Udako unibertsitateak egiten ari da egunotan EH Bai mugimendua, Makean (Lapurdi): ikasturte barneko «zurrunbilotik» kanpo, erronka politikoez lasai eta sakonki eztabaidatzeko parada ematen dieten egunak. Anita Lopepe (1976, Uharte Garazi) EH Baiko bozeramaileak BERRIArekin mintzatzeko tarte bat hartu du unibertsitateak bukatzear zirela. Pozik agertu da hiru egunek emandako edukiarekin, nahiz aitortu duen jende gehiago espero zutela. Haren hitzetan, EH Bairen oinarriak «barnatzeko» aukera eman dute eztabaidek.
Ezin hasi Frantziako Barne ministroaren etorrera aipatu gabe. Udako unibertsitateen erdian harrapatu zaituztete... Gutun bat emateko baliatu duzue.
Markatu nahi izan dugu ministroaren etorrera testuinguru politikoan, gertakari inportanteak izan baitira azken urte honetan. Parisko konferentzia baino bi hilabete geroago etorri da, horri buruz hitz egiteko batere asmorik gabe. Eta etorri da instituzio egituratzearen inguruan irekiko den sekuentzia inportante bat baino aste batzuk lehenago, hortaz zeharka baizik hitz egiteko asmoarekin. Damugarria da hemengo biztanleen behar eta kezken inguruan hitzik ez egitea, eta nahi izan dugu interpelatu, gutun bidez baldin bada ere.
Instituzioa aipatu duzu, eta hain justu, Euskal Bidea izan zenuten ostiral goizean eztabaidagai. Zertan da Ipar Euskal Herria?
Euskal Bideak planteatzen dituen moldeak eta norabideak, maila batean, martxan dira Ipar Euskal Herrian ere bai. Bai gatazkaren konponbidean, bai instituzio prozesuan, azken urteetan kontsentsuzko posizioak eraiki eta horiek aitzinarazten ari gara. Gogoetatu dugu ondoko urratsak zein izan beharko diren ere, zeren eta ondoko hilabeteetan sekuentzia bat itxiko baita, onera edo txarrera. Onera ixten bada, 2017tik goiti Ipar Euskal Herriak gutxieneko egitura instituzional bat izanen du. Lehen urrats inportante bat da, eta ondotik bertze egin molde bat beharko da planteatu. Lortzen ez balitz, gogoetatu beharko genuke: «Eta orain, zer?». Oraindanik aurreikusi behar dugu ondoko sekuentzian nola kokatuko garen. Hori da Euskal Bidearen zehaztapena Ipar Euskal Herrian.
Zein litzateke hurrengo urratsa?
Hori da gogoetatu beharko dena. Udako unibertsitateak ez dira erabakiak hartzeko, lerro larrienak marrazteko baizik. Erran nahi dudana da instituzioa baldin badugu jarduera politikoa aldatuko dela. Zeren eta lan eginen baitugu egitura horri begira. Inportantea litzateke, guk jada eskala horretan lan egiten baitugu.
Euskal estatua lortzeko bidean hiru denbora proposatzen dituzue. Ipar Euskal Herria gibelean gelditzeko aukerarik ez legoke?
Preseski, saioan aipatu genuen hori a priori bat dela. Azken hilabeteetan aitzinamendu handienak ez dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egin, non pentsa daitekeen gauzak beti aitzinatuagodirela. Aldaketak izan dira Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Ahantzi behar ez dena da norabide bakarrerantz goazela, eta Euskal Bide bat dagoela, ez euskal bide batzuk. Berrikuntza handia izan da asumitzea euskal estatu baten eraikitzera joatea ez dela bateraezina erratearekin hiru lurralde errealitate ezberdinetatik abiatzen garela eta horiek errespetatu behar direla.
Hirialde elkargoa lortuko dela uste duzue?
Pentsatzen dugu aukera errealak badirela, baina beharko da lanketa bat. Ondoko hiruzpalau hilabeteetan memento gako bat jokatuko da, herrietako kontseiluek eman beharko baitute iritzi bat. Jendarteratze kanpainak eginen ditu Batera-k, eta guri ere iruditzen zaigu horretan behar ditugula indarrak ezarri. Jendea ohartzen baldin bada zer jokatzen den eta zein interes duten herritarrek, sortuko dugu aldeko olatu hori.
EH Baik indarra hartu du azken hauteskundeetan. Zein erronka ditu orain?
Hauteskunde emaitzek indarra ematen digute, baina erantzukizun handia ere bai: diskurtsiboki defenditu ditugun gauzak ekintza zehatzen bidez egiten ahal direla frogatu behar dugu.
Eta egiten ari zarete?
Egiten zen jadanik gai batzuen inguruan, egiten ari gara, eta badira bertze gai batzuk orain arte anitzen iritziz landu ez ditugunak: adibidez, borroka sozialak. Pentsatu dugu lantalde berezitu bat martxan jartzea hortaz. Bestalde, mugimendu parte hartzaile bat nahi dugunez osatu, egin moldeen inguruan galdegiten digu gogoeta. Ez dugu alderdi tradizional gisa ikusten EH Bai. Horri buruz ere lantalde bat sortuko dugu aztertzeko zein praktika alternatibo izan daitezkeen.
Eredu sozioekonomikoaz ere eztabaidatu duzue. Zein da zuen proposamena?
Ezkerreko mugimendu guziek topo egiten dugu zailtasun berarekin: lanaren eta aberastasunen banaketa aldarrikatzen ahal dituzu, baina maila lokalean, eta instituziorik gabe, nola gauzatu neurri zehatzak? Badugu lan handia egiteko, alde batetik, borroka ideologikoan. Ekonomiaren irakurketa bakar hori ulertu behar dugu, gero aterabideak pentsatzeko. Eta, zehatzago: autoeraketa eta ekonomia birlokalizatu.
Ikea ireki berri dute Baionan, eta EH Baiko hautetsi batek ahalbidetu du. Zer diozu horri buruz?
EH Bai Ikearen ereduaren aurka da. Baina tokiko hautetsiek hartzen dituzte tokiko erabakiak. Mugimendu izatearen ahulezia da: kontraerranak sortzen ditu, baina asumitu behar ditugu, eta eztabaidatu. Bestela, antolaketa moldeari uko eginen genioke. Denborarekin konponduko dugula pentsatzen dut: lortzen dugunean EH Bairekin identifikatzen diren hautetsiekin sarea osatzea, horrelakoek ez lukete gertatu beharko. Sobera bertikalak izan baino, nahiago dugu asumitu gauzak beren erritmoan egiten direla, bermatzeko egitura hori epe luzekoa izanen dela.
Badirudi gatazkaren konponbidea ez dela aitzinatzen... Horri buruz ere izan duzue eztabaida.
Urte aberatsa izan da, positiboki eta negatiboki. Parisko konferentzia sekulako urratsa izan zen, baina bestalde, izan dira polizia operazioak, baldintzapeko askatasunen ukoak... Aztertu nahi dugu zergatik gauden blokeatze egoeran, eta nola atera gaitezkeen. Abertzaleen kohesioa ere indartu nahi dugu. Parisko konferentzian erran zuen Sinn Feineko hautetsi batek: «Zaila da etsaiarekin negoziatzea, baina batzuetan oraino zailagoa da etxekoekin». Prozesuaren memento honetan garrantzitsua da kohesioa: abertzaleok ditugu interes handienak, baita galtzeko gauza gehien ere. EH Bairen lana da kohesio hori mantentzea, eta zer gertatzen den ulertzea, hobeki eragiteko.
Anita Lopepe. EH Baiko bozeramailea
«Ondoko hilabeteetan sekuentzia bat itxiko da Ipar Euskal Herrian»
Euskal Bideaz, hirialde elkargoaz eta mugimenduaren egitekoez eztabaidatzeko baliatu ditu udako unibertsitateak EH Baik. Instituzioa lortzea urrats garrantzitsua litzateke, Lopepe bozeramailearen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu