Eutanasiaren legea

Onespena jaso du eutanasiak

Espainiako Kongresuan bozkatu dute eutanasiaren legea, eta 199 diputatuk babestu dute. Taldeek egun «historikoa» izan daitekeela azaldu dute. PPk eta Voxek zaintza aringarriak izan dituzte oinarri

Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena onartu berritan PSOEko diputatuak txaloka, atzo, Espainiako Kongresuan. KIKO HUESCA / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena onartu zuten atzo Espainiako Kongresuan. Gehiengo absolutua —176 boto— behar zuen legeak aurrera egiteko, eta, hain zuzen, 199 diputaturen botoak lortu zituen. Kontrako botoak 138 izan ziren, eta bi abstenitu egin ziren. Senatuan onartzea izango da hurrengo urratsa. Horrela izanez gero, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko litzateke martxan legea. Eutanasiak, beraz, lehen onespena jaso du. Hori dela eta, ia alderdi guztiek jo zuten «historikotzat» atzoko eguna, eutanasia baimentzea giza eskubideen defentsan pauso bat gehiago ematea dela nabarmenduta. Zaintza aringarriak ezinbestekoak direla esan zuten, baina zenbait pairamendu egoeretarako ez direla aski.

Irakurri hemenEutanasiaren legearen gakoak.

Legealdi zenbaitetan saiatu dira eutanasiaren legeari forma ematen, baina ahalegin hainbatek ez zuten emaitzarik izan. PSOEk aurkeztu zuen lege proposamen hau aurrena 2018an, eta, azkenean, alderdi guztiek hobetsi dute, PPk, Voxek eta Navarra Sumak izan ezik. Atzo eginiko osoko bilkuran ere beraiek izan ziren legearen aurka gogorren jardun zuten taldeak, une zenbaitetan tentsioa sortuz. Hilabeteotan egitasmoari zuzenketak egiten aritu dira talde batzuk, eta legearen behin betiko proposamenari forma eman diote.

Lortutako kontsentsua txalotu zuen talde sozialistak. «Gaur, egun garrantzitsua da senideen mina frustrazio handiarekin jasan zuten familientzat», azaldu zuen Maria Luisa Carcedo PSOEko diputatuak. Haren arabera, gizakiengan pentsatzen duen legea da; bizitzaz gain, gaixotasunak, sufrimendua eta heriotza ere badaudela gaineratu zuen. «Ezin da bizitza luzatzera behartu». Are, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa ere osoko bilkuran egon zen, eta aitortu zuen giza eskubide bat gehiago aitortzeaz gain, egun inportantea izan zela gizarte «gizatiarrago eta justuago bat» lortzeko bidean. Unidas Podemosen arabera ere txalotzekoa da eskubide bat gehiago erdiestea, eta uste du bide horretan herritarrek eginiko lana «funtsezkoa» izan dela.

Joseba Agirretxea EAJko diputatuak bere mintzaldian adierazi zuen hausnarketa sakon bat egin ondoren eutanasia «moralki» onargarritzat jotzen duela alderdiak, betiere baldintza batzuetan eta segurtasuna bermatzen bada. «Uste dugu eutanasia zigorgabetu egin beharko litzatekeela, legearen testuinguru batean». Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak, berriz, azpimarratu zuen «premiazko betebehar sozial bat» dela lege proiektu hau onartzea, eta orain dela urte asko egin behar zela. Egitasmoak hutsune batzuk dituela aitortu arren, erantsi zuen ez direla oztopo bat legea babesteko, eta gainera, herritarren gehiengoak ere eutanasiaren alde egiten duela.

Irakurri hemen«Poz handiz jaso dugu berria, eta uste dugu aurrerapauso bat dela»

Zaintza aringarrien eta eutanasiaren arteko ezberdintasunak ere nagusi izan ziren eztabaidan. Izan ere, eskuineko eta eskuin muturreko indarrek zaintza aringarrietan oinarritutako lege baten alde egiteko nahia dute. PPren arabera, proposamen hau «legez kanpokoa, desegokia eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» da. Horregatik, adierazi dute beste aukera bat badagoela: «Kalitatezkoak eta bikainak izango diren zaintza aringarriak defendatzen ditugu, eta horien unibertsalizatzea». Voxek esan zuen eutanasiaren legearekin «pertsona ahulenen heriotza sententzia» sinatzen dela, eta «Espainia heriotzaren paradisua» dela. Hala ere, gainontzeko taldeek erantzun zieten zaintza aringarriak, batzuetan, ez direla aski pazienteen minak sendatzeko.

Egindako lanari, eskerrak

Legearen alde egin duten taldeek eskerrak eman zizkieten eutanasia legeztatzeko haien kasuak ikusarazi dituztenei. Danel Lorente Maribel Tellaetxeren semea da, eta PPk eta Voxek izandako jarrera salatu zuen: uste du zainketa aringarriak eta eutanasia «guztiz bateragarriak» direla, baina erantsi zuen ezen, zaintza aringarriek mina arindu arren, giza sufrimendua ez dagoela soilik min fisikoaren menpe. Hain zuzen, haren amak hamabi urtez izan zuen alzheimerra, eta aurrez idatzita utzi zuen erabateko ahanztura iritsi aurretik bizitzeari utzi nahi ziola. «Une jakin batean joatea erabaki nahi izatea, hautu propio bat da; soilik norberak, eta ez beste inork, gobernatu beharko luke halako erabaki batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.