Zaharrek eragiten jarraitu nahi dute, eta erabakitzen, ahal duten neurrian. Horregatik egin du jardunaldi bat Zaharrak Krisiaren Aurrean plataformak, Iruñean. Zaharrek mahai gainean jarri dituzte beren kezkak eta proposamenak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesekin egindako saioan. Autonomiari eusteko estrategiak eskatu dituzte, eta mendekotasuna kudeatzeko baliabideak.
Francesek sistema egokitzeko beharra onartu du, lehenik eta behin, eta xede nagusitzat jo du zerbitzuak pertsonen beharretara moldatu ahal izatea. Argi du helburu hori betetzea ez dela erraza. Hau da, gauza bat dela pertsona erdigunean jarri eta haren beharren araberako arreta malgutasunez eskaini nahi izatea, eta bertze bat hori egin ahal izateko baliabideak eta aukerak eskura izatea.
«Dirua anitzetan da deus ez egiteko aitzakia; diru hori non jarri da kontua, ordea, lehentasunak ezartzea». Mezu hori nabarmendu dute Kondestablearen jauregian egindako jardunaldian parte hartu duten zahar batek baino gehiagok, hain zuzen. Espainiako Kongresuak 2006. urtean onartutako Mendekotasun Legea jarri dute plataformako kideek, zehazki, mahai gainean. «Gizarte ongizatearen estatuko laugarren oinarritzat jo zuten onartu zutenean, baina 2008ko krisiak jo eta gero, erabat desitxuratu arte hustu dute edukiz», nabarmendu dute saioaren antolatzaileek.
Mendekotasun Legea jorratu dute jardunaldian, eta datu argigarri batzuk aipatuz hasi du Ines Francesek bere solasaldia: Nafarroan, administrazioak ezarritako irizpideen arabera, mendekotasuna duten ia 16.000 pertsona daude. Kopuruak gora egin du, 2015. urtetik mendekotasun moderatua dutenak ere kontuan hartzen dituztelako. «Aurretik, ez zuten laguntzak jasotzeko eskubiderik», zehaztu du Francesek. Mendekotasuna dutenen %80k dituzte 65 urte baino gehiago. Legeak, beraz, zuzenean eragiten die.
Malgutasunak duen garrantzia berretsi du Ines Francesek, eta mendekotasuna dutenak artatzeko sistema osoa baldintzatzen duen auzi bat jarri du mahai gainean: «Laguntzak banatzen dira mendekotasun mailaren arabera; ez, ordea, mendekotasuna duen pertsonaren benetako beharren arabera. Bi pertsonak mendekotasun maila bera izan dezakete, baina hagitz behar ezberdinak», azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako arduradunak. «Egoera horrek disfuntzioak sortzen ditu zerbitzuak arautzeko orduan», erantsi du.
Mendekotasun handia duten bi pertsona jarri ditu Francesek adibide: etxean bakarrik baina ondoan duen familiak babestuta bizi daiteke bat, eta, bertzea, berriz, zahar etxe batean.
Hitzartutako 2.100 toki
Zahar etxeak aipatu ditu Francesek, eta zahar etxeak aipatu dituzte jardunaldiarekin bat egin duten zaharrek ere. Entzule baten galdera jaso du Francesek: «Ez al da hobe Nafarroako Gobernuak zahar etxeak eraikitzeko erabiltzea bere dirua, enpresa pribatuekin hitzarmenak egiteko bainoago?». Eta ezetz erantzun du Francesek: «80-120 toki dituen zahar etxe baten egoitza eraikitzeko zortzi milioi euroren inbertsioa behar dugu; diru horrekin toki anitz lor ditzakegu zahar etxe pribatuekin hitzarmenak sinatuz». Gaur egun, Nafarroako Gobernuak 2.100 toki ditu hitzartuak zentro pribatuetan, eta bertze 241 toki ditu egoitza publikoetan. 3.000 inguru behar ditu, halere.
Zahar etxera joateko garaia ahalik eta gehiena atzeratzea ere hartu du xede Francesek, eta zaharrek bat egin dute. Gehienek argi utzi dute etxean gelditu nahi dutela. Horretarako, zahartze aktiborako estrategiek duten garrantzia jarri du Francesek mahai gainean. Zaharrak etxean artatzeko sistemak betetzen duen rola ere aipatu du. Udalen esku dago zerbitzu horren kudeaketa, baina Francesek argi du tokiko entitate horiekin lan egitea premiazkoa dela zerbitzua berrantolatzeko, udalen arteko ekitateari eusteko, eta malgutasuna bultzatzeko. «Zerbitzua beharrezkoa da arratsaldez eta asteburuetan ere, baina, gaur egun, hori egitea ez da bideragarria. Behar den malgutasuna lortzeko bideak pentsatu behar ditugu», erran du.
