Ondarroan ehunka lagun 'zubi harresia' osatzeko prest

Manifestazio jendetsua egin dute eguerdian Gernikako Akordioko sinatzaileek deituta, atxiloketen kontra eta konponbidearen aldeEspetxera «herri babesaren argazkiarekin» joango dela esan du Urtza Alkortak

Urtza Alkortza, atzo eguerdian Ondarroan egin zuten elkarretaratzean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Ondarroa
2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ehunka. Horixe izan zen atzo Ondarroako Askegunean ahoz aho zebilen hitza. Ehunka izan ziren ekinbidearekin bat egin zutenak. Ehunka aldarri entzun ziren. Eta ehunka lagunek parte hartu zuten manifestazio isilean. Erne eta adi, Ertzaintza noiz agertuko zain, herritarrek Askeguneari eusten jarraitzen dute. Urtza Alkortaren atxiloketa saihesteko herri harresia osatzeko Ondarroan antolatutako Askeguneak bigarren eguna bete zuen atzo. ETAri laguntzea egotzita, bost urteko zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak Alkortari, eta hura atxilotzeko agindua du Ertzaintzak.

Gaua «lasai eta patxadaz» igaro zutela esan zuten goizean komunikazio guneko arduradunek. Baina eguna argitzeaz batera, Askeguneak herenegun eduki zuen bizitasun bera berreskuratu zuen. Hitzaldiekin eta antolakuntzarako deialdiekin esnatu ziren gaua bertan pasatu zuten 80 herritarrak.

Goizeko lasaitasuna, aldiz, une batetik bestera galdu zen. 12:30ean, zehatz esateko, lehenengo alarma piztu zen: Ondarroako ertzain etxean mugimendua nabari zen. Albisteak Aske Guneko egoera aldaraziko zuela zirudien. Hotzean pentsatu eta hurrengo minutuetan edozer pasatzen zela ere, modu baketsuan eta hasiera-hasieratik planteatutako filosofiari eusteko mezua jaso zuten bozgorailuetatik.

Esan eta egin. Lasai, aztoratu gabe, Urtza Alkortaren inguruan batu ziren herritarrak. Alkorta, atxilotu aurreko azken minutuak bizitzen ari zela pentsatuz, lagunen eta senideen azken mezuak jaso eta indarrez kokatu zen herri harresiaren erdian.

Ertzainak han eta hemen ageri ziren. Airetik zein lurretik, dena kontrolpean zutela zirudien. Egoera horretan, herritarrek, Alkortak zuen tinkotasun berarekin, bozgorailuetatik azken azalpenak eta oharrak entzun zituzten. «Planteamendua zein den badakigu: Ertzaintza agertzen denean, denok hondartzako zubira joango gara, Urtza Alkorta erdian jarriko da etazubi harresia eraikiko dugu denon artean».

13:00etan, iragarrita zegoen orduan, manifestazio isila hasi zen, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek deituta. Ertzaintza une batetik bestera agertuko zela bazirudien ere, egitarauak bere horretan jarraitu zuen.

«Isila, jendetsua eta, denaren gainetik, baketsua». Horrelaxe definitu zuten manifestazioan parte hartu zuten herritarrek ekintza. Alamedatik abiatuta, Konponbiderako garaia da, atxiloketa gehiagorik ez lelopean, ehunka herritarrek ia alde zaharrerainoko bidea egin zuten.

Gero, Alkortak hartu zuen hitza. «Gau bat pasatu dugu, eta Askeguneak aurrera jarraitzen du. Gaur kartzelatzen banaute ere, argazki hau buruan dudala joango naiz barrura, herri babesaren argazkiarekin, alegia».

Ertzaintzak bete egingo du Urtza Alkorta atxilotzeko agindua, eta Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasunerako sailburuak atzo esan zuenez, «operatiboki une egokia» zein den pentsatzen ari dira Ondarroako Askegunera joan, zubi harresia gainditu eta Alkorta atxilotzeko.

Ertzaintza polizia judiziala ere badenez, haren egitekoa da Alkorta atxilotzea, Beltran de Herediaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.