Altuna, San Vicente eta Larrarte, iaz egindako agerraldian. FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko martxoaren 6a
18:30
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak hanka sartze larria egin zuen iragan astean, eta urtez nahastu zen «ongietorrien» auziko epaiketa noiz egingo den jakinarazteko orduan. Epaiketa 2026ko ekainaren 22tik 25era egingo zela jakinarazi zien akusatuei, eta gaur esan die epaiketa aurten izango dela, egun horietan. Auzitegiak hutsegitea onartu du, eta indargabetu egin du aurretik zehazturiko data okerra.

Erlazionatuta

Hanka sartzea albo batera utzita, auziak berdin jarraitzen du. Carlos Garcia-Berro fiskalak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu sei akusatuentzat: Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio.

Manuel Garcia Castellon epaileak behartuta itxi zuen instrukzioa iazko martxoan, eta hark eta fiskalak epaiketa egitearen alde egin zuten. Akusatuei bi delitu egozten dizkiete, eta zigor eskaera ezberdinak dituzte: hiru urte eta sei hilabete «erakunde kriminal bat zuzentzeagatik» eta bi urte eta hilabete bat «biktimak umiliatzearen delituagatik».

Horiez gain, beste hiru akusazio partikular ere badaude auzian: Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak, eta Alderdi Popularra. Dignidad y Justiciak eta PPk sei urteko zigorrak eskatu dituzte «gaizkile erakunde bateko» kide izateagatik, eta bi urte eta zortzi hilabetekoak «biktimen umiliazio eta gorazarre delitu jarraituengatik». AVTren kasuan, bigarren delituagatik eskatutako zigorrak hiru urtekoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.