Zaharrak Krisiaren Aurrean plataformako kideek ere eskatu diote malgutasuna sistemari, pertsonen beharretara egokitzeko asmoa egia bilaka dadin. Baliabideak eskatu dituzte, zaharren zaintza lehentasun bilaka dezatela, eta herritar guztiak artatzeko moduak martxan jar ditzatela. Ildo horretan, zahar etxeetan eta eguneko zentroetan hitzartutako toki gehiago eskatu dituzte, eta erabiltzaileek ordaindu beharrekoa errentaren arabera zehaztea. Zaharrak artatzen dituzten profesionalen lan baldintzekin ere badute kezka plataformako taldeek, eta lan hitzarmen duinak eskatu dituzte. Argi dute bertzelako bideak jorratzeko beharra ere badela, eta bertzelako etxebizitza ereduen inguruko gogoeta eskatu dute, bertzeak bertze.
Ikerketa martxan
Bertzelako bide horien inguruko gogoeta eta lanketa egiteko beharrezkoa da testuinguruaren berri jasotzea. Horretan ari dira Nafarroako Gurutze Gorria eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, hain zuzen, zahar anitzen errealitate bilakatu den esparru jakin batean: bakardadearena, alegia. Martxan jarri dute «aitzindaria» den ikerketa bat, 65 urte baino gehiago dituzten eta bakarrik bizi diren pertsonen artean, inkesta baten eta elkarrizketen bidez bakardadea nola bizi duten jakiteko.
Herrialdean, 64 urte baino gehiagoko 24.000 pertsona inguru bizi dira bakarrik, Nafarroako Estatistika Institutuko datuen arabera. Pertsona horiengana ailegatu nahi dute NUPeko ikertzaileek. Lucia Martinez Virto soziologia irakaslea da ikerlarion zuzendari. Gizarte langilea ere bada, eta zuzenean aritu da zaharrekin, denbora luzez.
Martinez Virtok argi utzi nahi izan du bakarrik bizitzeak ez duela erran nahi pertsona batek bakardadea sentitzea. «Zahar etxe batean jendeak inguratuta bizi dena ere sentitzen ahal da bakarrik», zehaztu du. NUPeko kideek helburu hartu dute 370 inkesta egitea. Lanean hasi dira jada.
Martinez Virtok argi du sistemak zaharren ongizatea hartu behar duela helburu bere politikak zehazteko orduan. Hori lortzeko, baina, baliabide publikoak ez direla nahikoak ere garbi du. «Ez dira, eta ez dira izanen». Administrazioarekin batera, orain arte bigarren mailako rol bat izan duten bertze aktore batzuek «indar handiagoa» hartu beharko luketela uste du ikerlariak. Hitz bakar baten bidez azaldu du zein izan beharko lukeen bideak: «Komunitatea».
Martinez Virtok nabarmendu du gizarteko belaunaldi ezberdinen arteko hitzarmen bat behar dela zaintza lanei eutsi ahal izateko. «Sareak osatzeko gai izan behar dugu, zaintza prozesu horretan parte har dezaten komunitateak, familiek eta zerbitzu publikoek. Belaunaldi artekoa eta departamentu artekoa behar du izan hitzarmenak, osasunaren arloa eta arlo soziala elkar elikatzen baitira».
Adibide bat aipatu du Martinez Virtok komunitateak duen garrantzia eta bete beharko lukeen rol nabarmenagoa azaltzeko: Iruñeko Donibane auzoko zaharren aldeko hitzarmena, hain zuzen. «Hitzarmen hori hagitz garrantzitsua da; gisa horretako sareak bultzatzen ahalegindu beharko genuke».
2018. urtean sinatu zuten Donibaneko akordio hori. Auzoko osasun etxeak bultzatu zuen, eta eragile anitzek egin dute bat, zahartze osasungarri baten aldeko konpromisoa hartuz. Sinatzaileen artean dira, bertzeak bertze, zaharren elkarteak, bizilagunen elkarteak, botikak, kirol elkarteak eta auzoko denden elkartea. Komunitatea eragile aktibo bilakatu dute, zaharren egunerokoan duintasunaren eta kalitatearen aldeko konpromisoa bultzatuz. «Adibide bat dira».
Ongi zahartzeko erronkak
Zaharrak Krisiaren Aurrean taldeak mendekotasuna artatzeko baliabideen inguruko saioa egin du, Iruñean, eta Ines Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziako buruak sistema egokitzeko beharra onartu du. NUPeko aditu talde bat adinekoen bakardadeaz ikertzen ari da .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu