Heriotza. Kattalin Ansorena. Hizlaria hileta intimoetan

«Ondo legoke udalek hileta zerbitzua eskaintzea: ezkontzak ere egiten dira»

Azken urteotan nabarmen ugaritu dira familiek diseinatutako hiletak. Beilatokien eta enpresa pribatuen zerbitzuak dituzte horretarako eskura; hizlariek senideekin adosten dute zeremoniaren edukia.

Samara Velte.
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian hileta pertsonalizatuak egiten dituzten enpresetako bat da Donostiako Polloe Memora; zerbitzuak eskaintzen hasi zenean, 200 edo 300 egiten ziren urtean. Gaur egun, «boskoiztu edo seikoiztu» egin da kopurua, enpresaren hitzetan. Zeremonia bat 100 eta 300 euro artean kosta daiteke, kontratatzen diren musikari eta errezitatzaileen arabera. Kattalin Ansorena (Donostia, 1986) hizlari aritu izan da horietako askotan. «Lehen, ia egunero egiten nuen bat», ekarri du gogora; orain, irakasle lanetan dabilenetik, noizbehinka eta modu berezian baino ez ditu egiten.

Nolakoa da hileta zibil bat?

Guk egiten ditugunak zeremonia intimoak dira, hildakoa tanatoriotik eramatean agurtzeko. Ez dituzte bestelako hiletak ordezkatzen. Zibilak edo erlijiosoak izan daitezke, familiak eskatzen duenaren arabera. Motzak izaten dira, 10 edo 15 minutukoak, eta normalean pare bat musikari ere egoten dira; biolina eta pianoa, edo bi biolin, senideek nahi dutenaren arabera. Hasteko, poema edo otoitzen bat aukeratu eta errezitatu ohi dugu; haiek nahi dutena, edo, bestela, heriotzarekin edo agurrarekin lotutako bat. Ezaugarri nagusia hori da: intimitatean egiten dela, etxekoekin, edo pixka bat urrunagokoekin, gehien jota.

Zer nahi izaten dute halako hiletak kontratatzen dituztenek?

Askapen momentu bat nahi izaten dute; elkarren babesa sentitu, eta onartu pertsona hori hil egin dela. Negar asko egin ohi da, eta hori askatzeko modu bat da agurra. Batzuek ez dute sinesten beste zeremonietan, edo gogaitu egiten dira elizkizunetan; azken batean, hiletetan jende asko egoten da, eta beharbada ez daukazu gogorik une horietan hainbeste jenderekin egoteko: nahiago duzu hurbilekoekin egon. Tradizioak aldatuz doaz; orain arte, ohitura eduki dugu gauzak oso luze egiteko, buelta asko emanda. Beharbada aski dugu gutxiagorekin; hamabost minutu isiltasunean, gure baitara bilduta. Baina beste askok biak egiten dituzte, agurtxo hori eta hileta.

Nolako espazioetan egin izan dituzu zeremoniak? Zenbait udal hasiak dira areto publikoak xede horretarako uzten.

Nik krematorioan edo beilatokian egin izan ditut; batzuk egiten dira hilerrian edo familiak eskatutako lekuren batean ere. Ondo legoke udalek ere zerbitzu hori eskaintzea; azken batean, ezkontzak ere egiten dira bertan, eta denok hilko gara. Eskubide bat izan behar luke.

Sarri entzuten den kexua da apaizen hitzaldiek ez dutela aintzat hartzen hildakoaren bizitza, oso inpertsonalak direla. Hileta zibiletan, hizlaria kanpotik kontratatua bada, arrisku berbera dago. Nola saihesten duzu zuk?

Nik apaizekin bizi izan dudana ez da horrelakoa, baina denetarik izango da, noski. Guk familiak nahi duena egiten dugu. Egokiena litzateke gertukoa den norbaitekin aldez aurretik elkartzea, baina ez dena zuzeneko senidea, eta hark hildakoaren ezaugarri batzuen berri ematea: zein abesti entzuten zuen, zer gustatzen zitzaion, izengoitirik ba ote zeukan... horrek graziatxoren bat egiteko aukera ere ematen dizu hitzaldian. Nik uste dut oraindik ez gaudela oso prest heriotzari naturaltasunez aurre egiteko; badakit erraza dela esatea, baina askotan jendeak ez du ezer jakin nahi [zeremoniaz]. Kasu horietan, gauza orokorrago bat egiten dugu. Batzuetan asmatzen dugu, eta besteetan ez. Normalean, familiari abesti batzuk ematen zaizkio aukeran, eta musikariek jo egiten dituzte zeremonian. Noiz edo noiz ere gertatu izan zait familiak zuzenean esatea zer nahi duen: poema jakin bat, adibidez, hildakoa marinela zelako eta itsasoarekin lotura zeukalako; gero abesti bat, eta gero hitz jakin batzuk. Batzuetan apaiza ere etorri izan da.

Iñaki Olaizola antropologoaren arabera, lehen heriotza askoz gauza dramatikoagoa zen, erlijioak beldur handia eragiten zielako askori. Hori gaur egun aldatu egin omen da, jendeak minik gabe hil nahi duelako. Agurrak ere arindu dira erlijioaren pisua txikitzearekin batera?

Nire ustez, kristau erlijioek itxaropena dute mamian, ez beldurra. Baina izan dira Elizan eta handik kanpo ere beldurraren mamua astindu dutenak. Hori baino gehiago, nik uste dut fenomeno orokorra dela. Zeremonia erlijiosoak egiten ditugunean ere, lehen baino baikorragoak dira; azken batean, erlijioa ere gaurkotuz doa, eta heriotza jada ez da beti gauza txar baten moduan hartzen. Aurrera egin behar dela ulertzen da. Ezagun bati zeremonia ikusgarria egin zioten, elkartean, bideoekin... Hura, nola esan, ospatzea zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.