Ondorioztatu dute Bilbon bikotekidea hil zuen gizona ezin dutela epaitu, «buruko gaitz bat duelako»

Gizonak iazko irailean hil zuen Yanely Gonzales. Auzitegi medikuaren txostenaren arabera, «errealitatearekiko kontaktua erabat galdu» zuen egun horretan.

Yanely Gonzalesen hilketa salatzeko elkarretaratzea, iazko irailean, Bilboko udaletxearen aurrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES  / FOKU
Yanely Gonzalesen hilketa salatzeko elkarretaratzea, iazko irailean, Bilboko udaletxearen aurrean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko urtarrilaren 24a
11:35
Entzun

Iazko irailean hil zuen bikotekideak Yanely Gonzales, Bilboko Santutxu auzoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak orduan jakinarazi zuenez, gizonak arazo psikiatrikoak zituen, eta erietxera eraman zuten. El Correo-k gaur jakinarazi duenez, auzi judizialari aurkeztutako txosten forentsean adierazi dute gizonak «krisi psikotiko oso handia» zuela hilketaren egunean, eta «errealitatearekiko kontaktua erabat galdu» zuela. «Buruko gaitz bat» duenez, ondorioztatu dute ezin dela epaitua izan, ez zelako bere ekintzen erantzule.

Hilketaren egunean, bizilagunek deitu zuten larrialdi zerbitzuetara, etxean entzuten ziren oihuek ohartarazita. Arma zuriz zaurituta aurkitu zuten andrea zerbitzuotako langileek. Zauri horien eraginez hil zen, hor bertan, 31 urte zituela. Ertzainak eta Bilboko udaltzainak iritsi zirenean, gizona etxean zegoen, eta atxilotu egin zuten. Bilboko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko 1. epaitegia ari da auzia bideratzen.

Txostenean jaso dutenez, gizonak aurrekariak zituen antzeko gertakariengatik. 2010ean, nahasmendu psikotikoa diagnostikatu zioten, drogak kontsumitzeagatik. 2018tik hilketaren aurreko egunera arte, ordea, ez zitzaion berriz azaleratu gaitza. Arratsalde horretan, gizona Basurtuko ospitaleko psikiatriako larrialdietara joan zen, «entzumen haluzinazioak» zituelako. «Desoreka psikotikoa» diagnostikatu zioten, baina alta medikoa eman zioten egunean bertan, baita tratamendu anbulatorioa ere.

Bikotekidea hil eta gero, Basurtuko psikiatria unitatera eraman zuten. Hilabete egon zen bertan, Basauriko espetxera eraman zuten arte. Espetxeratuta dago orain, behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.