«Ongarria» mugimendu antiespezistari

Euskal Herriko elkarte animalistak Bilbon elkartu dira, Nor taldeak deitu duen lehen manifestazio antiespezistara. «Animaliak zapaltzen dituen sistema» gaitzetsi dute

Euskal Herriko talde animalistek lehen manifestazio antiespezista egin zuten atzo elkarrekin, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko militante animalistak Bilbon elkartu dira, «espezismoaren kontra borrokatzeko». Manifestazioa egin zuten atzo, euren mezua gizartean zabaltzeko. «Ozen eta argi esan nahi dugu gizakiok beste animaliekin dugun harremana errotik aldatu nahi dugula. Ozen eta argi esan nahi dugu gizaki gisa ditugun pribilegioez jabetu garela, eta pribilegio horiek bazter uzteko ari garela lanean. Ozen eta argi esan nahi dugu gizakiz besteko animaliak erabiltzea eta zapaltzea ez dela bidezkoa. Ozen eta argi esan nahi dugu, batez ere, animalien askapena helburu hartu dugula, eta, ondorioz, zapalkuntzarik gabeko mundu justuago baten alde ari diren gainerako herri mugimenduen artean dagoela gure tokia», aldarrikatu zuen Nor taldeko Maialen Saguesek, martxa bukaeran egindako agerraldian.

Euskal Herriko mugimendu animalistan aspalditik dabiltzan elkarte batzuek bultzatu dute Nor taldea. Hauek dira sustatzaileak: Bilboko Animalistak, Ermuko eta Eibarko Aiuri, Iruñeko LiberAbere, Donostialdeko Askekintza, Gasteizko Bezala eta Equipo Antiespecista, Tolosaldeko Kimera, eta Debagoienako Uluak. Atzokoa izan duten elkarrekin egindako lehen mobilizazio publikoa.

Moyua plazan elkartu ziren, eta Bilboko udaletxera arteko bidea egin zuten, Animalien askapena lelopean. Goiburu hori zuen buruan zihoan pankartak, baina ez zen bakarra. Animaliek egiten dugun guztia sentitzen dute irakur zitekeen beste batean. Animaliak askatu, kapitala suntsitu beste batean. «Espezismoa suntsitu», «Behiak larrean eta ez plater gainean», «Ehizarik ez, hiltegirik ere ez» eta tankerako leloak oihukatu zituzten bidean. Hiltegietako argazkiak ere eraman zituzten, elikadura industriako jarduera batzuk salatzeko.

«Mugimendu indartsuagoa» sortzeko lehen urratsa egin zuten atzo, Saguesen esanetan. «Gu baino lehen, eta egungoa baino askoz ere giro arrotzagoan, bidea egiten hasi zirenen lekukoa hartu dugu, eta mugimendua martxan jarri zuten horien lekukoa hartu nahi dugu». Aurrekoek «hazia erein» zutela esan zuen; atzo Bilbon bildutakoek «lurra ongarritzeko konpromisoa» hartu zuten.

Aurrean «arerio indartsua» dutela ohartarazi zien; horregatik indarrak batzearen garrantzia. «Gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntza eta indarkeria eguneroko kontu bilakatu ditugu; normalizatu egin dugu gizakiz besteko animalion interesak kontuan hartzen ez dituen sistema espezista». Saguesen esanetan, «gizakien eta gainontzeko espezieen artean horma sendoa» eraiki da, eta «oinarri sendoak» ditu. «Baina sendoa da, era berean, gizakiok eta gainerako animaliok multzo berean batzen gaituena: sentitzeko gaitasuna». Horregatik, harresi hori «botatzeko garaia» dela iruditzen zaie Nor taldeko kideei.

Saguesek zehaztu zuen antiespezismoa «animalien oinarrizko interesak aldarrikatzea eta animalien aurkako zapalkuntza borrokatzea» dela. Baina ez hori bakarrik. Haren esanetan, «zapalkuntza ororen aukako borroka» ere bada. «Eraman behar gaitu pribilegio guztiez jabetzera, eta pribilegio horien inguruko gogoeta egitera, berrikustera. Zapalkuntza baten kontrako borrokak ezin duelako beste zapalkuntza bat justifikatu». Esan zuen matxismoak, arrazakeriak, LGTBIfobiak, kapazitismoak eta faxismoak ez dutela tokirik animalien askapenerako mugimenduan.

Kontzientzia pizteko

Beste batzuetan ere elkartu izan dira Euskal Herriko elkarteak animalien aurkako jokabide zehatzak salatzeko; zezenketak edo zirkuan egiten den animalien erabilera, esaterako. Baina batera egin duten lehen manifestazio antiespezista izan zen atzokoa. «Madrilen urtero egiten dute azaroko lehen asteburuan manifestazio antiespezista bat. Euskal Herrian antzeko zerbait egin nahi genuen, gure herriko mugimendua erakustera emateko, eta gure arteko indarrak batu eta elkarri babesa emateko», azaldu zuen Gasteizko Bezala elkarteko Ainara Martinezek. Itxaropentsu baina tentuz agertu zen: «Euskal gizarteak aparteko kontzientzia politikoa du. Horrek erraztu egiten du bidegabekerien alde politikoa ikustea. Baina, era berean, animalien eskubideen aldeko borroka oraindik bigarren edo hirugarren mailakotzat dute askok».

Hori aldatzea dute orain erronka, «animalien sufrimenduaren inguruko kontzientzia sortzea». Manifestazioaz gain, goizean pintxo pote beganoa egin zuten Zazpikaleetan. Bilboko Animalistak elkarteak eta Piztiak konpartsak antolatzen dute urtero, azaroaren 1ean, Beganismoaren Mundu Egunean. «Beganismoa zer den azaldu nahi dugu. Bilbon gero eta kontzientzia handiagoa dago; eta urtero jende gehiago animatzen da parte hartzera», azaldu zuen elkarteko kide Alba Mendozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.