'Soilik baietz da baietz' legea. Erreforma

Onespena «antzerkitzat» daukatenekin aritzea egotzi dio Monterok PSOEri

PSOEk PPren babesarekin onartu du 'soilik baietz da baietz' legearen erreforma, Berdintasun Ministerioaren iritziaren aurka. Aldeko 233 boto izan ditu aldaketak, aurkako 59, eta lau abstentzio

Irene Montero Berdintasun ministroa eta Ione Belarra Eskubide Sozialen ministroa, Espainiako Kongresuan, atzo goizean. ZIPI ARAGON / EFE.
jone arruabarrena
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
PSOEk soilik baietz da baietz legeari otsailean aurkeztutako erreforma proposamenak aurrera egin du, PPren babesarekin eta Unidas Podemosen esku dagoen Berdintasun Ministerioaren oniritzirik gabe. Hala, sexu erasoen kondena murrizketak saihesteko, zigor tarteak zabalduko eta igoko dituzte, erasoetan bortizkeria edota larderia dagoen kasuetan. Atzo goizean izan zen erreforma eztabaidatzeko saioa Espainiako Kongresuan, eta Irene Montero Berdintasun ministroak esan zuen testu berriak «hainbat urteko atzerapauso bat» ekarriko duela «emakumeen eskubideetan», eta ez duela konponduko zigor murrizketen arazoa. Erreforma PPrekin lotu izana leporatu zion PSOEri: «Onespena antzerki bat dela esaten dutenekin ari zarete legea adosten». EAJk ere babestu du erreforma; EH Bilduk, aldiz, aurka egin du. Hain zuzen, aldeko 233 boto izan ditu lege aldaketak, aurkako 59, eta lau abstentzio.

Ikusi gehiago:Aurora Iturrioz: «Alarma soziala baliatu dute eztabaida zigorretan zentratzeko»

Monterok azaldu duenez, Berdintasun Ministerioa «azkenera arte» saiatu da PSOErekin negoziatzen: «Zigorrak handitzea nahi zenuten, eta egin genizuen azken proposamenean zigor horiek handitu genituen, zuek proposatzen zenuten baino gehiago, gainera. Hala ere, ez zenuten onartu».

PSOEko Andrea Fernandez diputatuak, berriz, Kongresuan adierazi du PPrekin adostu arren «sentsazio gazi-gozoa» geratu zaiola: «PPko diputatuek lan handia egin dute erreforma hau adosteko, baina, bestalde, Alderdi Popularrak hilabeteak daramatza indarkeria sexualetik etekina atera nahian». Besteak beste, esan du eztabaida «polarizatzeko», «kanpaina morbosoak» egin dituela, eta «beldurra zabaltzea» izan duela helburu. Hala ere, PPrekin erreforma adostu du PSOEk, baina, aurreko egunetan bezala, Fernandezek adierazi du soilik «zuzenketa teknikoak» adostu dituztela.

«Guztiz erratu duzue erreforma honekin», esan die Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak. Unidas Podemosek egin bezala, eskuinarekin adostea egotzi dio PSOEri: «Nola liteke egokiagoa izatea emakumeak babesteko erreforma bat PPrekin adostea, koalizio feministekin adostu beharrean?». Iruñeko sanferminetan 2016an izandako talde bortxaketa ere ekarri du gogora: «Orduko hartan, emakumeok esan genuen nahikoa zela; kalera atera ginen. Eta borroka horren fruitua da lege hau, orain erreformarekin bertan behera utzi duzuena». PSOEk ezkerreko alderdiekin negoziatzeari eman dion «ezezko borobila» ere salatu du: «Bazekielako PPren babesa izango zuela».

«Lege on bat»

EAJk ere babestu du erreforma. Mikel Legarda diputatuak azaldu du ez dituela «zalantzan» jartzen legearen alde onak: «Biktimen babesari dagokionez, ekarpen handia egin du, baina denbora behar du bere ibilbidea egiteko». Hala ere, zuzenketa beharrezkotzat jo du: «Legearen alde onak mantendu ditugu, eta, aldi berean, zeukan akatsa zuzendu».

Bide beretik, Fernandez PSOEko diputatuak adierazi du «lege on bat» dela Sexu Askatasunaren Berme Osoaren Lege Organikoa, eta jada «eragin positiboak» izaten ari dela. Besteak beste, aipatu ditu legearen bidez martxan jarri diren indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko zentroak. Monterori ere mintzatu zaio: «Berdintasunerako bidean beti aurkituko gaituzue hor». Hala ere, gehitu du zigor murrizketen arazoa «zuzendu beharra» zegoela, eta legeak «aurrera» jarrai dezan «beharrezkoa denarekin» hitz egingo dutela. Onespenari dagokionez, esan du legean ageri den definizioan ez dutela «ezertxo ere» aldatu.

Izan ere, onespenaren kontzeptua izan da legearen erreforman gehien eztabaidatu diren auzietariko bat. Berdintasun Ministerioaren arabera, indarkeria eta larderia delitu azpimota batean sartzeak zentralitatea kentzen dio onespenari, eta, gainera, «aurreko legedira» itzultzea dakar.

Tentsioa gobernuan

Espainiako Gobernuaren barruko tentsioak azaleratu ditu erreformak, eta hausturaren mamua ez da oharkabean pasatu. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak ere izan du ahotan hori. Esan duenez, «oso larria» da ministro batzuek erreformaren alde eta beste batzuek aurka bozkatu izana, eta «are larriagoa» presidenteordeen artean ere desadostasunak egotea. Ondorioztatu du «gobernuaren haustura» agerian uzten dutela desadostasun horiek.

Berri agentziei egindako adierazpenetan, ordea, PSOEko iturriek esan dute ez dutela ikusten gobernua apurtzeko arriskurik. Hala ere, onartu dute «minduta» daudela Montero Berdintasun ministroak kongresuan egindako adierazpenekin. Besteak beste, gaitzetsi dute Monterok erreforma «atzerapauso» gisa aurkeztu izana, eta garrantzia kendu diote Alderdi Popularrarekin izandako elkarlanari. Berdintasun ministroak nabarmendu du ezen soilik baietz da baietz legearen aurkako «ofentsiba», aldi berean, «gobernuaren eta Pedro Sanchez presidentearen aurkakoa» ere izan dela.

«Atzerapausoa da»

Euskal Herrian ere izan da legearen aurkako erreakziorik. ELAk, ohar baten bidez, adierazi du erreforma «atzerapauso bat» dela, emakumeen gain jartzen duelako «zama»: «Frogatu beharko dute indarkeria maila jakin bat jasan dutela erasoa astungarri jakin batzuekin kalifikatzeko, eta, beraz, zigor handiagoak ezartzeko erasotzaileei». Horrez gain, adierazi du PSOEren proposamenak ez dituela zuzenduko jada gertatutako zigor murrizketak edo kartzelatik ateratzeak, «nahiz eta hori izan legea aldatzeko erabilitako arrazoia». Erantsi du «punitibismoa» ez dela indarkeria matxista bukatzeko konponbidea.

Donostian eta Bilbon ere protestak egin zituzten feministek herenegun iluntzean erreformaren aurka, justizia jauregien aurrean. Tartean izan ziren asteon lege erreformaren aurka argitaratutako manifestuaren hainbat sustatzaile eta sinatzaile. 3.500 aditu eta talde feministak baino gehiagok izenpetu dute, eskatzeko onespena legearen «erdigunean» uzteko. Adierazi dute PSOEren aldaketa ez dela izango «eraginkorra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.